URTEKO 2. IGANDEA C (2019-01-20)

SARRERA

Senideok, Eguberrialdiko jaiak bukaturik, URTEKO deitzen dugun aldia hasten dugu gaur eliza katolikoan; alabaina, hemendik hilabete eta erdira GARIZUMA hasiko dugu.
Gaurko hau URTEKO igandea izan arren, gaurko ebanjelioak badu loturarik eguberrialdiarekin: Jesusen mirarizko lehen seinalea dakarkigu ebanjelioak: eguberri-egunean bezala, epifania-egunean bezala, bataio-egunean bezala, Jesusek mundura zertara etorri den agertuko digu seinale honekin; eztei-egunetan, ardoa falta zaielako, estu eta larri diren ezkonberriei lagunduz, gizon-emakumeok salbatzera etorri dela agertu nahi digu. Batez ere, ordea, Itun Zaharreko legalismoak eta erritualismoak ez gaituztela salbatu adierazi nahi digu; Jesusek dakarren ardo berri dastatzeak salbatuko gaituela.
Horrenbestez, gaurko ebanjelioa ere JESUSEN AGERPENA da. Bera da egiazko salbatzailea eta askatzailea.
Bestetik, joan den ostiralean, hilaren 18an, hasi eta urtarrilaren 25a arte, mundu osoan kristau guztien batasunaren zortziurrena ospatzen ari gara. Beharrezkoa dugu kontuan hartzea batasun honen garrantzia.
Azkenik, astelehenean, Gazteen Munduko Topaketa hasiko da Panaman
Eska diezaiogun Espiritu Santuari argitasuna eta berotasuna Jesusen asmoekin bat egiteko.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (62,1-5)

Biblian askotan agertzen dira Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremanak senar-emazteen harreman bezala: Jainkoa senarra, herria edo gizakia emaztea.
Horixe bera dakarkigu gaurko irakurgai honek ere. Kasu honetan Jerusalem hiria da emaztea. Eta Jerusalem hiri hori gizadiaren irudi da.
Profeta honen arabera, Jerusalem hiri hori andregaia da; urduri dago andregaia noiz iritsiko ote den eztei-eguna. Senarra, berriz, Jainkoa da; egunsentia noiz etorriko zain-zain dagoen eguzkia da senarra.
Azkenean, iritsi da eguna, iritsi da salbazioa, iritsi da askapena. Bukatzeko, hau dio: «Senarrak emaztearekin izaten duen poza izango du Jainkoak zurekin».

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (12,4-11)

Gaur hasirik, beste bost igandetan, Korintoarrek egindako galderei erantzun nahi die Paulok; gaur gure galdera diren horiei: Jainkoagandik bakoitzak hartutako dohainak nola erabili eta hildakoen piztuera dira kezkak edo galderak.
Jainkoak bakoitzari eta guztiei emandako dohain horiei karisma deitu ohi zaie.
Pertsona batek era bateko dohainak hartzen ditu; besteak beste era batekoak. Baina denak Jesusen Espirituak emandakoak dira. Ez dira norberaren probetxurako emanak. Elkartearen onerako dira.
Esan nahi da, pertsona bakoitzak beste pertsonak dituela helburu; besteentzat lan egin behar duela. Hitz hauek dakartza Paulok konklusiotzat: «Espiritu batek eta berak egiten du hau guztia, bakoitzari berak uste duen bezala banatuz».

EBANJELIOA San Joanen liburutik (2,1-11)

Sarrerakoan esan bezala, Eguberrialdiko hariari eutsi nahi dio ebanjelio honek. Jesus zertara datorren agertzen du: mundua salbatzera, alegia. Ebanjelioa ere agerpena da, beraz.
Joanen ebanjelioari «seinaleen liburua» deitu ohi zaio. Hain zuzen, liburu horrek Jesusek egindako zazpi seinale dakartza. Gaurkoa da lehenengoa: ezteietan ardoa falta delarik, ura ardo bihurtu du Jesusek.
Seinale honetan, besteetan bezala, inporta duena ez da egin den miraria bera, baizik egite horrek eragin duen ondorio teologikoa: seinale hori ikustean, ikasleek sinetsi egin dute Jesusengan. Fedea: hori da beti gogoan izan behar duguna. Egiazko fedea, benetakoa. Jesusenganako konfiantza, ustea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau-eliza guztien alde: fedearen oinarriak aztertzen saia gaitezen, guztiak batasunera iristeko. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Jesu Kristogan sinesten dugunon alde: besteen aurrean testigantza ona eta erakargarria egiten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Afrikako, Asiako eta mundu osoko gerlak eta gatazkak onik buka daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Astelehenean Panaman hasiko den Gazteen Munduko Topaketa guretzat urruneko zerbait gerta ez dadin, baizik erronka hori bizi-bizi geure-geure egin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.