Urteko 20. igandea A (2014-08-17)

HOMILIA 

Anai-arrebok!

Gaurko hiru irakurgaiek gonbidatzen gaituzte geure ikusmira gizon-emakume guztiengana zabaltzera. Lehenengo irakurgaian entzun dugu: «Jaunari atxiki edo lotu zaizkion atzerritarrak neure mendi santura erakarriko ditut». Bigarrenean, Paulo konbentziturik ageri da ezen Jainkoak atzerritarrak eta juduak, denak salbatuko dituela. Ebanjelioan, berriz, emakume kanaandarraren pasadizo miresgarria entzun dugu.

Kanaandarraren pasadizo honen aurretik, beste pasadizo bat dakar Mateok: Jesusek fariseuekin eta lege-maisuekin janari garbiez eta ez-garbiez izandako eztabaida. Hain juxtu, herritarrak egiten ari zaizkion eraso horietatik bere burua pixka bat libratzeko joan da Jesus atzerrira: Tiro eta Sidon aldera.

Eta emakume bat irten zaio bidera. Alaba sendatzeko eskatu dio Jesusi. Baina Jesusek kasurik ez. Okerrago dena, txakurra esan dio emakumeari. Juduek paganoei esaten zieten izen iraingarria zen.

Txakurrak, basatiak nahiz etxekoak izan daitezke. Eta emakumeak diferentzia horretaz baliatu da, esateko: Txakurrek ere jaten dituzte nagusien mahaitik eroritako ogi-apurrak.

Jesus ere judua zen. Eta bazuen juduen espiritu-arrazistatik zerbait baino gehiago. Kanaandar emakumeagandik irakaspen ederra jaso du. Ulertu du fedea ez dela juduena bakarrik. Atzerritarrek ere bizi dezaketela Jainkoarekiko ustea eta fedea.

Jesus gai izan bizitzako gorabehera batetik gauza berri bat ikasteko. Esperientziak irakatsi dio ezen Jainkoa guztiena dela: juduena eta atzerritarrena. Bazituen bere aurreiritziak, baina bihotza irekia zuen bizitzatik gauza berriak ikasteko.

Senideok, gauza miresgarria da ikustea jende asko arduratzen dela mundu osoko jendeaz: bai gure artera etortzen diren atzerritarrei esku luzatuz, bai lurralde pobreetara jendeari laguntzera joanez.

Baina, bestalde, bai kezkagarria dela munduan zer gertatzen ari den ikustea:

–hor dugu, adibidez, zein ardura gutxi eskaintzen zaion herrialde pobreetan sortzen diren gaixotasunei; gaixotasun hori artera etor daitekeela konturatu aurretik, hor konpon edo antzeko zerbait;

–hor dugu munduan zabaldurik dagoen gosetea; zein arreta txikia eskaintzen zaion;

–hor dugu gerlaren izurritea hainbat eta hainbat herri pobretan;

–hor dugu sinetsi ezineko tragedia: haurrak soldatu bihurtzera behartzea.

Gaur irakurri dugun ebanjelioa dela-eta ezin geldi gintezke pasibo gertaera horien aurrean. Ez da aski hitz egitea.

Besterik ezean, geure artean ditugun atzerritarren aurrean, gurea ez bezalako ideologia edo erlijioa dutenen aurrean… Nola erreakzionatu du Jesusek kanaandar emakumearen aurrean? Lehenengoa nola? Azkenean nola?

Erlijio bateko edo besteko izan, pertsonari duintasuna zor zaio. Erlijio batekoa edo bestekoa izan, Jainkoak guztiak ditu seme-alaba.

Jainko onak, pertsona eta herri guztiak maite ditu. Anai-arreba egin gaitu guztiok. Ireki ditzala gure begiak, pertsona guztiak berak ikusten dituen bezala ikustek; berak nahi bezala guk elkar hartu eta tratatzeko; pertsona  guztiengan Kristo bera ikusteko.