Urteko 29. igandea C 2019-10-20 DOMUND
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehen irakurgaia eta ebanjelioa otoitzaz mintzo zaizkigu.

Lehen irakurgaian, Moises da otoitz egiten duena. Baina zer otoitz egiten du? Egiptotik Palestinako bidean kontra egin dieten tribu batekin egin dute topo Moisesek eta beraren taldeak. Jainkoari eskatzen diote, suntsitu dezala tribu etsai hori. Zer iruditzen zaizue? Jainkoak onartuko al du eskari hori? Kontuan har dezagun: Moises Itun Zaharreko gizona da. Itun Zaharrean badute konbentzimendu handi bat: badela Jainko bat. Baina Jainko hori oso gutxi ezagutzen dute. Ez dakite, Jainko hori gizon-emakume guztien kreatzailea dela. Itun Berriaren zain bizi beharko du gizakiak, Jainkoa ezagutzeko. Jesusek agertu digu Jainko zer den. Jesusek agertu digu gizakia zer den. Jesusen Jainko horrek ezin onartu du, zure aurka ari delako, pertsona bat hiltzea.

Ebanjelioan, parabola batez baliatu da Jesus otoitz egin beharra azpimarratzeko. Gauza bat da esatea, beste bat parabola baten bidez esatea: azken hau sakonkiago sartzen da gure bihotzean. Parabola horretan, bi pertsonaia ageri dira. Batetik, epaile zital bat: ez du sinesten Jainkoagan; bost axola zaio jendea. Agian, epaile horrek gaur eguneko epaile bat edo gehiago irakokiko digu. Bestetik, emakume alargun bat ageri da. Honek gaur egungo emakume edo pertsona bat baino gehiago iradokiko digu: adibidez, banku batek eta aurrezki kutxa batek errenta ordaindu ezin duen pertsona bat etxetik bota nahi duena.

Zein harreman edo erlazio bizi dute epaile zital horrek eta alargun horrek? Behin eta berriz ari zaio emakumea zuzenbidea egin diezaion eskatzen. Azkenean, gogoz kontra bada ere, epaileak amore eman du.

Zer adierazi nahi digu Jesusek parabola honen bidez?

Jakina, epaile zital horrek ez du ordezkatzen Jainkoa. Jainkoaren bihotza beste era batekoa da. Bihozkoia da. Emakumeak, berriz, gaur egungo jende zapaldua adierazten digu.

Alargun horrek lortu duena, nola lortu du? Jainkoari erreguka eta erreguka arituz? Ez. Borroka egin du, etsi gabe.

Lehenengo irakurgaia kontuan hartuz, Jainkoari ezin eskatu diogu Jainko horren borondatearen kontrako ezer. Ebanjeliokoa kontuan hartuz, ezin konforma gintezke Jainkoari erregutzearekin. Jainkoari zerbait eskatzean, geure buruari eskatu behar diogu.

Hau da Jesusen asmoa parabolan. Alargun behartsu horren kasuan bezala, zuzenaren kontra pobreturik dagoen jendetzari eragitea, borroka egin dezan. Agian, adibide ona dugu egun hauetan Madrilera joan den jende jubilatu edo erretiratuaren jokabidea, erretiro duin eta egoki bat eskatzeko.

***

Domund eguna dela-eta, egoki deritzot, Paulo Suess-en gogoeta batzuk aipatzea. Suess hori teologoa da. Brasilen Kontzeju Indigenista Misiolariaren aholkularia, Erroman bildurik den Sinodoan adituetako bat. Hona laburtu ditudan beraren gogoeta batzuk:
● «amazoniar aurpegia duen Eliza, misiolari izango da, eta ez alienatzaile edo nortasun-kentzaile, ez kolonizatzaile; mundu honetan gizon egin zen Jesusen espirituaren araberako Eliza izango da. Har dezagun gogoan: amazoniar aurpegia duen Elizaz ari da; gauza bera esaten ahal genuke euskal aurpegia duen Elizaz. Azken batean, Jesus leku eta herri jakin batean haragitu zen.
● Vatikanoko egitura irekitzen ari da, entzuteko eta ulertzeko, erromatar errituak baino askoz gehiago dela Eliza. Honek baluke zer esanik gure kristautasunaz: igandeko errituez gain, zer egiten dugu?
● Sinodo honek proposatuko duena gauzatzea, errealitate bihurtzea, ez da izango gauza erraza. Uste du teologo honek, Vatikano II.a kontzilioarekin bezalatsu gertatuko dela: orduan ere gauza asko utzi baitziren alde batera.
● bisitako Eliza izatetik, presentziako Eliza izatera pasatuko gara. Esan nahi du, elkarte batera noizbehinka apaiz edo beste pertsona bat bisitan joatetik, apaiz edo beste pertsona hori elkartean bizitzera pasatuko dela. Pentsa dezagun, Amazonian badira apaiza urtean behin ikusten duten kristau-elkarteak. Amazoniara joan gabe, nolakoa izaten da gure artean apaizen edo katekisten edo bestelakoen presentzia?

Ezin luzatu naiz gehiago. Badugu zer hausnartua, bai Eukaristia honetan, bai geure bizitza osoan. Har dezagun lagun ontzat Jesusen Espiritua.

Dionisio Amundarain