Urteko 31. igandea C 2019-11-03
HOMILIA

Anai-arrebok!

Zakeo zerga-biltzailea zen. Aberatsa. Herriaren begietan, lapurra eta Erromatar inperioaren kolaboratzailea.

Gizon horrengan ageri eta ikusten dena gauza bat da. Jendeak gauza bat ikusten du beragan. Baina bihotzean badu inork ikusten ez duen zerbait. Berak ere ez daki seguru zer den. Baina bihotzean har bat du.

Nazareteko Jesus inguruan dela jakin duenean, hura ikusi nahi du. Ez da jakin-min hutsa. Bihotzean duen harrak eragin dio. Aberastasunek ez dute bete, ez dute ase. Beste zerbait antsiatzen du. Antsia horrek eragin dio egin duen zorakeria egitera: nor den ahaztu, bere egoera eta maila sozialeko pertsona bati dagokion duintasunaz ahaztu, eta, haur bat bezala, piku-arbola batera igo da, Jesus ikusteko.

Eta? Imajinatu ere ez zuena. Burutik pasatu ere ez zitzaiona. Arbola ondora iristean, Jesusek gora begiratu, eta esan dio: «Zakeo, jaitsi. Gaur zure etxera joan nahi dut». Pozez zorabiatzeko deia izan da. Eta Zakeok jaitsi eta bere etxera eraman du Jesus.

Eta mahaian daudela, jende bat marmar ari da: «Bekatari baten etxera etorri da Jesus. Eta bekatariekin ari da bazkaltzen».

Eta Jesusengan, zer nabari dugu? Ez da etorri inor juzkatzera. Ez zaio axola bekatari batekin bazkaltzea. Harrera ona egitera etorri da. Hurbiltasuna agertzera. Ez da inolako aurreiritziren morroi. Aski izan du Zakeo zerbaiten bila dabilela ikustea. Zer nolako aldea Jesusen ikusteko moduaren eta Jesusen etsaien ikusteko modua artean! Jesusek pertsona bat ikusi du gizon horrengan eta bere izenez dei egin dio: Zakeo, jaitsi! Jesusen etsaiek, berriz, bekatari hutsa ikusi dute gizon horrengan, eta mespretxatu egin dute.

Eta Zakeo? Jendea larrutzeari emanik bizi izan den baten konbertsioa da. Diruak ematen ez dion zirrara sentitu du: Jesusek maite duela.

Bizieraz aldatzeko parada izan da Zakeorentzat Jesus bere etxera etorri izana. Bera nor den aurkitzeko aukera eman dio bisita horrek. Diruak eman ez dion barne-poza eta lasaitasuna sentitu du. Graziaren une berezi-berezia izan da bisita hori gure gizonarentzat. graziaren une berezi horri kairos esaten zaio Bibliaan.

Horixe izan da Amazoniari buruzko Sinodoa ere Eliza osoarentzat: Kairos bat, grazia une berezi bat. Pozik hartu ditu Aita Santuak Sinodoak egin dizkion proposamenak, eta Sinodo-ondoko dekretu bat plazaratuko duela agindu. Sinodoak gizakiaren bizitzako alderdi asko hartu ditu: kultura, ekologia, gizartea, pastoraltza. Ez du eskatu Elizako halako edo bestelako talde baten aldaera. Baizik eta Elizaren muinera jo du, Vatikano II.a kontzilioaren haritik. Kultura: ez da kulturarik bata bestea baino handiagorik eta ederragorik; izatekotan ere, gizatasunari erarik egokienean eutsi dion hura izango da jatorrena; ekologia: ez da noizbehinka manifestazio bat egitea; baizik eta mundua geure etxetzat hartzea da, une, aldi eta alde guztietan; gizartea: indibidualtasuna gainditzea da, elkartasuna zaintzea; pastoraltza: ez da mezua apaizaren edo gotzainaren edo aita santuaren egitekotzat hartzea, baizik eta egile nahiz entzule bezala guztion egitekotzat hartzea.

Jesusen begiratua da Zakeori konbertsiora eragin diona. Maitasuna da neuri dei egiten didana konbertsiora, aurreiritzi batzuk alde batera uztera eragin didana, neure nortasuna aurkitzera eragin didana. Beti ere, gogoan izanik, lehen ekimena, lehen saioa Jainkoarena dela. Jesus ikusi nahi izatera Zakeori eragin diona, bihotzera hitz egin dion Jesusen Espiritua izan da. Arbolatik jaistera dei egin diona, Jesus izan da. Bete-beteko konbertsiora eragin diona, Jesusen bisita, Jesus ondoan ikustea, izan da.

Senideok!

Jesusen eta Zakeoren pasadizo hau irakaspen handia izan da guretzat ere. Bai, geure ongizatea eta guzti, ez gara bizi aserik. Zerbait falta zaigu. Bizia antsiatzen dugu

Alde handia nabari dugu Jesusengan etorri zen aberats haren eta Zakeoren artean. «Zer egin behar dut betiko bizitza lortzeko», galdetu zion beste aberats hark Jesusi. Eta aginduak proposatu zizkion Jesusek, eta azkenean beste hau: « zoaz, saldu zeure ondasunak, eman dirua behartsuei eta jarraitu niri». Aberats hura triste jarri zen eta buru-makur joan zen. Zakeok, aldiz, bere aberastasunen erdia behartsuei eman die; inori ezer ostu badio lau halako itzuli dio. Eta Zakeoren poza! Zakeoren zoriona! Jesusen esanaren aurrean, bata triste, bestea poz-pozik. Bata egoista, bestea solidario.

Zakeori ondo atera zaio Jesusen bisita. Kontuak ondo atera zaizkio. Ez zuen sumatu ere horrelakorik piku-arbola gainera igo zenean. Bere bizitzari zentzu berria emateko argi bihurtu zaio Jesus. Jesusen parabolako salerosle haren harribitxia aurkitu du. Galduko ez den altxorra: «Gaur salbazioa iritsi da etxe honetara», esan dio Jesusek.

Benetan, irakaspen ona eman dio Jesusek. Eta Zakeo entzule eta ikasleak bikain atera du. Ebanjelio honen muina azken esaldian dator: «Gizonaren Semea galdua zenaren bila etorri da eta hura salbatzera».

Otoitz egiogun Jesusi: ostatuz gure etxera etor zaitezen nahi dut; lagun ona, dinamikoa, kritikoa eta kreatzailea zarelako.

Dionisio Amundarain