KONFIANTZA, BAI, ARINKERIA, EZ (Lukas 13,22-30)
Urteko 21. igandea C 2019-08-25

Gizarte modernoa gero eta indar handiagoz ari da ezartzen biziera jakin bat, berehalakoaren pragmatismoak markatua. Ozta-ozta dute interesik bizitzako galdera handiek. Ez dugu jada ez ziurtasun sendorik, ez konbentzimendu sakonik. Apurka apurka, izaki hutsal ari gara bihurtzen, topikoz beteriko, unean uneko ongizatea eta segurtasuna baino harago, gure eguneroko bizitza arnastu lezaketen barne-funtsik eta idealik gabeko.

Guztiz esanguratsua da behatzea kristau ez gutxik duen jarrera orokortua «betiko salbamenaren» arazoari dagokionez, duela oso gutxi hartaraino kezkatzen zuelarik; aski jendek ezabatu egin du arazo hori bere kontzientziatik; batzuk, ezin jakin zein arrazoiz, «azken zoriontsu» baten eskubidedun sentitzen dira; beste batzuek ez dute gogoratu nahi, ez saririk, ez zigorrik.

Lukasen kontakizunaren arabera, ezezagun batek gizarte erlijioso hartan ohikoa zen galdera hau egin dio Jesusi: «Gutxi al dira salbatuko direnak?». Jesusek ez dio erantzun galderari zuzenean. Ez du gustuko horrelako arazo antzuren inguruan espekulatzea, garaiko maisu batzuek oso atsegin bazuten ere. Zuzenean, hondora doa eta funtsezkora: nola jokatu behar dugu Jainkoak guztiei eskaintzen digun salbaziotik kanpo ez gelditzeko?

«Saia zaitezte ate estutik sartzen». Hauek dira esan dizkien lehen hitzak. Jainkoak guztiei ireki dizkigu betiko biziaren ateak, baina saiatu eta ahalegindu beharra dugu hartatik sartzeko. Hau da jarrera sanoa. Jainkoagan konfiantza, bai; arinkeriarik, ardura-ezik, sasi-segurtasunik, ez.

Hau azpimarratzen du Jesusek batik bat: ez gaitezela engaina sasi-segurtasunarekin. Ez da aski Israel herriko izatea; ez da aski Jesus bera ezagutu izana Galileako bideetan. Funtsezkoa, orain berean sartzea da Jainkoaren erreinuan eta haren zuzentasunean. Izatez, azken jaiotordutik kanpo geldituko direnak, hitzez hitz, «injustizia praktikatzen dutenak dira».

Konfiantza eta erantzukizuna ukaitera gonbidatu gaitu Jesusek. Jainkoaren erreinuko azken jaiotorduan ez dira eseriko Israelgo patriarkak eta profetak bakarrik. Han egongo dira munduko zoko guztietatik etorritako paganoak ere. Barruan egotea ala kanpoan egotea, Jainkoak guztiei eskaintzen digun salbazioari bakoitzak ematen dion erantzunaren baitan dagoke.

Esaera batekin laburtu du Jesusek bere mezua. Jainkoaren erreinuari dagokionez, «badira azkenak lehenengo izango direnak, eta lehenengoak azken izango direnak». Argia da Jesusen oharpena. Gerta liteke, onartua izango den segurtasuna duenik kanpoan gelditzea. Eta gerta liteke, itxuraz kanpoan geldituko dela ematen duenik barruan gelditzea.

Jose Antonio Pagola