URTEKO 32. IGANDEA B (2018-11-11)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 32garren igandea ospatzen dugu gaur. Liturgi urtearen bukaerara iristen ari gara.
Ebanjelioak Jesusek bizi izan duen esperientzia bat dakarkigu, Jerusalemeko Tenpluaren inguruan, lurreko bere azken astean. Emakume alargun pobre bat ikusi du Tenpluko dirutegian bi txanpon botatzen, eskura duen guztia. Alargunaren keinu horretan bere zoriaren aurrekari bat ikusi du Jesusek: egun batzuk barru berari gertatuko zaionaren aurrekaria: bere bizia emango du Jesusek, gizon-emakume guztien salbaziorako. Emakumeak eskura duen guztia eman du. Jesusek bera den guztia eman du: bizia.
Lehen irakurgaian ere, emakume alargun bat ageri da. Eskura duen guztia eman dio Elias profetari, bere konfiantza guztia Jainkoagan ipiniz; kontuan izan behar da, gainera, emakume hori ez dela israelita, paganoa dela.
Bi alargun horien keinu hori etsenplu handia da guretzat. Agertu duten eskuzabaltasunagatik. Jainkoagan izan duten konfiantzagatik. Batez ere, Jesusek egingo duena aurrez sinbolizatu digutelako. Jesusek bere bizia eman du, gu esklabotza guztitik askatzeko. Zergatik ez ginateke izan behar gu, munduaren aurrean, askapenaren seinale eta zeinu? Bi alargun horien etsenplua imitatuz? Batez ere, Jesusen etsenplu bikaina imitatuz?

LEHEN IRAKURGAIA Erregeen lehen liburutik (17,10-16)

Elias profeta Itun Zaharreko pertsonaia famatuenetako bat da. Kristo aurreko zortzi ehun eta berrogeita hamargarren (850) urte inguruan bizi izan zen. Akab erregearen eta Jezabel erreginaren garaian. Erreginak Baal idoloa adoratzen zuen, eta gogor pertsegitu zituen Yahveren jarraitzaileak. Israel herriaren apostasia handia gertatu zen. Gaurko pasartean aipatzen den lehortea, lurraldearen egoera ekonomiko, sozial eta erlijioso txarraren sinboloa da.
Akab urte askotan izan zen errege. Eta gauza jakina da: eskuarki, pertsona bat urte askotan agintari izateak herriaren hondamendia ekarri ohi du. Horixe gertatu zen Akabekin. Herriaren egoera ekonomikoa guztia beharrekoa zen.
Hitz batean, tristea zen herriaren egoera erlijioso, ekonomikoa eta soziala.
Elias profeta Yahverekiko fedearen defendatzaile zorrotza izan zen. Azkenean, ihes egin beharra izan zuen. Erreginak hil egin nahi zuelako. Gaurko testuak iheslari aurkezten digu Elias, erbestean. Siriako Sareptako emakume alargun pobre pagano batek eskaini zion laguntza.
Mezua argia da: emakume pobre eta pagano batek onartu du Elias, eta Jainkoaren bedeinkazioa hartu du. Gaurko ebanjelioko emakumeak bezala, konfiantza handia du Jainkoagan.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (9,24-28)

Kristok gugatik eskaini du bere burua. Eta zeruan sartu da behin betiko. Itun Zaharrean behin eta berriz eskaini ohi ziren errituen kasuan ez bezala, Kristoren oparia bakarra da. Ezin errepikatu da. Ez da berriz hilko. Ez da berriz berpiztuko. Behin hil eta piztu zen, betiko.
Gure Mezan, ez da berriz hiltzen. Gurutzean gertatu zen opari bera da gure artean, era misteriotsuan, gertatzen dena. Gure Meza horretako oparian presente dago Jesus, gurutzean, bi lapurrekin. Presente dago Andre Maria. Presente dago Joan, ikasle maitea. Presente dago mundu osoa, Jesusen mugagabeko maitasunari maitasun-erantzuna ematera gonbidatua.

EBANJELIOA San Markosen liburutik (12,38-44)

Gaurko ebanjelio honek bi zati ditu.
Lehenengoan, lege-maisuekin kontuz ibiltzeko adierazi die Jesusek ikasleei. Lege-maisuek uste dute berek ezagutzen dutela Biblia, Legea, Yahve. Ustezko ezagutza honetaz baliatuz, pobreen diruaz jabetzen dira. Bibliaz, Liburu Santuez, Jainkoaz baliatzen dira jende xumeari lapurreta egiteko. Ezin jasan du Jesusek horrelakorik.
Bigarren zatia erabat kontrakoa da. Emakume alargun pobre batek Tenpluko dirutegira bi txanpon bota ditu. Eskura duen guztia. Jesusek ikusi du, eta harriturik gelditu da. Ikasleei deitu eta etsenplutzat eman die alarguna. Gainera, Jesusek berak laster egingo duenaren aurrekaritzat hartu du eskaintza hori: bere bizia emango du Jesusek gizadia askatzeko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Otoitz egiogun zeruko Aitari, gure eliza guztientzat: egunero sakonkiago konprometitu gaitezen Hitza eta ondasunak munduan pobreenak direnekin partekatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Otoitz egiogun zeruko Aitari, munduko ondasunak eta ekonomia kudeatzen edo administratzen dituzten guztientzat: beren egitasmo politiko eta ekonomikoetan, lehentasuna zuzentasunari eta parekotasunari eman diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Otoitz egiogun zeruko Aitari, legegileentzat: legeak egitean, gaur egun gertatzen diren ustelkeriei biderik ez emateko moduko legeria egin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Otoitz egiogun zeruko Aitari, gure talde ebanjelizatzaileentzat: geure artean eskuzabal jokatuz, mugitzen garen beste eremu batzuetan ere eragin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.