Urteko 32. igandea C 2019-11-10
HOMLIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioan bi protagonista ditugu: saduzearrek eta Jesus.

Saduzearrak ziren talderik kontserbadoreena Jesusen garaiko judaismoan. Jainkoak agertutakotzat zeuzkaten Biblia liburu batzuek; Moises hartzen zuten liburu haien idazletzat. Bibliako liburu batzuk bakarrik onartzen zituzten, beraz.

Bidenabar esan dezadan, Akademia espanolak aldatu egin du Bibliaren definizioa: Itun Zaharra juduen eta kristauen liburua; Itun Berria kristauen liburua. Ez dakit oso zuzena den. Musulmanek ere neurritxo batean aintzat hartzen dute Biblia.

Baina esateko zen, saduzearrek onartzen zituzten liburuak Itun Zaharreko batzuk zirela, bakarrik. Profeten liburuak, liburu apokaliptikoak: Jainkoaren Erreinuari zegozkionak, historiaren aldaketako eskakizunei zegozkienak, heriotza ondoko bizitzari zegozkionak… ez zituzten aintzat hartzen: saduzearrentzat ez dago heriotza ondoko bizitzarik; kontuan hartzeko bizitza bakarra oraingo hau da soilik. Eta, egia esateko, oraingo bizitza honetan jende pribilegiatua zen saduzearrena. Talde horretakoak ziren apaiz-familia nagusienak, «zaharrak», hau da, familia aristokratikoak; beren lege-maisuak zituzten, nahiz eta ez ziren ospetsuenak, baina pentsaera erlijiosoan zuzen zebiltzala esateko balio zieten. Aberats eta boteretsu ziren: uste zuten horixe zutela Jainkoaren pribilegiatu zirela pentsatzeko arrazoia.

Halako batean, ordea, Jesusekin egin zuten topo. Hobeto esan, Jesusekin egin zuten estropezu. Berek eman zioten bide Jesusi. Galdetu zioten behin batean Jesusi: Moisesek dio legean, gizonezko ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bada, beste anaia batek ezkondu behar duela alargunarekin. Ba, horixe egin zuten familia bateko zazpi anaiek: bata bestearen ondoren emakume bat berarekin ezkondu ziren. Eta azkenean, esan zioten Jesusi, zuek aipatzen duzuen heriotza ondoko bizitza horretan, zazpi anaia horietako zeinen emazte izango da emakume hori?

Eta Jesusek erantzun bikoitza eman zien. Batetik, oraingo bizitza eta heriotza ondoko bizitza ez dira izango izaera berekoak. Bestetik, zuek Jainkoak errebelatutako liburutzat ematen dituzuen liburu horietan esaten da Jainkoa, Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa dela; alegia, hiru horiek hil baziren ere, bizi direla. Jainkoa ez da hildakoen Jainko, baizik bizi direnen Jainkoa.

Saduzearrak mutu gelditu ziren. Eta, behingoz, saduzearren arerio ziren fariseuak Jesusen alde atera ziren: piztueraz erantzun bipila eta erabatekoa eman zielako.

Senideok, irakurri berria dut nonbait. Gaur egungo politikoei jakintza-maila oso eskasa nabari bazaie, ez ote da entzuten dietenak zoro direlako? Edozer gauza sinesten dutelako? Ez ote dira Jesusen garaiko saduzearren pareko: dirua eta boterea dutelako, politiko horiei amen eta amen esaten dieten jende zoro?

Politikoena alde batera utzirik, zer eta zein iritzi ditugu saduzearrek aipatu duten arazoaz. Heriotza ondoko bizitzaz? Jesusek eman dizkien bi erantzunak argigarri izan ditzakegu: batetik, oraingo bizitza hau eta heriotza ondokoa ez dira izaera berekoak; bestetik, Jainkoa bizi direnen Jainko da.

Oraingo bizitza eta gerokoa ez dira izaera berekoak. Ez al dugu hartzen arin samar piztueraren arazoa? Esaterako, Jesus hil ondoren piztu izana, nola hartzen dugu? Ebanjelioak, Jesus piztu dela adierazteko erabiltzen dituen hitzak nola hartzen ditugu?

Bestetik, heriotza ondoko bizitza nolako den ezin ulertu dugula-eta nola hartzen dugu Jesusen baietza: betiko bizitza izango dugula esaten diguna? Askotan esan ohi dugu dugu: Sinesten du, Jauna, sinesten dut, handitu zuk nire sinesmena. Bihotz-bihotzez abestu beharko genuke hori. Kontuz geroko bizitzaz zehatzegi hitz egingo digun jendearekin. Jesusek berak jakinaren gainean jarri gintuen: Hau eta bestea esaten dizuen jendearekin. Ireki diezaiogun bihotza Jesusen Espirituari.

Dionisio Amundarain