Urteko 2. igandea C 2019-01-20

HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioan, gauzarik garrantzizkoena azkeneko esaldian dator: «Jesus bere seinaleak egiten hasi zen, bere aintza agertu zuen eta handitu egin zen bere ikasleek berarekiko zuten konfiantza».

Hiru gauza: Jesus seinaleak egiten hasi, bere aintza edo handitasuna edo zerutartasuna edo bikaintasuna edo jatortasuna azaldu, ikasleek Jesusengan duten konfiantza hazi edo handitu.

Horra guretzat hordagoa edo erronka: ebanjelio hau entzutean, hazi al da gure konfiantza Jesusengan? Gure ustea Jesusengan? Gure segurantza Jesusengan? Gure poza Jesusen jarraitzaile eta adiskide izateagatik?

Ba, egia esan, ebanjelio honek arrazoi edo gauza asko esaten ditu galdera horiei guztiei «bai» esateko. Bi arrazoi aipatu nahi nituzke

Lehenik eta behin, Jesus ezteietara joan da. Ezteiak Biblia osoan sinbolo bat dira. Jainkoak gizadiarekin bizi nahi duen adiskidetasunaren sinbolo. Jainkoa senar eta gizadia emazte bezala aurkezten ditu Bibliak. Kristo senar bezala etorri da mundura. Adiskidetasuna eskainiz etorri da. Ezteiak topaketa, alaitasun, ilusio, esperantza… izaten dira.

Iritsiko al gara, Jesus horren esperientzia bizia, barne-barnekoa, bizi-esperientzia… izatera? Emazte jator batek senar jator batez sentitu eta bizi ohi duen esperientzia? Utzi ditzagun, une batez, alde batera beste ideia, beste teoria, beste uste, beste gauza guztiak. Emaiogun barne begiratu bat Jesusen bizitzari. Benetan, ikasleen kasuan bezala, gure konfiantza eta poza handitzeko okasioa gertatuko zaigu.

Beste puntu bat gaurko ebanjelioan poza eragiteko modukoa. Andre Maria konturatu da ardoa falta zaiela ezkonberriei. Garai hartan ezteiak ez ziren izaten egun batekoak, baizik astebetekoak. Andre Maria ohartu da ezkonberrien estutasunaz, eta Jesusengan doa: «Ez dute ardorik». Gure artean gaur egun bezala, juduen artean ere, orduan eta gaur, ardoa ezinbestekoa zen eta da.

Bi gauza dira hor kontuan hartzekoak. Batetik, Mariaren ardura, Mariaren sentiberatasuna, Mariaren bihotz biguna. Bestetik, Mariak ez dio esan Jesusi: «egizu hau» edo «egizu bestea». Arazoa azaldu besterik ez. Jesusen esku utzi du aterabidea.

Bai pozgarria Mariaren portaera. Uste al duzue Maria ahaztu egin dela gaurko munduaz? Uste al duzue, temati ariko zaiola Jesusi «egizu hau» edo «egizu hura» esanez? Gure otoitzean Andre Maria bitartekari handia dugu; ez gaitu bazterrera utzi. Gure otoitzean eredu handia dugu. Nor naiz ni, Andre Mariari edo Jesusi «hau» edo «bestea» nahi dut esateko? Ez al dugu jatorragoa beste hau esatea: «Ama edo Jesus, jende askok lan-falta du, jende askok gizatasun-falta du eta harro bizi da botere bila, diru bila…». Ez al genuke gauza egokia honela hitz egitea Jesusi edo Amari: «hemen nauzu: gaixo edo senarrak jotzen nauela edo semea / alaba bide gaiztoan abiaturik…»?

Bai tristea jende askok Jesusen adiskidetasun-eskaintza hau ez ezagutzea! Unamuno bilbotar filosofo handiak badu esaldi bat, oso jakingarria. Idatzia du hau: «Dohakabe horiek guztiak hor dabiltza aserik eta konforme gaur existitze hutsaz, eta existitze hau nahikoa dutela…Ez dute sentitzen existitze honez gain beste existitze bat izan daitekeela». Unamunoren kezka handia zen: mundu honetan azken arnasa eman ondoren, ezereza?

Senideok, eskerrak emazkiogun Jainkoari fedea eman digulako. Saia gaitezen fede hori benetako fede, benetako konfiantza, benetako uste bihur dadin gure bihotzean. Saia gaitezen gure fede hori mundu osoarentzat esperantza-iturri bihur dadin.

Bukatzeko, izan ditzagun gogoan mundu osoan egun hauetan bizi ditugun bi gertaera handi hauek: batetik, Kristau Guztien Batasunaren aldeko Zortziurrena eta, bestetik, Panaman, bihar hasita, garatuko den Gazteen Mundu Topaketa. Zatoz, Jesusen Espiritua, eta bete zeure arnasaz mundu osoa.

Dionisio Amundarain