Zenbat, nola eta zein salbatuko dira (Lukas 13,22-30)

Urteko 21. igandea C 2019-08-25

Mendetan, israeldarrek ez zuten izan kezka-gai beste bizitzan salbatuak edo gaitzetsiak izatearen gaia. Heriotzaren ondoren, guztiak, on eta gaizto, aberats eta behartsu, zapaltzaile eta zapaldu, lurrazpiko mundura, Sheol-era, jaisten ziren beraien ustez; han ez pena eta ez loria existituko ziren, itzal bailiran. Jainkoaren zuzentasunaren problema, jende onaren sariarena eta gaiztoaren zigorrarena, planteatzen zutenek erantzuten zuten sariaren eta zigorraren arazo hori mundu honetako gauza dela. Alabaina, esperientzia iritzi horren kontra mintzo zuen, eta horixe salatu du Job liburuaren idazleak: mundu honetan, lapurrak eta hiltzaileak zoriontsu bizi ohi dira; behartsuak, berriz, miserian hiltzen.

Halako batean, Jainkoaren zuzentasuna zuritzeko, talde erlijioso batzuek, hala nola fariseuek eta esenioek, saria eta zigorra geroko bizitzara aldatu zituzten. Ebanjelioetan, aberatsaren eta Lazaro behartsuaren parabolak oso argi islatu du ideia hau: aberatsak zoragarri pasatu du mundu honetan, baina Lazarori dagokionez bizi izan duen portaera zuzengabe eta egoistak beste bizitzan torturatua izatera eraman du. Lazarok, berriz, ez du izan bizitza honetan ezer ere eskura, eta beste bizitzan betiko zoriona partekatu du.

Piztuera sinesten duten juduen artean, eman daiteke beste jarrera bat ere, garrantzizkoa gaurko ebanjelioaren hasiera ulertu ahal izateko: onak bakarrik pizten dira bizi zoriontsurako; gaiztoek ezin lortu dute sari hori, baina ez dira gaitzetsiak ere.

Galdera zentzugabe bat: «Jauna, gutxi izango al dira salbatuak?

Gaur egungo aski kristauk beste era oso desberdin batean egingo zuen galdera: asko izango al dira gaitzetsiak? Alabaina, Lukasek aipatu duen pertsonaia hori, ematen du, salbazioan bakarrik sinesten duen talde horretakoa da. Jesusek beste galdera batekin erantzun zezakeen: Zer da zuretzat «gutxi» hori? Lau mila? Hogei milioi? Ehun eta berrogeita lau mila, Jehovaren lekukoek diotenez? Gutxiren edo askoren inguruko galdera hori zentzugabea da, nahiz eta baden gehienak galtzen direla erabat ziur baieztatzen duen jenderik edota denak salbatzen direla dioenik.

Irakaspen bat: «ate estutik sartu»

Jesus ez da sartu jokoan. Ez dio erantzun ere galdera egin dionari, baizik eta abaguneaz baliatu da irakaspen orokor bat eskaintzeko. «Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egiaz diotsuet, asko saiatuko direla sartzen baina ezin izango direla sartu».

Irudia, Lukasek aurkezten digun bezala, ez da oso egokia. Ate estutik sartu ezingo direnak, pertsona oso gizenak dira, eta ez da hori jokoan dagoena. Mateoren ebanjelioak bertsio osoago eta argiagoa dakarkigu: «Sartu ate estutik, zeren eta zabala baita atea eta nasaia hondamendira daraman bidea, eta asko baitira hartatik ekiten diotenak. Baina bai estua dela atea, bai meharra bizira daraman bidea, eta gutxi baitira hura begiz jotzen dutenak!» (Mateo 7,13-14).

Nolanahi den, Jesusen erreguak oso zehaztasun gutxiko izaten jarraitzen du: zertan datza ate estutik sartze hori? Beste batzuetan argiago utzi izan du.

Gazte aberatsari, betiko bizia nola lortu estu eta larri zebilen hari, erantzun dio: «Ez inor erail, ez adulteriorik egin, ez lapurtu, ez egin testigantza faltsurik, ohoratu aita eta ama, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». Mateoren ebanjelioan, Azken Auziaren parabolak, salbatzeko eta gaitzesteko orduan, Jesusek izango dituen irizpideak adierazi ditu: «zeren eta gose izan bainintzen eta jaten eman zenidaten, egarri izan bainintzen eta edatekoa eman zenidaten, migratzaile bainintzen eta onartu ninduzuen, biluzik bainengoen eta jantzi ninduzuen, gaixo bainengoen eta bisitan etorri zintzaizkidaten, preso eta etorri zineten».

Esperientziak azaltzen du, hau guztia bizitzea ate estutik igarotzea dela, baina guztien eskura dagoena.

Azken harrigarri eta polemikoa: zein

Salbatzen direnen kopuruaz egindako galderak erantzun bat eragin du nola salbatzeaz; baina Jesusek beste zerbait gehitu du zein salbatzeaz.

Isaiasen liburuak Jainkoak israeldarrei zuzendutako hitz hauek dakartza: «Zure herrian denak izango dira zuzen eta betiko izango dira lurraldearen jabe» (60,21). Promes honetan oinarrituz, rabino batzuek defenditzen zuten Israel osoa izango zela partaide geroko munduan; esan nahi baita, guztiak salbatu zirela (Tratado Sanedrín 10,1). Eta paganoak? Berauek ere lortzen ahal zuten salbazioa juduen fedea onartuz gero.

Alabaina, Lukasek dakarren parabolak beste zerbait oso desberdina kontatzen du. Etxe-nagusia Jesus da, eta atea jotzen dutenak Jesusen judu garaikideak dira, berarekin jan eta edan izan dutenak, zeinen plazetan jardun baita Jesus irakasten. Ezin parte hartuko dute erreinuko jai-otorduan zinezko israeldarrekin batean, hiru patriarkek eta profetek ordezkatzen dituzten haiekin. Aitzitik, atzerritar asko, lau puntu kardinaletatik etorriak, mahaian eseriko dira.

Paganoen konbertsioa iragarria zuten jada profeta batzuek, gaurko lehen irakurgaiak azaldu duenez (Is 66,18-21). Ebanjelioa, ordea, zaurgarria da eta polemikoa: arazoa ez da paganoek juduekin bat egitea, baizik eta paganoak juduen ordez izango dira partaide Jainkoaren Erreinuko jai-otorduan. Hitz hauek misterio handi hura gogorazten digute: hasiera hartako Eliza konturatu zen judu-herriko askok ez zuela onartu Jesus Mesiastzat, bitartean pagano askok onartu zuela gogotik.

Ikasbidea eta ñabardura

Jesusek hain gustuko izan zituen esapide labur eta enigmatiko haietako batekin bukatu du Lukasek: «Kontu egin: badira azken batzuk lehenengo izango direnak, eta lehenengo batzuk azken izango direnak». Lukasen interpretazioaren arabera, paganoak dira azkenak, juduak dira lehenengoak. Hurrenkera atzekoz aurrera bihurtu da. Baina lehenak, juduak oro har harturik, ez dira gelditu jai-otordutik at, gonbidatuak dira beraiek ere. Lukasek berak, Apostoluen Eginak liburua idatziko duenean, juduengana joz aurkeztuko digu Paulo, nahiz eta arrakasta gutxi izango duen eskuarki.

Lehen irakurgaia: Isaias 66,18-21

Lehen paragrafoa da ebanjelioarekin zerikusia duena: paganoen konbertsioaz mintzo da Tarsistik (sarritan Cadiz – Huelvan kokatu izan da) Turkiaraino (Masak eta Tubal), Afrikako bi erregio (Libia eta Etiopia) garrantzizko barne. Ebanjeliokoaren desberdina da ikuspuntua: Isaiasenean konbertsioa bakarrik aipatzen da eta ez beste bizitzako salbazioa (profetaren ikuspuntutik at geratu da salbazio-gai hau).

Bigarren irakurgaia: Jainkoak ate estutik sarrarazten gaituenean (Heb 12,5-7.11-13)

Hebrearrei egindako gutunaren zatitxo honek ez du zerikusirik ebanjelioarekin. Baina erregu ederra da, gaurko ebanjelioaren osagarri. Ebanjelioak «ate estutik sartzera» gonbidatu gaitu. Askotan, gure inguruan estutzen den atea izan ohi da, Jainkoak probaldian jarriko baikintu bezala. Gutunaren idazleak Jaunaren errieta edo zentzarazpen gisa fokatu ditu une zail horiek. Baina semeari gauzari hobena opa dion Aita baten zentzarazpena da; kontsolagarri eta adore-emaile izan beharko genuke ideia hau.

José Luis Sicre