Jai-otordua, irakaspena eta aholkua (Lukas 14,1.7-14)
Urteko 22. igandea C 2019-09-01

Hainbat igandetan ebanjelio korapilatsuak entzun ditugu eta edukiz trinkoak. Gaurkoa harrigarriro ulerterraza da. Hain erraza non tranpa bat dakarrela ematen baitu.

Jai-otordu bat tranpa batekin (Lukas 14,1-6)

Larunbat batean, ez da esaten non izan den, fariseu-buruzagietako batek otordu batera gonbidatu du Jesus, eta honek onartu. Etxe hartara iritsi denean, hidropiko bat irten zaio bidera. (Hidropesia gorputz-ehunetan likidoa atxikitzean datza, batez ere sabelean, baina baita orkatilan eta eskumuturrean, besoetan eta lepoan ere.) Fariseu gonbidatu guztiak zelatan daude, Jesusek larunbat horretan zer egingo. Sendatuko ote du, larunbat-atsedena hautsiz, ala gaixoa bere gaixotasunean utziko? Ez noa luzatzera gertatu dena kontatzen, erraza baita imajinatzea; liturgiak alde batera utzi du lehen eszena hau (Lukas 14,2-6).

Lehen zatia: irakaspen bat (Lukas 14,7-11)

Segidan gertatua kontatuz hasi da igande honetako ebanjelioa. Mirariaren ikuskaria amaitu orduko, gonbidatu guztiak doaz korrika lehen postuak hartzera, eta kontraerasora jotzeko baliatu da Jesus jokabide horretaz.

Beraren hitzak nahasgarri gertatu dira: gizatar huts den portaera gomendatu du, gizarte-arrakasta lortzeko era bat kasik hipokrita. Alde batetik, istorioa ezin ahokatu da gure kulturan; izan ere, eztei-otordu batera gonbidatzen gaituztenean, hasieratik esan digute non eseri. Baina duela hogei mende, lehen postuetako bat lortzea joan-etorri handikoa zen, ez bakarrik ospe sozialagatik, baita hobeto jaten zelako ere. Martzial, poeta satirikoa, Kalatayud-en 40. urtean jaioa, bere bizitzako zati bat Erroman eman zuena, ironiaz mintzo da gizarteko alde izugarri horiez.

Ondorioz, guri istorio zaharkitu eta Jesusen ahorako duintasun eskaseko irudi dakigukeena, antzinateko irakurleentzat eguneroko errealitate dibertigarria islatzen zuen, eta, kasik konturatu gabe, gidatzen zituen azken irakaspen handi honetara: Zeren eta goratzen dena umiliatu egingo du Jainkoak, eta umiliatzen dena goratu. Erdaraz erabiltzen duten forma pasiboa («umiliatua izango da, goratua izango da») Jainkoaren izena ez erabiltzeagatik da, baina entzuleek oso ondo ulertzen zuten esanahia: «Goratzen dena umiliatu egingo du Jainkoak, eta umiliatzen dena goratu egingo du Jainkoak». Jakina, arazoa ez da jada eztei-otordu batera gonbidatzen gaituztenean hartu behar dugun jarrera, baizik eta bizitzan eta Jainkoaren aurrean etengabe bizi beharreko jarrera. Zenbait kapitulu geroxeago, fariseuaren eta zerga-biltzailearen parabolan, adibide zehatz bat proposatuko du Lukasek, hemengo irakaspena bera dakarrena.

«Bi gizon tenplura igo ziren otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela ziharduen otoitzean bere baitan: “Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ezta horko zergalari hori bezalakoa ere. Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut”. Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak lurretik altxatzera ere ausartzen, baizik eta bular joka ari zen esanez: “Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz” Benetan diotsuet azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu» (Lukas 18,10-14).

Itun Berrian bada beste testu interesgarririk apaltasunaz. Gogora dezadan Pauloren hau, Jesus eredutzat eman duena:

«Ez egin deus ere norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baizik, besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz; ez nork bere onari bakarrik begiratuz, besteena ere bilatuz baizik. Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak. Kristo Jesusek, jainkozko izaerako izanik, ez zion gogor eutsi nahi izan jainkozko bere mailari; bestela baizik, hustu egin zen bere handi izateaz eta esklabo-izaera hartu zuen, gizakien antzeko eginez. Gizaki huts bezala agertuz, apaldu egin zuen bere burua, heriotzaraino menpeko eginez, gurutzean hiltzeraino» (Filipoarrei 2,3-8).

Bigarren zatia: aholku bat (Lukas 14,12-14)

Jesusen bigarren esku hartzea ere ausarta izan da eta nahasgarria. Hura entzun ondoren, ez zen arraroa izango etxe-nagusiak Jesusi esatea: «Bazoazke, behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak gonbidatzera noa eta». Bestetik, fariseuak ez du Jesusi otordua kobratzeko asmorik.

Halaz guztiz, hitz hauek, testuinguru honetan oso egokiak ez direla ematen duten hauek, biziki dakarzkigute burura, limosnaz, otoitzaz eta barauaz ari zela (Mateo 6,1-18), Jesusek jaulkitako beste batzuk. Burubide nagusia Lukasen ebanjeliokoa bera da: bere saria lurrean bilatzen duenak ez du jasoko Jainkoaren saririk.

«Ez egin gero zeuen erlijio-betebeharrak jendaurrean, jendeak ikus zaitzaten; horrela, ez duzue saririk jasoko zeruko zeuen Aitarengandik.
Beraz, limosna egitean, ez ibili turuta joka, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egin ohi duten bezala, jendearen txaloak irabazteko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina. Zuk limosna egitean, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
Barau egitean, ez zaitezte ager kopetilun, itxurazaleek egin ohi duten bezala: aurpegia itsusten dute, barau egiten dutela jendeari azaltzeko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina. Zuk, ordea, barau egitean, igurtzi lurrin gozoz burua eta garbitu aurpegia, zure barauaz jendea ohar ez dadin, ezkutuan dagoen Aita baizik. Eta ezkutukoa ere ikusten duen zure Aitak emango dizu ordaina».

Etxe-nagusiari Jesusi esan diona berriro irakurtzen baduzu, jabetuko zara bien arteko antzekotasunaz.

Lukasen teknika

Kontatu duen guztia gogora ekarririk, susmoa izango dugu badela hemen gauza arraroren bat. Arraroa da, ikasleak ez aipatzea behin bakarrik ere: ez ote zituzten gonbidatu? Arraroa da, Jesusek etxera sartzean lehenengo aurkitu duena hidropiko bat izatea. Arraroa da gonbidatuen eszena, denak korrika lehen postuen bila; ez Markosek, ez Mateok kontatzen du hori. Arraroa da etxe-nagusiaren aholkua, hain justu jenderik behartsuena gonbidatzera doan une horretan; ez da ageri ez Markosengan, ez Mateogan.

Baina dena gertatuko zaigu aski argi, bere ebanjelioa idaztean Lukasek zein zeregin zaila izan zuen gogoratzen badugu. Jesusen irakaspen bakan asko zituen eskura, baina denak bata bestearen ondoren lotzea oso astun gertatuko zitzaion irakurleari. Dramatismoa handitzeko, eszenak sortu ditu, gaurko jai-otordu honena bezalakoak, guztietan Jesusek une desberdinetan jaulkitako irakaspenak eta aholkuak sartuz.

Lehen irakurgaia: Ben Siraken liburutik (3,17-18.20.28-29)

Lau aholku dakartza; lehen biak zuzenean lotzen dira ebanjelioko gaiarekin.

José Luis Sicre