URTEKO 29. IGANDEA B (2018-10-21) domund

SARRERA

Senideok, urteko 29garren igandea ospatzen dugu gaur. Isaiasen lehen irakurgaia Jainkoaren zerbitzariaz mintzo zaigu; gaurko ebanjelioko Jesus bera iradokitzen edo sujeritzen digu zerbitzari horrek: zerbitzari hori gizadia zuzen egiteko eta salbatzeko iturburu da.
Ebanjelioa, berriz, bi jarrera kontrajarriz mintzo zaigu: gerora apostolu apal izango diren Santiagok eta Joanek lehen postuak eskatu dizkiote Jesusi; bere burua erabat apaldu eta bere bizia gugatik emateko prest ageri den Jesusi. Zer lotsa!
Gaur, bestalde, Domund eguna ospatzen dugu, Misioen egun handia. Hau du bere izena edo ikurra aurten: «Alda ezazu mundua». Guztiok, nola edo hala, misio-lanean Jesusen lankide izatea da kontua. Kristau garen unetik, misiolari gara guztiok. Halere, badira berariaz misiolari joan ohi direnak; gogoan izan beharko genituzke halakoak, eta geure laguntza beroa eskaini beharko genieke. Geu ere misiolari sentituz, batez ere.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (53,10-11)

Jainkoaren zerbitzariaz ari zaigun Isaias profetaren pasarte labur bat entzungo dugu. Bigarren Isaias deitzen dugun profeta honek lau poema bikain dakartza Jainkoaren zerbitzariaz. Ez da argi zein zerbitzariz ari den Isaias profeta hori. Nolanahi den, pertsonaia berezi eta misteriotsu baten ezaugarriak adierazten ditu profetak: aldi berean, sufrimendu handiak eta goratasun handia ari da bizitzen zerbitzari hori; Yahveren zerbitzaria da; baina ez zaio nabari Jainkoarekin duen harreman bizi hori, nekeak eta oinazeak jota ageri da; gugatik; gure onagatik; mundu osoaren oinazeak bere gain hartu ditu.
Gizon-emakume guztiok batzen gaituen solidaritatearen misterioa ageri zaigu zerbitzari horrengan.
Zerbitzari honetaz esan dena, Jesusengan beterik ikusten dugu kristauok. Jesus zerbitzariak bete-betean onartu du Jainkoaren asmoa. Jesus zerbitzariak egin duen buru-eskaintza ez da alferrik galdu. Haren oinazeak, pasioak eta heriotzak salbatu dute gizadia. Berak, berriz, apaldua izan ondoren, aintza ezagutu du. Aintzatze horrekin, zerbitzari hori zintzoa eta zuzena dela agertu du Jainkoak.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei eginiko idazkitik (4,14-16)

Entzutera goazen pasarte labur hau eder-ederra da. Hiru termino edo hitz nabarmentzen dira: «apaiz nagusia», «Jesus», «fede-aitormena».
Jesus geurekin dugula, ez diogu jada eskaintzen Jainkoari animaliarik eta beste gauzarik, Itun Zaharrean egin ohi zuten bezala. Jesusek bere burua eskaini dio zeruko Aitari; guk ere geure burua eskaintzen diogu zeruko Aitari, Jesusekin bat eginik.
Jesusengan, bi ezaugarri azpimarratu ditu idazleak: batetik, errukia; bestetik, erruki hori egundokoa dela.
Eta, hori esanik, Jesusengan erabateko konfiantza izatera gonbidatzen gaitu autoreak. Esperantzari sendo eustera gonbidatzen gaitu.

EBANJELIOA San Markosen ebanjeliotik (10,35-45)

Jesusek behin eta berriz esan die ikasleei gugatik bere bizia ematera etorri dela. Zehazki, hiru aldiz. Ikasleek, ordea, ez diote ulertu. Lehenengo iragarpenean, Pedrok kontra egin dio: ez zaizu horrelakorik gertatuko, eta Jesusek gogor egin dio Pedrori: zure ikuspegia ez da Jainkoarena, baizik eta gizakiena da, esan dio Jesusek. Bigarren iragarpena egin dienean, ikasleek eztabaidan jarraitu dute, beren artean handiena zein izango. Hirugarren iragarpena eginik, Santiago eta Joan etorriko zaizkio, errege izango denean berentzat lehen bi postuak eskatuz.
Ezin ulertu diote Jesusi, ez lehenengoan, ez bigarrenean, ez hirugarrenean. Piztuera ondoren, Jesusen Espiritua hartuko dutenean, ulertuko dute Jesusek esan duena eta Jesusek egin duena.
Jesusek ere ezin ulertu die ikasleei. Halere, ez da aspertu haiek hezten, haiek nola heziko jarraituko du. Azkenean, irakaspen zehatz hau eman die: mundu honetako gobernariak menpekoak nola mendean hartu saiatzen dira; zuen artean horrelakorik ez.
Senideok, aplika diezaiogun irakaspen hori geure buruari, dagokigun neurrian. Jakin dezagun, ez dagoela atsegintasun handiagorik besteei laguntza emateak dakarrena baino.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduko gobernarien alde: zenbait jendek gaurko aro edo aldi hau «maila guztietako ustelkeria» bezala definitzen du; herritarren parte hartze handiago eta beroagoak gainditu dezala egoera hori. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau-elkartean eta eliz agintarien artean, Santiagoren eta Joanen jarrera errepika ez dadin; baizik eta geure zerbitzari-espiritua sakonago bihurtzen joan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ospatzen ditugun Eukaristia guztiengatik: egiaz Jaunaren Afari izan daitezen, eta ez erritu huts, ez jai dotore bat edo obligazio bat betetze huts. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Misioen alde: berariaz misiolari joan direnak bertan behera eta bakarrik utzi ez ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.