URTEKO 31. IGANDEA C 2019-11-03

SARRERA

Senideok, gai zoragarria dakarkigu gaurko ebanjelioak. «Gaur zure etxean bazkaldu nahi dut» esan dio Jesusek Zakeori. Zakeo bekataria zen, lapurra, erromatar inperio zapaltzailearen kolaboratzailea, herri osoaren ustez; halere, Zakeok ezer esan aurretik, Jesusek onbera begiratu dio. Jesus ez da arduratu eta kezkatu haren bekatuez; beste honi erreparatu dio bakar-bakarrik: Zakeo ere Abrahamen semea da. Aski izan du Jesusek Zakeo bere bila dabilela ikustea. Bila, bila eta bila dabil Zakeo.
Baina zergatik dabil bila Zakeo? San Agustinek argi esaten du: «Jauna, ni ez nintzen zure bila ibiliko, zu aurrez nire bila ibili ez bazina».
Bai, Jainkoak gutako bakoitzaren ardura du. Gure bila dabil. Izan gaitezen sentibera; bizi gaitezen adi eta erne, Jainkoa gure bila dabilela ikusteko. Sentibera, leial, ondradu, bizi, ez lotuegi mundu honetako gauzei. Espiritu Santua izan dezagula lagun.

LEHENENGO IRAKURGAIA Jakinduria izeneko liburutik (11,23−12,2)

Gizon-emakume guztien errukia duzu, Jauna, guztiak maite dituzu. Bai, Jainkoa leiala da. Berak kreatu ditu gizon-emakume guztiak. Ez zituen kreatuko, guztiak bere maitasunean biltzeko izan ez balitz. Maitasunez kreatu gaitu guztiok, eta maitasunez eusten digu bizirik. Bekatuan erortzen bagara ere, guztiok maitatzen jarraitzen du; ez da gu bezalakoa. Guk bera iraindurik ere, Jainkoak lehenean jarraitzen du: «Gizajo edo gajo hori, zatoz, zatoz, zatoz nire bihotz ondora». Guztioi eskaintzen diguzu aukera, bihotz-berritzeko eta zugan konfiantza izaten jarraitzeko, Jauna. Gorde ditzagun gogoan gaurko pasarte hitz hauek: «Zerbait edo norbait gorroto izan bazenu, ez zenuen kreatuko».

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako bigarren gutunetik (1,11─2,2)

Jesusen bigarren etorrera berehalako batean izango zelakoan bizi ziren tesalonikarrak. Uste horren kontra idatzi die Paulok. Uste faltsu hori zela eta, lan egiteari utzi zioten. Paulok burua ez galtzeko eskatu die.
Saia daitezela esan die Kristo berpiztuaren bidean sartzen. Azken batean, tesalonikarrak aintzatsu izatea da Pauloren gogoa. Kristoren aintzaz aintzatsu.
Senideok, horra Paulok guri ere opa digun erregalua: geure bizitza duintasunez bizitzea.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (19,1-10)

Lukasen ebanjelioari sarritan ematen zaio «errukiaren ebanjelio» izena. Izan ere, askotan aipatzen du Jesusen errukia. Gaurko ebanjelioan argi ageri da erruki hori. Jesus Jerikon sartu da. Jerusalemerako bidean azken etapa izango du hori. Jerusalemen agertuko du bere errukia modurik gorenean: han, gizon-emakume guztiengatik hilko da. Baina horren aurretik, beste behin agertu nahi izan du zertara etorri den mundura eta zertara doan Jerusalemera. Jerikon, Zakeo bekatari handiaren etxera joan da bazkaltzera. Jesusen bisita hori salbazio gertatu da Zakeorentzat: goitik behera aldatuko du bere biziera Zakeok: bere ondasunen erdia pobreei emango die; norbaiti bidegabeki zerbait kendu izan badio, lau halako itzuliko dio. Jesusen presentziak goitik behera aldarazi du gure gizona. Jesus, izan ere, galdurik zebilenaren bila etorri da, eta halako hori salbatzera.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: bizieraz aldatzera dei egiten digun Jesusi, kasu egiteko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gure herrian eta mundu osoan, zuzentasunaz ardura gehiago sor dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Torturatzaileen alde: jokabide horrekin beren giza duintasuna galtzen ari direla kontura daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Zuzenaren kontra aberastu direnen eta aberasten ari direnen alde: Zakeo bezala, Jesusen bidera bihur daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.