Dibortzioaren problema (Markos 10,02-16)

Urteko 27. igandea B 2018-10-07

Bere ebanjelioaren bigarren zatia ikasleen formazioari eskaini dio Markosek. Askotariko aldeak aipatzen ditu formazio horretan, baina ordena logikorik gabe eman ditu. Joan den igandean adiskideez eta arerioez mintzatu zen ebanjelioa eta eskandaluaren problemaz. Gaurkoak dibortzioa du ardatz. Bi eszena dakartza kontaerak: lehenengoan, fariseuek Jesusi egindako galdera dator, ea, alegia, zilegi al den emaztea zapuztea eta jaso duten erantzuna (10,2-9); bigarrengoan, etxean jada, gai berean tematu dira ikasleak eta beste erantzun bat jaso dute (10,10-12).

Oharpen bat aldez aurretik

Mateoren ebanjelioak, pasadizo hau bera kontatzean, funtsezko aldaketa bat tartekatu du: fariseuek ez dute galdetu «gizonezkoak zilegi al duen emazteagandik bereiztea», baizik «zilegi al duen emazteagandik bereiztea edozein arrazoirengatik». Galdera honekin, Jesus behartu egin nahi dute esatera rabinoen bi eskolen artean zeinen alde dagoen: dibortzioa adulterio bat ematean bakarrik onartzen duen Hillel-en errotikoaren eta dibortzioa edozein arrazoirengatik onartzen duen Shammay-ren artean. Markosengan, pasarteak ez du eskolen arteko eztabaida-zentzurik.

Lehen eszena: fariseuak eta Jesus

Txundigarria da fariseuek egin dioten galdera, zeren eta dibortzioa onartua baitzegoen Israelen eta ez baitzuen dudan jartzen talde erlijioso bakar batek ere. Ezkontza Jainkoak eratua dela edozein juduk daki, Hasiera liburua dela medio; hartan, Jainkoak gizonezkoa eta emakumea kreatu ditu, biek bat egin eta elkar osa dezaten. Baina juduek badakite ezkontza-arazoak hasiak direla jada Adamekin eta Evarekin. Ezkontza-bizitzak gatazka larriei ematen die bide, bihotz-batasuna eta bizikidetasun adiskidetsua balore nagusi ez ziren aroan berean ere.

Horregatik, antzinatik onartzen da, ekialdeko beste herrietan bezala, dibortzioaren aukera. Are gehiago, rabinoen tradizioak uste du, dibortzioa Israel herriaren pribilegioa dela bakarrik. Targum Palestinarrak Jainkoaren ahoan ipini ditu hitz hauek: «Israelen baimendu dut nik bereizketa, baina ez dut baimendu nazioetan»; Israelen bakarrik «batu dio Jainkoak bere izena dibortzioari».

Dibortzioaren legea Deuteronomio liburuan dator, 24,1 etab., zeinetan hau arautzen baita: «Eman dezagun norbait emakume batekin ezkontzen dela, baina gero emakumeagan zerbait lotsagarria aurkitzen duela eta ez zaiola atsegin; orduan, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta bidali egiten duela etxetik…».

Atentzioa ematen du lege honetan ageri den matxismo lotsagarriak: gizonezkoak bakarrik zapuztu dezake eta etxetik bidali ezkontidea. Garaiko ikusmiran bere logika du horrek; izan ere, emakumea erosten den gauza baten aski antzekotzat ematen dute, itzuli daitekeen gauzatzat komenigarri gertatzen ez bada. Halaz guztiz, duela orain hogei mendeko sentiera gurea ez bezalakoa izan arren (nola gizonezkoen, ala emakumeen artean), orduan ere jende bat sentiberago izan zitekeen, dudarik gabe, emakumearen zoriaz. Xehetasun hori oso interesgarri da Jesusen jarrera ulertzeko.

Nolanahi den, judu-talde erlijioso guztiek ezagutzen dute legea. Beraz, txundigarria gertatzen zaigu fariseuen galdera. Edozein judu jainkozalek erantzuten ahal zuen: bai, gizonezkoak zilegi du emaztea zapuztea. Jesus, ordea, judu jainkozale izateaz gain, emakumeen oso hurbileko ageri da, onartzen ditu bere taldean, onartzen ditu bidelagun. Bat ote dator gizonezkoak emaztea zapuztearekin? Honela ulertzen da Markosen iruzkin labur hau: «zirikatzeko» galdetu zioten. Zirt edo zart egin beharrean jarri nahi izan dute Jesus: aukera egin beharrean emakumearen duintasunaren eta Moisesen legeari leial izatearen artean. Edozein aukera egiten duela, gaizki geldituko da: bere jarraitzailean aurrean edota herriaren eta agintari erlijiosoen aurrean.

Jesusen erreakzioa ausarta bezain burutsua izan da. Berak ere zirt edo zart egin beharrean jarri ditu fariseuak: Jainkoa ala Moises aukeratu beharrean. Beraren kontra atera daitekeen galdera lau batekin hasi da:«Zer agindu zizuen Moisesek?» Eta, ondoren, kontraerasora jo du, bereiziz Moisesek une jakin batean idatzi zuena eta Jainkoak giza historiaren hasieran izan zuen egitasmoa.

Hasiera liburuan, Jainkoak ez du kreatu emakumea gizonezkoa torturatzeko (Pandoraren mito greziarrean bezala), baizik eta osagarri bihozkoi izateko, biek haragi bat eratzeraino. Jainkoaren hasierako egitasmoan, ez da gizonezkoak emaztea uzteko konturik; utzi behar dituenak aita eta ama dira, beste familia bat eratzeko (lehen irakurgaia: Hasiera 2,18-24).

Hasiera 1,27ko hitzek argiro iradokitzen dute banaezintasuna: gizonezkoa eta emakumea izaki bakar bihurtu dira. Jesusek berrindartu egin du ideia hori, batasun hori Jainkoak kreatua dela esanez; ondorioz «Jainkoak uztartua ez dezala gizakiak aska». Jesusek, hasieratik, egin dio uko dibortziorako edozein arrazoiri.

Moisesek gerora onetsi duen zapuztea ez da gauza ideala, baizik eta «zeuen burugogorkeriagatik» onetsi zuen. Jesusen interpretazio honek berritasun handia dakar, zeren eta Moisesen legea bere testuinguru historikoan ezarri baitu. Juduaren berezko jarrera, Torah guztia (Pentateukoa) multzo aldaezintzat hartzekoa zen, inolako zirrikiturik gabetzat. Rabino batzuek heretikotzat gaitzesten zituzten hau esaten zutenak: «Moisesen Lege guztia da Jainkoarena, halako esaldi hura salbu». Jesusek, aldiz, biok bereizten ditu: Jainkoaren hasierako egitasmoa eta geroko interpretazioak; hauek ez dute lehenaren balio bera; are gehiago, lehenaren kontra ere egon daitezke.

Bigarren eszena: ikasleak eta Jesus

Aurrekoaren konklusio praktikoak atera ditu dibortziatzen diren bientzat: nola gizonezkoarentzat hala emakumearentzat. Emakumeak, senarragandik dibortziatu eta beste batekin ezkontzen bada, adulterioa egiten du hitzek posibletzat ematen dute emakumea dibortziatzea; juduen legeak, aldiz, senarraren lanbideak bizikidetasuna ezinezko bihurtzen zuen kasuan bakarrik ematen zuen hori aukeratzat; adibidez, larruginen kasuan, likido kirasdunak erabiltzen zituztelako. Erromatar legediak, aitzitik, onartzen zion emakumeari dibortziatzeko eskubidea. Horregatik, autore batzuek zantzu bat ikusten dute hemen, esateko, Markosen ebanjelioa Erromako elkartearentzat idatzi zela. Erromaren historiaren lehen bost mendeetan (K.a.VIII-III) dibortziorik izan ez bazen ere, geroago sartu zen.

José Luis Sicre