Jainkoaren zuzentasun partziala
Urteko 30. igandea (2019-10-27

Txikitan ikasi nuen Kristau Ikasbideak esaten zuen, «Jainkoak jende ona saritu eta jende gaiztoa zigortu egiten duela». Baina ez zuen zehazten zein ziren onak eta zein gaiztoak. Eta gure pentsaera sarritan Jainkoarena ez bezalakoa delako, daitekeena da bat ez etortzea Jainkoak on eta gaiztotzat ematen dituenak guk halakotzat ematen ditugunekin.

Jainkoa epaile partziala pobrearen alde

Hau da lehen irakurgaiak, Eklesiastiko liburutik hartuak, eskaintzen digu irudia. Beste hau da, ordea, testu honen alderik bitxiena: ez dela profeta batek, salaketa sozialen eta aberatsen eta boteretsuen kontrako kritika zale izan ohi den profeta batek, idatzia, baizik eta judu aditu batek, K.a. II. mendeko klase eroso batekoak: Jesus ben Sirakek. Eta Jainkoaz dakarkigun irudia aski urrun dago israeldar askok agertu ohi zuenetik. Ez da Jainko inpartzial bat, jendea beronen egintzen arabera juzkatzen duena, baizik eta Jainko partziala da: jendea beronen gizarte-egoeraren arabera juzkatzen du. Horregatik, pobreen alde jarri da, zapalduen, umezurtzen eta emakume alargunen alde; gizarteko jenderik ahulenaren alde. Idazlea hau esanez hasi da: Jauna Jainko zuzena da, partzial ezin izan dena. Baina berehala gehitu du, ironia-apur batez: ez da partziala behartsuaren aurka. Izan ere, Israelen esperientziak, beste herri guztienak bezala, agertzen du, hau dela jarrerarik ohikoena: jendea boteretsuen alde jartzea eta ahulen aurka.

Jainkoa, epaile partziala jende apalaren alde

Lukasen ebanjelioak aurreko kontraste hori bera dakarkigu, ekonomiarekin zerikusirik ez duen beste adibide baten bidez. Ulertzeko erraza da parabola, baina komeni da sakontzea fariseuaren jarreran.

Errugabe dela aitortu

Sarritan gertatzen da, haur bat, bihurrikeria bat egin duenean, aitzaki-maitzaki hastea: «Ama, ez naiz ni izan». Nork bere burua errugabetzat emateko jaiotzetiko jarrera honek bere eragina izan zuen Hildako Liburua delakoaren 150. kapitulua idaztekoan; Antzinako Egiptoko idazki herrikoietakoa da aipatu liburua. «Aitorpen ezkoia» deitu ohi dena da; izan ere, egin ez zituen egintza gaiztoen zerrenda errezitatuz joan ohi zen hildakoa. Antzeko zerbait ageri da Salmo batzuetan. Adibidez, Sal 7,4-6an:

4 Jauna, ene Jainkoa, zerbaitetan huts egin badut,
neure eskuz bidegabekeriarik egin badut,
5 lagunari ordain txarra eman
eta etsai zuzengabeari errespetua agertu badiot,
6 pertsegitu eta harrapa nazala etsaiak,
zanpa nazala bizirik lurraren kontra
eta barreia nire erraiak hautsetan!

Edota Sal 26 (25),4-5ean:

4 ez naiz gezurtien mahaikide izan,
ez eta itxuratiekin batera ibili ere;
5 gorroto dut gaizkileen lagunartea,
ez naiz gaiztoen mahaikide izan.

Zintzo dela aitortu

Bada alde baikorra ere, zeinetan pertsonak burutu dituen gauza onak adierazten baititu. Joben liburuan adibide bikaina daukagu, protagonistak aldarrikatzen duen hartan (Job 29,12-17):

12 laguntza ematen bainien premia zuen dohakabeari
eta nork babesturik ez zuen umezurtzari.
13 Hondatua zegoenaren esker ona irabazten nuen,
alarguntsaren bihotza pozten.
14 Justiziaz jantzia nengoen,
zuzenbideaz estalia burutik oinetaraino.
15 Itsuaren begi bihurtu nintzen,
elbarriaren oin.
16 Behartsuarentzat aita nintzen,
ezezagunaren auziaz ere arduratzen nintzen.
17 Zuzengabeari matrailezurra apurtzen nion
haginetatik harrapakina kentzeko.

Fariseuaren harrokeria

Itzul gaitezen fariseuaren aitorpenera: «Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ezta horko zerga-biltzaile hori bezalakoa ere. Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut». Fariseu hau, Job bezalakoa izan balitz, azken hitzak jaulkitzera mugatuko zen: Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut. Baina fariseu hau gorrotoak eta gainerakoen aurkako mespretxuak jaten dute; gainerakoak, oro har, bekataritzat ditu: lapur, zuzengabe, adulteriogile. Bera bakarrik da ona, eta uste du Jainkoa bere alde duela erabat.

Zerga-biltzailearen apaltasuna

Beste muturrean, zerga-biltzailearen jarrera ageri da. Job ez bezala, ez da gogoratzen bere egintza onez, bere bizitzan eginak zitukeenez. Hildako Liburuak eta Salmo batzuek ez bezala, ez du aipatzen egin ez dukeen egintza txarrik. Alderantziz, egintza zehatzak alde batera utziz, bere jarrera sakonari erreparatzen dio eta apal aitortzen du, bularra joaz batera: Ene Jainko!, erruki zaitez bekatarik honetaz.
Itun Zaharrean, nork bere errua aitortzearen bi kasu famatu ditugu: Davidena eta Ajabena. Davidek bere bekatua aitortu du, Betsaberekin adulterioa egin eta honen senar Urias hiltzea agindu ondoren. Ajabek bere bekatua aitortu du Nabot hilarazi ondoren. Kasu bietan, ordea, bekatu oso zehatzak dira, eta kasu bietan profeta batek (Natan edo Elias) parte hartu behar izan du, erregea bere egintzaren gaiztakeriaz jabetuko bazen. Gaurko parabolako zerga-biltzaileak apaltasun askoz sakonagoa agertu du. Ez dio: «gauza txar bat egin dut»; ez du behar izan profeta batek begiak ireki diezazkion; berak berez aitortu du bekatari dela eta Jainkoaren errukiaren beharrean dela.

Jainkoa, epaile partzial eta zuzengabea

Parabolaren bukaeran, Jainkoak sententzia nahasgarri bat jaulki du: fariseu otoizlaria gaitzetsi egin du; bekataria, berriz, errugabetzat eman: «Benetan diotsuet: azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zen etxera; fariseua, berriz, ez». Kristau Ikasbidearen aurka, hau esan behar ote dugu: «Jainkoak jende gaiztoa saritzen du eta jende ona zigortzen»? Edota, hobeto esan, jende on eta gaiztoaz ditugun geure ikusmoldeak aldatu behar ditugu, eta Jainkoaz dugu irudia?

José Luis Sicre