URTEKO 17. IGANDEA C (2016-07-24)

SARRERA

Senideok, bi irakurgaiak ─lehena eta ebanjelioa─ eskari-otoitzaz mintzo zaizkigu. Autore bat hau esateraino iritsi da: Biblian eskari-otoitza bakarrik ageri dela. Dudarik gabe, gehiegi esatea da hori; izan ere, adorazio- eta gurtza-otoitza ere ageri da, baita esker onaren otoitza ere. Halere, egia da, Biblian garrantzi handia ematen zaio eskari-otoitzari. Horren lekuko dira gaurko bi irakurgai hauek.
Eta gure artean eskari-otoitza egiten dugu gehiena. Baina arazoa ez da hori. Zer eskatzen dugun da arazoa. Galdera, beraz, honako hau da: zer eskatzen dugu?, zer eskatzen dugu eskari-otoitza egiten dugunean? Askotan, segur aski, ez dugu eskatzen bete dadila Jainkoaren nahia; ez dugu eskatzen egoera jakin batean gehiena komeni zaiguna. Askotan, aitzitik, behar dugula guk uste dugun hura eskatzen dugu. Jaunak eskatzen digu arren eta arren eskatzeko; baina eskatzeko Espiritu Santua.
Senideok, Espiritu Santuak argitu gaitzake, aurkitzeko edo, gutxienez, sumatzeko, zein den bizitzaren zentzua, zein den bizitzako gertaeren zentzua. Zatoz, Espiritu Santua, eta bete gaitzazu zeure argiaz.

LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (18,20-32)

Eder-ederra da entzungo dugun pasarte hau. Hiri bateko jende guztiaren bizitzaz arduratzen da Abraham.
Bi alderdi azpimarratu beharko genituzke. Batetik, jendetza osoaz arduratzen da; baita hirian gaizkiletzat jotzen dituenez ere. Bestetik, Jaunarekin mintzo da, tratulari batek egingo lukeen bezala. Tratuan ariko balitz bezala ageri da Abraham. Jaunarekiko konfiantza osoa ageri da hor.
Beste behin ere, Abraham gizon atsegin bezala ageri zaigu. Eta Jainkoa, berriz, ez da ageri epaile zorrotz eta bortitz bezala; baizik eta, tartean zintzo batzuk direla-eta, barkatzeko prest dagoen aita bezala. Errugabeak maite dituen Jainko hori errudunak zigortuko lituzkeen balizko Jainko baten gainetik dago.
Honek, jakina, gizakien arteko zuzenbideaz gogoeta egitera eraman beharko gintuzke: gure munduan, zenbat eta zenbat errugabe zigorturik, tratu txarra jasanik, baita hilik ere, susmo hutsarengatik! Barkatu, Jauna, gure bekatua.

BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei egindago gutunetik (2,12-14)

Kolosasko kristau-elkarteari egindako gonbita da. Esaten die, ez kasurik egiteko Kristorena ez den irakaspenari. Kristoren lehentasuna azpimarratzen du Paulok.
Gaurko pasarte honetan, berriz, bataioaz mintzo zaigu. Lehen kristauek bataio-pontea hilobia izango balitz bezala hartzen zuten: hartan Kristoren hilobiratuak izango ginateke. Bataioaren bidez, Kristoren heriotzan eta piztueran parte hartu dugu. Parte hartze hori ez da bihar eguneko gauza; baizik eta gaur-gaurkoa da. Kristoren Gurutzean eta Piztueran, bekatua gainditua izan dela agertu zaigu; bekatuaren bidez Jainkoagandik aparte bizi baginen, urruntasun hura desegina gertatu da. Bizia ekarri digu Kristok. Zer, eta bizia, senideok!

EBANJELIOA San Lukasen arabera (11,1-13)

Gaurko ebanjelioaren ardatza otoitza da. Hiru osagai ditu: batetik, «Gure Aita» otoitza; bigarren, goizeko ordu txikietan adiskide batengana ogi eske doan adiskide desordukoa; hirugarren, Jesusek egiten digun erregua otoitz egiteko.
Lehenik, ikasleen eskaria Jesusi. Hau otoitzean ikusirik, inbidia sartu zaie, eta otoitz egiten irakasteko eskatu diote. «Gure Aita» horretan, punturik nagusiena «Aita» hitza da; judu bati ez zion emango buruak Jainkoari Aita esatea. Eta guri? Jakina, gainerako eskariak ez dira alde batera uztekoak. Esaterako, «etor bedi zure Erreinua» esatean, geure buruari agintzen ari gara: mundua hobetzeko ahalegina egiteko.
Bigarren zatian, otoitzean iraupentsu izatea azpimarratzen du Jesusek. Aspertu gabe otoitz egitea. Gainera, ziurtasuna izateko eskatzen digu Jainkoak entzungo digula.
Hirugarrenean, konfiantza osoa eskatzen digu. Jainkoak ezin egin dio ezentzunarena konfiantzaz eskatzen dionari. Dudarik gabe emango digu, ez edozer gauza, baina bai bere Espiritua.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Egizu, Aita, izan gaitezela on-onak bata bestearekiko; egizu, izan dezagula gustuko gauza batak besteari laguntzea, batak bestea zorionekoago egitea. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gogoan izan, Aita, gaixoak; batez ere, geure familiakoak eta geure parrokiakoak; geure bisitaren eta arretaren bidez, lagundu diezaiegula beren sufrimendua jasaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Eman, zeruko Aita, bakea gerran bizi diren herrialdeei. Egizu, gobernuak saia daitezela gatazkak konpontzen, hurbiltasuna adierazten duten hitzez eta keinuez. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Zeruko Aita, laster Polonian ospatuko duten Gazteriaren Mundu Ekitaldia aurkezten dizugu. Egizu, izan dadila Ekitaldi hori salbamen-gertaera. Eska diezaiogun Jaunari.