Nazareteko Jesus (lehen zatia) (Lukas 1,1-4;4.14-21)

Urteko 3. igandea C. 2019-01-27

Hiru epifaniak ospatu ondoren, Lukasen ebanjeliora itzuli gara. Bere ebanjelioa idatzi zuenean, Markosena hartu zuen abiapuntu. Are gehiago, batzuetan hitzez hitz kopiatu zuen. Baina, hainbat kasutan, aldatu eta osatu egin zuen. Aldatze eta gehitze-kasu hauetako bat daukagu igandeko honetako ebanjelioan.

Markosek kontatzen du, Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutenean, Galilearako bidea hartu zuela Jesusek eta segidako hau hots egiten zuela: «Bete da epea eta hurbil da Jainkoaren erregetza. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona».

Lukasek dio, gainera, Jesusek Galilearako bidea hartu zuela eta sinagogetan predikatzen zuela, baina ez dakar zer predikatzen zuen. Jendaurreko lehen hitzak Nazareteko sinagogan jaulkiko ditu, baina ez du aipatzen bete omen den epea, ezta Jainkoaren erregetza ere; ez du eskatzen ere bihotz-berritzerik eta federik.

Jainkoaren erregetza ez dago hurbil, presente egin da Jesusengan

Jesusek egin duen lehen gauza, Isaiasen testua irakurtzea izan da; testuak behartsuak kontsolatzera jo du, gatibuak, itsuak, zapalduak kontsolatzera. Hitzez hitz hartu behar ez diren irudiak dira. Arazoa ez da itsu eta preso fisikoena. Testu hau, segur aski, Kristo aurreko VI. edo V. mendean idatzia da; garai hartan Israel herriak bizi zuen egoera tristea deskribatu nahi du, pertsiar inperioaren mendean. Jesusen garaian juduek, erromatar inperioaren mendean, bizi zuten egoeraren aski antzekoa zen. Nazareteko sinagogan presente zeudenek beren egoera ondo islaturik sentitu zezaketen Isaias profetaren hitz haietan. Garrantzizkoa, ordea, Jesusek gehitu duena izan da: «Gaur bete da entzun berri duzuen Idazteun hau».

Jesusen lehen itzak Markosengan eta Lukasengan erkatzen direnean, alde interesgarri bat nabari da. Markosengan, funtsezko gauza Jainkoaren erregetza da eta haren aurrean izan behar dugun jarrera (bihotz-berritu eta sinetsi). Jainkoak Espiritua bidali dion pertsonaia azpimarratu du Lukasek: Jesus, alegia. Arazoa ez da, Jainkoaren erregetza hurbil egotea, jada presente baitago Jesusengan.

Zer betetzen da gaur?

Isaiasen testua azaletik eta arin interpreta daiteke, aipatzen duen pertsonaiak (guretzat, Jesusek) fisikoki gauzatuko balu bezala pobreen hobekuntza soziala, gatibuen askatasuna, itsuak sendatzea, zapalduak askatzea. Alabaina, testuak ez du azpimarratzen ekintza, baizik iragarpena. Liturgiako itzulpenak hiru aldiz dakar «iragarri» aditza (grekoz, «ebanjelizatu» izango litzateke behin, eta «iragarri» beste bietan). Garrantzizkoa da ñabardura hau, bat baitator Jesusek egin zuenarekin. Egia esan, sendatu zuen itsuren bat, baina ez zuen liberatu herria erromatarrengandik, ez zuen hobetu behartsuen egoera ekonomikoa ere. Egin zuena, «Jaunaren onginahiaren urtea» hots egitea izan zen, Jainkoa Aita dela esatea, maite gaituena gure bizitzako gorabeherak oso latzak direnean.

Optimismo guztiz erronkari edo desafiatzailea

Bi igandetan banatu du liturgiak Lukasen kontakizuna. Horrenbestez, jakin gabe geratu gara zer erreakzio izan duten entzuleek Jesusek esan duenaz. Datorren igandean jakingo dugu. Gaur argi geratu behar duena Jesusen mezuaren baikortasun handia da, aldi berean gure fedearentzat desafio edo erronka handia dena. Gauzatu al da egiaz Idazteun hori?, behartsuei, itsuei, gatibuei eta zapalduei hobekuntza eta salbazioa iragarri dien hori? Aski izango litzateke egunkariari begiratu laster bat ematea, hori guztia dudan ipintzeko. Lukasek ere, bere ebanjelioa idatzi zuenean, Jesusen heriotzatik berrogei edo berrogeita hamar urtera, arrazoirik izango zuen promes horretaz dudak izateko. Halaz guztiz, ez zuen dudatu. Jesusek betea zuen bere misioa, Jaunaren onginahiaren urtea iragartzekoa, ekarri zuen esperantza eta kontsolamendua. Aski arrazoi zegoen hitz hori bete zela sinesteko, eta aski arrazoi dago gaur egun betetzen jarraitzen duela sinesteko.

Lehen irakurgaia (Nehemias 8,2-4a.5-6.8-10)

Nehemiasen liburuko pasadizo hau hartu ohi da juduek testu sakratuak jendaurrean irakurtzeko duten ohituraren abiapuntu historikotzat, eta asko laguntzen digu Nazareteko sinagogan gertatua ulertzen. Aipatu Nehemiasen eszena hori K.a. V. mendearen erdialdean kokatzen da, Esdrasen denboran, eta berritasun handi bat adierazten du. Ordu arte, profetak ziren jendaurrean hitz egiten zutenak. Data horiz gero, Moisesen Legearen liburua irakurtzen da (agian, Deuteronomio liburuaren zatiren bat), erritual oso zehatz bat jarraituz, sinagogetan erdizka gorde izan zena: Esdras oholtza baten gainean jarri da, jendea zutik dago, Esdrasek Jainkoa bedeinkatu du eta guztiek adoratzen dute. Beste bertsio baten arabera, irakurtzen dutenak lebitarrak dira, aldi berean irakurri dutenaz argibideak ematen dituztelarik.

José Luis Sicre