Adiskidez eta arerioz ((Markos 9,38-43.45.47-48)
Urteko 26. igandea B 2018-09-30

Jesusek sarritan esaldi laburrez irakasten zuen, erraz oroitzeko modukoez; adibidez, «Gizonaren Semea ez da zuzenei dei egitera, baizik bekatariei». Ebanjelariek elkartu egin zituzten geroago esaldi horiek, edukiaren arabera edota errepikatu ohi zen hitz giltzarri batera harira sailkatuz. Gaurko ebanjelioan segidako hauek bereiz ditzakegu:

1.-«Gure aurka ez dagoena, gure alde dago»

Joan oso harro azaldu da Jesus aurrera, honen izenean deabruak botatzen ari zen bati zer egin dioten kontatuz. Jesusek, jokabide hori goratu ordez, ohartarazi die arrazoibide kaskarrez jokatu dutela: Jesusen izenean mirari bat egin duenak ez du gaizki hitz egingo hartaz. Ondoren, irakaspen orokor bat gehitu du. Alde guztietan arerioak ikusteko jarreraren ordez, adiskideak ikustera jo behar da: «Gure aurka ez dagoena, gure alde dago».

Zer dela-eta jokatu dute ikasleek horrela? Ebanjelio hau gaurko lehen irakurgaiarekin erlazionatzen badugu, arrazoia zeloak izango ziren. Zenbakiak liburuak kontatzen du ezen Josuek, jakin duenean Eldad eta Medad kanpamentuan profetizatzen ari direla, Moisesen duintasunaren aurkako erasotzat hartu duela, eta debekatzeko eskatu diola Moisesi. Eszenak ebanjeliokoaren nahiko antza du, alde honekin: Josuek Moisesi eskatu diola debekatzeko eta ikasleek, berriz, beren gain hartu dutela debekatzeko eskubidea, aurrez Jesus kontuan hartu gabe. Ikasleen okerraren erroa zelo bidegabe eta aski zeken hori izango litzateke.

Halaz guztiz, komeni da balizko beste interpretazio bat kontuan hartzea. Bi aldiz eman dute zuzentzat ikasleek beren jokabidea, azalduz: «gizon hori ez dabil gurekin». Beraien arabera, zokoratu beharra dute bidelagun ez duten oro.

Gogoan izan behar dugu, Jesus predikari ibiltaria zela, bidelagun zituela hamabiak, emakume-talde bat eta beste ikasle batzuk. Talde honek, guztiz errotiko, uko egin zien etxe egonkor bati, familiari eta beren ondasunei. Biziera honen testuinguruan, hain gogorra eta ukapen handikoa Jesusi jarraitze aldera, ulertzekoa da Joanen eta ikasleen jarrera zorrotz hori, «gizon hori ez dabil gurekin» esanez. Horrek ez die uko egin etxe egonkorrari, familiari, ondasunei, baina eskubidedun sentitzen da Jesusen izenean deabruak botatzeko.

Kontaerak garrantzi handia izan zezakeen hasiera hartako Elizan; izan ere, indartuz joan ziren Eliza hartan hiri-elkarteak, uko egiten ez zietenak, ez etxe egonkorrari, ez familiari, ez ondasunei. Kristau ibiltarien tentazioa, bizitza hain latza egiten zutelarik, besteak baztertzekoa zen, «gurekin ez dabiltzanak». Pasarte honek moduz jokatzera eragin nahi die eta beste bizimodu batzuk toleratzera. Funtsezko ez da «gurekin ibiltzea», baizik «gure alde egotea».

2.-«Mesiasenak zaretelako baso bat ur emango dizuena, ziur esaten dizuet, ez du galduko bere ordaina»

Aurreko pasadizoa irakaspen honekin bukatu da: «Gure aurka ez dagoena, gure alde dago». Oraingo honek urrats bat aurrera egin du. Mesiasen jarraitzaileen aurrean jarrera baikor bat hartzen duenaz ari da: baso bat ur emateko keinuan sinbolizatua.

3.-Bi tranpa (bi eskandalu) bidean

Grekoz, «eskandalu» terminoaren oinarrizko esanahia «tranparena» da, lurrean ezarria, pertsona edo animalia erortzeko jarria. Gogoan hartzen badugu kristau-bizitza Jesusi jarraitzea dela, haren ondoren ibiltzea dela, aise ulertuko ditugu ebanjelioak aipatzen dituen bi arriskuak:

1) Sinesten duten txikietako bati norbaitek tranpa ezartzea, eroraraztea eta Jesusi jarraitzen dion taldez kanpo uztea. Hitz hauek enigmatiko dira; ez da ageri zeinez esanak diren. Nork eskandaliza lezake? Kristau batek ala kristau-elkartez kanpoko batek (lege-maisu, fariseu, saduzear, pagano)? Zein dira sinesten duten txikiak: elkartearen baitako talde bat ala kristau guztiak? Elizaren historiak eta bizitza arruntak azaltzen dute kasu guztiak direla gerta daitezkeenak. Oztopo bat pertsona ez-kristau batek ezar dezake, Jesusen eta beran mezuaren aurkako kritiken eta erasoen bidez. Baina gure edozein jarrera, edozein hitz gerta daiteke gaitzesgarri, besteak Jesusi jarraitzetik, Jesusek proposatzen duen bizieratik aldentzen baditu. Eskandaluaren arrisku handi ez dira aldizkari pornografikoak bakarrik, indarkeriazko pelikulak bakarrik, droga bakarrik, baita beste hainbat gauza ere Elizaren baitan arrunki onartzen direnak (luxua, harrokeria, handinahia, ospea), giza maila altuenetan beraietan. Pederastia-kasuak, gaur Eliza hainbesteraino larriarazten dutenak, txikien eskandaluaren gaur-gaurko adibide dira, arrazoi horrengatik Jesusengan sinesteari utzi baitio jende askok.

Oso argi ipini du Jesusek eskandalu-bekatu horren larria, merezi duen gaitzespenaz hitz egitean: itsasora botea izatea, lepoan harri handi bat ezarriz. Errota greko-erromatarrak gainean izan ohi zuen harriaz mintzo da ebanjelaria: asto batek, zaldi batek edo esklabo batek jirarazten zuen tiraka. Itsasora edo ibaira botea izatea zigor bereziki krudela zen, gorpua lur eman gabe gelditzen baitzen, gauza latza juduen eta greziarren burubidean.

Hitz guztiz gogor hauek arazo seriosa planteatzen dute: barkaziorik gabea al da eskandalua? Ez al dira aski damua eta penitentzia, bizitza guztikoa bera ere? Barkazioaren posibilitatea ukatzea Ebanjelioaren aurka joatea izango litzateke? Paulok, hainbat eta hainbat kristaurentzat eskandalu-bide izan zenak, ez zuen bota itsasora bere burua, lepoan harri bat zuela. Jesusen fedea zabaltzeari eman zion buru-belarri.

2) Nik neuk neure buruari tranpak jartzea, neure burua eroraraztea. Posibilitate desberdinak aipatzen ditu Markosek, eskuaz, oinaz eta begiaz hitz eginez. Jesusek esana du, beste kasu batean, arriskua gizakiaren barnetik datorrela. Oraingoan, jarrera ezkor horiek hainbat eratan ipintzen dira abian: egiten dugunaren bidez (eskua), helburu dugun lekuaren arabera (oina), begiratzen dugunaren arabera (begia). Kontzientzia-azterketa egiteko iradokizun dira.

Gerta daitekeenaren larria agerian uzteko, eskua edo oina moztea edo begia ateratzea aholkatzen du Jesusek. Jakina, hitz hauek ez dira hartu behar hitzez hitz; izan ere, eskua edo oina moztu eta begia atera ondoren, beste tentazio batzuk sortuko lirateke, eta gauza bera egiten jarraitu beharko genuke beste eskuarekin, beste oinarekin eta beste begiarekin. Eta ez ginateke sartuko bizian eskumotz, herren eta begibakar, baizik itsu eta inolako beste atalik gabe.

Aurreko kasuan, zigorra pertsona itsasoratzea zen; oraingoan, gehenara joatea, «su ezinitzalira», «harra hiltzen ez den eta sua itzaltzen ez den lekura». Gehena, zigor-leku denez, juduen tradizio apokaliptikoan oinarritzen da; harra eta sua, berriz, Isaiasen liburuko hitz batzuetan. Pintore eta predikarientzat inspirazio-iturri aberats izan dira, batzuetan zoro jokatzeraino.

Azken gogoetan

Hitz gutxitan, gogoeta eta azterketa-gai ugaria eman digu Markosek, gainerakoen eta geure buruaren inguruan dugun jarreraz: baztertu gurekin ez dabiltzanak, baztertu kristautasuna guk bezain zorrotz bizi ez dutenak? Aintzat hartzen al dugu baso bat ur ematearen keinua ala keinu handiak egin beharra amesten dugu azkenean ezer ez egiteko? Ez al dizkiot oztopoak jartzen jende xumearen edo Elizan inportantzia txikiena dutenen fedeari? Ez al dizkiot tranpak ipintzen neure buruari, Jesusekin ibiltzea eragozten didatenak?

José Ignacio Sicre