Urteko 21. igandea B (2015-08-23)
HOMILIA

Anai-arrebok!

San Joanen ebanjelioko seigarren kapituluaren bukaerara iritsi gara. Eta al zarete harritu hor datorren esaldi honetaz: «Espirituak du bizia ematen; haragia ez da ezertako»?

Kapitulu guztian aritu zaigu Jesus bere haragia jateaz. Eta orain: «haragia ez da ezertako»?

Bizitza guztian ari gara esaten, Jainkoak «haragi eta arima» egin gaituela, eta orain: «haragia ez da ezertako»?

Baina, begira, haragia eta espiritua esatean, Jesus ez da ari bi gauza zehatz eta bata bestearen kontrakoez: ez dira bi gauza edo bi errealitate konkretu. Giza bizitzaren aurrean zein jarrera hartu da kontua. Jarrera eta ikuspegi espirituzko batek bakarrik eman diezaioke zentzu bat giza bizitzari. Haragiari edo materiari bakarrik begira bizitzeak errotiko muga du; ezin egin du giza bizitza hondatu besterik. Galde diezaiogun nork bere buruari: zein dira nire kezkak, nire nahia, nire uste?

Jesus ez da harritu, ikasleetako askok alde egin izanaz. Ezin ulertu dute Jesusen hizkera. Jesusen proposamena. Jesusen eskaintza. Gauza materialei lotuegi bizi dira.

Hurbileko ikasleek askotan eta modu askotan barruntatu zuten Jesusengan Jainkoa presente zegoela. Jesusek behin eta berriz agertu die basamortuan Satani egin zion ukoa. Pentsa. Joanen seigarren kapituluaren hasieran berean, seinale handi bat egin du: bost ogiez eta bi arrainez bost mila laguni jaten eman. Konturatu da Jesus, jendeak errege izendatu nahi duela. Eta zer egin du? Ikasleak ontzira bidali, eta bera, bakarrik, mendira, Aitarekin egotera. Ez du nahi munduko aginterik, munduko botererik. Beste espiritu batek ekarri du mundura.

Hurbileko ikasleek, ez dute ulertu batere argi Jesusek askotan esan diena: ez bere buruaz, ez bizi-ogiaz. Halere, barruntatu dute badutela Jesusen hitzek argi-printza berezi bat. Horrek eginarazi dio Pedrori aitorpen handi hau: «Norengana joango gara? Zuk duzu betiko biziaren hitza».

Senideok, Jesusen hitza. Ulertzen al dugu hitz hori? Barruntatzen al dugu, baduela gauza edo argi-printza berezi bat? Leon Handia aita santuak ederki esan zuen: ikasleek Jesusengan ikusi zutena, orain gure sakramentuetan ageri da. Zer barruntatzen dugu mezakoan «hau da sinesmenaren misterioa» esaten dugunean?

Ikasle askok utzi egin zuten Jesus. Ez zen erraza Jesusen hitza. Galdera zorrotza zuen berekin. Lehenengo irakurgaian entzun dugun galdera bera zuen berekin: «Zeinen zerbitzari nahi duzue izan: Yahveren zerbitzari ala beste jainkoen zerbitzari?» Zeinen zerbitzura jarri nahi dugu geure bizitza, geure ondasunak, geure denbora…?

Gaurko ebanjelioan irakurri ez badugu ere, gaurko testuaren segidan badator, hitz kilikagarri bat: «Ez ote zaituztet nik zuek, Hamabiok, aukeratu? Halere, zuetako bat deabrua da». Jesus Judas Iskariotez ari zen.

Ez da inor izutzeko hitza. Oharpen bat da. Hori bezala, besterik ere esana die Jesusek ikasleei, eta esana digu guri ere: deabrua atzetik zuen bila dabil, baina nik Aitari otoitz egin diot zuen alde. Ez dezagun ahaztu Jesusen erregu hau. Emazkiogun esker beroak. Izan gogoan, bera geurekin dugula bidelagun.

DIONISIO AMUNDARAIN