URTEKO 20 IGANDEA B (2018-08-19)

SARRERA

Anai-arrebok! Jesusek biziaren ogiaz egindako hitzaldia entzuten jarraituko dugu gaurko ere ebanjelioan. Hona zer esaten digun gaurko pasarte honek: Jesusek bere burua eskaini eta eman duela gizadia bizi dadin. Hain zuzen, horren sinbolo edo seinalea da anai-arreben mahaian partekatzen dugun eukaristi ogia. Eukaristia ez da soilik bizi ahal izateko eman digun ogia; gainera, heriotzaraino eskainia izan den ogia da. Beraz, jaunartzeak berekin du nork bere burua eskaintzea ere, Jesusek egin duen bezala, mundua bizi dadin.
Hona zer esaten duen segidan: «Hona nik esan: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue izango bizirik». Bizia izateko, ordea, bizia ematen jakin behar da.
Gaurko pasartean, halere, hau da Jesusek azpimarratu duena: Jaunaren gorputza jaten dugunean, harekin bat egiten dugu nork bere burua eskaintzean, munduaren onerako. Aita eta Jesus bat diren bezala, gu eta Jesus bat egiten gara. Komunioak hori esan nahi du: bat besteagan izatea.

LEHEN IRAKURGAIA Esaera Zaharrak izeneko liburutik (9,1-6)

Biblian, profetekin batean edo, hobeto esan, profeten ondoren, jakintsuak ageri dira. Beren bizitza luzean, giza eta jainkozko eskarmentu handia lortu dutenak dira. Esaera Zaharrak izeneko liburuak jakintsu horietako bat du idazlea.
Sarritan aipatzen dute jakintsuek Jainkoaren Jakinduria; baina pertsonatzat hartuz, pertsona bizitzat hartuz; batetik, Jainkoaren tronuaren ondoan dagoena, goian dagoena; baina, bestetik, munduan ari dena, gizon-emakumeen bizilagun dena.
Gaurko testuan, Jainkoaren Jakinduria horrek beste sinbolo bat aipatzen du: jai-otordu bikain batera gonbidatzen ditu hain duinak ez diren pertsonak, zentzugabe direnak. Zertako? Ba, hitz egin nahi dielako, gonbidatu nahi dituelako, beren esperientzia-falta utz dezaten, bizi ahal izateko.
Garrantzizkoak dira erabiltzen dituen zeinuak. Jakinduria eta jai-otordua aipatzen ditu, eta ez erregeak eta epaileak. Jesus ere hala agertuko da: artzain on bezala, eta ez aberats eta boteretsu. Azken batean, Jainko onbera da, gu gonbidatzen gaituena, eta zer garen, hura izatera gonbidatzen gaitu, hau da, Jainkoaren seme-alaba izatera.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (5,15-20)

Joan den igandean bezala, gaur ere aholku moralak emanez datorkigu bigarren irakurgaia. Kasualitatez, beste bi irakurgaien antza du gaiari dagokionez. Hona zer esaten digun: izan jakintsu, jokatu jakinduriaz, ez eduki burua kamusturik, bizi zaitezte Espirituak hartua duen pertsona bezala. Benetan, aholku politak eta erakargarriak! Hizketa gozoa!
Interesgarria da, era berean, idazlearen beste aipamen hau ere: «egun txarrak datoz». Gure egunak zer dira: onak ala txarrak? Aldi ona ala txarra?
Nolanahi den, ondo datorkigu idazlearen esaldi hau: «ez izan zoro, baizik jakintsu… ez bizi mozkorturik bezala, izan gogoan zer duen nahi Jaunak ». Gure onerako ari da Jauna.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (6,51-59)

Joan den igandeko ebanjelioaren azken esaldiarekin hasten da gaurko ebanjelioa: «Ogi bizia naiz ni, zerutik jaitsia: ogi honetatik jango duena betiko biziko da». Ez da ogi hilkorra: bizia eskaintzen digu, bizia ematen digu; betiko bizia, gero. Nork ez du bizi nahi beti?
Eta gai berri bat aipatzen du segidan: «Ogi hau, nire haragia da». Nire haragia esatean, bere burua esan nahi du Jesusek: Jesus bera, Jesus osoa. Pertsona hau munduarentzat opari emana izango da.
Gaurko pasartean, halere, beste hau da azpimarragarriena: bizi ogia jaten duena Jesusengan bizi da. Aita eta Jesus bat direla bezala, bizi-ogia jaten duena eta Jesus bat dira. Horixe esan nahi du komunioak: bat besteagan bizitzea. San Paulok ere badu uste hori: ez naiz ni bizi, Kristo bizi da nigan. Misterio handiagorik!

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: munduan bizitzeko eta aritzeko orduan, eredutzat Kristo har dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Hildako guztientzat: izatez nahiz gogoz, Eukaristia janaritzat izan dutenez gero, iritsi dezatela Jesus berpiztu eta aintzatsuarekin guztiz bat egitea; bete-betean, aintzatsu eta betiko bat eginez. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gerran bizi diren lurraldeentzat: saia daitezela konponketa batera iristen, armak baino gizatasun handiagoko diren baliabideez. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garenontzat: eukaristian parte hartzeak lagundu diezagula geure bizitzan konpromiso bat hartzen senideen zerbitzuan. Eska diezaiogun Jaunari.