URTEKO 27. IGANDEA B (2018-10-07)

SARRERA

Senideok, urteko 27garren igandea ospatzen dugu gaur. Ezkontza-bizitza da gaurko irakurgaien, lehenengoaren eta ebanjelioaren, gai nagusia.
Maitasunean, atseginean eta azkenik gabeko zorionean du zentzua ezkontza-bizitzak. «Azkenik gabeko» hori azpimarratu behar da; izan ere, ezkontza-bizitzak bere oinarri duen maitasunak mugagabeki handitzera jotzen du, betiko egiteraino. Maitasunari denboraren muga bat jartzea, maitasuna ukatzea da.
Benetan elkar maite duten ezkontideek beren zoriona eta familiarena betiko izatea amesten dute. Horrek bere baldintza bat du: Kreatzaileak egin gaituen bezala onartzea; ezkontza-bizitza Kreatzaileak egin duen bezala onartzea. Gauza bakar bat saihestea: egoismoa.
Jesusek proposatu duen ezkontza ezin hautsi izatea, ez da lege-kontua, baizik bizi eta maitasun kontua; maitasuna osoa eta erabatekoa izatea da kontua, zoriona orainaldian eta betikotasunean posible egitea: bihotzaren, espirituaren eta gorputzaren zoriona, bizitza honetan jada, ahal den neurrian.
Senideok, eska diezaiogun Jesusen Espirituari Jesusen ikusmoldea eman diezagun ezkontzaz eta maitasunaz.

LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (2,18-24)

Irakurgai honetan, Hasiera liburuaren kontakizuna entzungo dugu, gizonaren eta emakumearen kreazioaz. Kontuan izan behar dugu, testu hauek ez digutela kontatu nahi gauzak nola gertatu ziren; ez dira testu historikoak; gauzen zentzua eta balioa kontatu nahi digute; kasu honetan, zer den gizona eta zer den emakumea, eta zer nolako lotura dagokien bizitzea.
Egia esan, zein garaitakoak diren kontuan harturik, mezua oso «modernoa» eta baikorra da; bai ordurako, bai askoz geroagorako ere. Lehen kapituluak gizonaren eta emakumearen parekotasuna azpimarratu du. Pentsa dezagun, hau idatzi zen garaiko kulturatan emakumea animalien edo gauza baten pareko-edo ematen zela; erabat gizonaren mendekotzat, inolako eskubiderik gabekotzat.
Gainera, «aita-amak uztea eta biak haragi bat izatea» dioenean, klan eta tribuarekin konparaturik ezkontza-bikoteak duen diferentzia markatzen du; klan edo tribuan, eskubideak gizonarenak ziren.
Gogotsu hausnartzekoa izango litzateke, zertaraino onartzen dugun gaur Jesusen ikusmoldea gizonaren eta emakumearen arteko erlazioaz, ez mihi-puntaz bakarrik, baizik praktikan. Biak parekotzat? Benetan?

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkiaz (2,9-11)

Santiagoren Gutuna irakurtzetik, Hebrearrei egindako idazkira pasatu gara.
Jasaten ari den zailtasunak direla eta, aski etsirik dagoen elkarte bati egindako idazkia da. Elkarte horri bihotz emateko, Jainkoak Kristogan agertu duen jokamoldea azaldu du autoreak: Kristo ez da piztu, ez da goratu, sufrimendurik gabe, baizik eta sufrimendutik pasatuz iritsi da aintzara.
Bestalde, agertu digu, salbazioa ez dela guztiz ikusezina. Jesusengan agertu zaigula salbazioa. Jesus, sufritzea onartu duelako, aintzaz eta ohoreaz koroaturik ikusten dugu.

EBANJELIOA San Markosen liburutik (10,2-26)

Markosen Ebanjelioan, fariseuei dibortzioaz egin dioten galderari erantzun die Jesusek. Esan behar da, dibortzioa ontzat ematen zutela judu guztiek. Dibortzioa noiz eta zergatik eman: hori zen arazoa eta eztabaida. Gainera, gizonezkoak bakarrik eman zezakeen dibortzioa. Emazteak ez.
Mateoren ebanjelioan esaten da: Zilegi al da emaztea gaitzestea… edozein arrazoirengatik? Fariseuek eztabaida horretan nahastu nahi dute Jesus. Baina honek, juduen arteko eztabaida hori alde batera utzi eta arazoaren sustraira jo du. Moisesen legea, dibortzioa zilegitzat ematen zuen hura, zuen bihotz-gogorkeriagatik emana da, esan die Jesusek. Baina Jainkoak gizona eta emakumea kreatzean, bien arteko erlazioa maitasunean oinarritu zuen. Eta maitasuna eta dibortzioa ezin uztartuak dira.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Erroman laster hasiko den Gazteen Sinodoaren alde: dokumentu handi bat egitera mugatu ez dadin, baizik eta gaurko gazteen arazoei erantzuten saia dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gelditu gabe, beren herria eta lurraldea uzten ari den jendetza handiaren alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau ezkonduen alde: Jainkoak gizakiaz duen maitasunaren testigantza argi eta garbi ager dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eukaristia honetara etorri garenon alde: erritu hutsarekin gelditu ez gaitezen, baizik eta Kristo hil eta berpiztuaren misterioa benetan bizi dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.