URTEKO HAMASEIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jainkoak Abrahami seme bat hitzemaiten )

Hasiera liburutik 18, 1-10a

1 Jauna agertu zitzaion Abrahami, Manbreren haritz-pean.
Abraham oihal-etxolaren sartzean jarria zagon,
eguneko beroaren handienean.
2 Begiak altxaturik, hiru gizon ikusi zituen bere ondoan xutik.
Ikusi orduko, lasterka joan zitzaioten biderat,
eta ahuspez emanik, erran zuen:
3 “ Jauna, gogoko banauzu, ez zaitela iragan
zure zerbitzariarekin gelditu gabe.
4 Ura ekarriko dautzuet, oinak garbituko,
eta zuhaizpean hartuko duzue atseden.
5 Ogia ere ekarriko dautzuet, indarberri zaitezten,
eta gero bidea segituko duzue,
zuen zerbitzariaren ondotik iragan baitzirezte!”
Ihardetsi zuten:
“ Egizu, beraz, diozuna.”
6 Abraham lasterka joan zen etxolarat, Zararenganat, eta erran zion:
“ Ekar laster hiru gaitzeru irin garbi, oratu eta egin opilak.”
7 Gero, Abraham zalu-zalua joan zen kabaletarat,
aratxe gizen on bat hartu eta mutil bati eman zion,
eta harek berehala prestatu.
8 Hartu zituen gatzatua, esnea , prestatua zen aratxea,
eta denak heien aitzinean ezarri;
bera xutik egon zen heien ondoan zuhaizpean,
heiek jaten zuten bitartean.
9 Heiek galdegin zioten:
“ Non da Zara, zure emaztea?”
Ihardetsi zuen:
“ Hor, oihal-etxolan.”
10 Heietarik batek erran zion:
“ Berriz etorriko nitzaizu helduden urtean,
eta ordukotz Zara, zure emazteak seme bat izanen du.”

Orai Irakia deitzen den lurraldean sorturik, Abraham Palestinan zabilan bere artaldeekin.
Inguruan zituen bertze guziak bezala , ez zen erlisione gabekoa eta ez da bakarra Jainkoak deitu
zuena.
Bibliaren arabera, Adam, Kain eta Noek ere Goikoaren mintzoa entzun zuten. Beraz nundik du
bildu bere fama Abrahamek ? Testamendu Zahar eta Berrian bai eta ere musulmanoen Koran hortan
ainitz aipatua baita.
Gertatu dena hau da : Judu, giristino eta musulmanoek, denek, beren arbaso daukatela
Abraham. Jainkoak, elkargoaren istorio luzearen hastapenean deitu gizona da. ” Herri haundi
eginen zaitut…” zion erran Jainkoak haurrik gabeko zahar huni (Has 12, 2-3) . ” Abrahamek Jauna
sinetsi zuen eta Jainkoak hura zuzentzat onetsi …” (Has15, 16) Abraham izenak ” Jendalde haundi
baten Aita ” erran nahi du. Alabainan Abraham eta haren emaztea adinean han harat joanak izanik
ere , Jainkoak erraiten dio : “…Sara zure emazteak haur bat sortuko dauzu , eta Isaak emanen diozu
izena …” (Has 17, 19)
Igande huntan irakurtzen den testoak hiru gizon aipatzen dauzkigu. Abrahamek ongi etorria
egin eta, jaterat eman zioten hiru gizoneri. Dudarik ez da hauk Jainkoaren sinbolo direla.
Nahiz Biblia hiru gizonez mintzo den, Abrahamek sinesten du Jainko BAKARRA zaiola hiru
presuna heietan agertu. Batek erran zion : ” Berriz etorriko nitzaizu helduden urtean , eta ordukotz ,
Sara zure emazteak seme bat izanen du .” (Has 18,10) . Sarak hori entzutean irri egin zuen, senar
emazteak zahartuak baitziren. Jaunak erran zion Abrahami ” Ezin eginik ba ote da Jaunarentzat ? ”
(Has18,13). Eta ezin sinetsia badirudi ere, seme bat ukan zuten : Isaak, zeruan izar bezenbat ondoko
ukanen zituen Isaak. Ezin eginik ez da Jainkoarentzat !

Salmoa 14

Leloa : Nor dauke, Jauna zure baitan,
Zu zauden mendi saindu hartan?

Bihotza garbi dabilana, zuzen zuzena den gizona.
Egiari bai datxikona, bertzez gaizkirik ez diona.
Bertzen kaltetan ez doana, auzoen trufan ez dagona.
Hitzeman eta hitzekoa, diru xurgatzen ez baitoa.
Jauntzen ez dena, joz gaixoa; sekulako xut holakoa.

Salmoak liturgian barne dira, dela beila dela tenploko bestetan . ” Nor dauke, Jauna, zure
baitan, Zu zauden mendi saindu hortan ? Erantzuna ezaguna da : “…Bihotza garbi dabilana…Egiari
bai datxikona…Bertzen kaltetan ez doana…Hitzeman eta hitzekoa…Jauntzen ez dena, joz gaixoa….”
Hau irakurtzean hamar manamenduak datoz gogora . Ezekiel profetak ez dio bertzerik (18,5-9) :
“…Har dezagun , adibidez , gizon zintzo bat , zuzenbidez eta justiziaz jokatzen duena …Nere legeen
arabera ibiltzen da eta nere erabakiak betetzen , leial jokatuz…” (18,5-9)
Solas bertsuak dituzte ere adierazten Izaik (33,15-16) edo Zakarias batek ( 8,1617). Badakigu
Jainkoaren manamenduekin, egun guziez, berriz haste dela guretzat. Jesusek ditu bakarrik beren
osoan bete profeten ahotik entzun aginduak : Munduak baztertueri hurbil bizi izan da Jesus, ez
zuelarik bere buruaren pausatzekorik !

Bigarren irakurgaia

( Kristoren misterioa Apostoluaren bizian obratzen da )

Jondoni Paulok Koloziarreri 1 , 24-28

Haurrideak,
24 bozkariotan nago orai, zuen alde jasaiten ditudan sofrikarioengatik;
horrela, Kristoren atsegabeetan jasaitekoak direnak
nere gorputzean osatzen ditut, haren gorputza den Elizaren alde.
25 Elizaren zerbitzari bilakatu naiz,
eta Jainkoak eman dautan kargua da
zuentzat haren Hitzaren betetzea,
26 mendeetan eta gizaldietan gorderik zaukan misterioa,
orai bere herri sainduari agertu baitio.
27 Huni jakinarazi nahi izan dio Jainkoak
zer den herrialde paganoen artean mixterio horren aintza aberatsa:
zuen artean den Kristo, aintzaren esperantza.
28 Kristo hori iragartzen dugu,
deneri kontseilu emanez eta zuhurtziaz irakatsiz
denak Kristo baitan beren beterat hel daitezen.

“…Kristoren atsegabeetan jasaitekoak direnak nere gorputzean osatzen ditut…” Hitz horiek
erran nahi dute ebanjelioaren berri onaren hedatzea ez dela sofrikariorik gabe eginen. Berak ,
Jesusek , kurutzeko izigarrikeria jasan behar izan badu, bere dizipulueri errana diote heien lana ere
ez dela errexa izanen :…Orduan nahigabean ezarriko zaituztete, eta hilen ; herri guziek hastiatuko
zaituztete neregatik.” (Mt 24,9) Eta ere : …Kasu zueri ! Auzitegi eta sinagogetarat eremanen
zaituztete , eta joka erabiliko…” (Mk13,9)
Hori gertatzen da, ez Jainkoak hola izan dadien nahi duelakotz bainan gizonaren partaidetza
eskatzen baitu Ebanjelioaren hedatzeko eta mundutarrek, ez bihotz berritzeagatik, ebanjelioa ez
dutelakotz onartu nahi. Paulok berak badaki horrren berri .
” …Kristo hori iragartzen dugu…Denak Kristo baitan beren beterat hel daitezen ” Eta zer da
Jainkoak “gorderik zaukan misterioa ? ” Kristo da ” Jainko ikusezinaren irudia…Haren bidez eta
Harentzat kreatuak izan dira denak…eta guziek Hari esker diraute …” (Kol 1,15-17) . ” Zuen artean
den Kristo, aintzaren esperantza ! ”
Esperantza hori azkartuz doala gure bihotzetan !

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Dohatsu Jaunaren mintzoa entzuten duena,
eta atea idekitzen diona: badu zorion eta bozkario.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 10, 38-42

38 Bidean zoatzila, Jesus herrixka batean sartu zen,
eta Marta izeneko emazte batek bere etxean hartu zuen.
39 Bazuen hunek Maria deitu ahizpa bat,
eta hau, Jaunaren oinetan jarririk, haren hitzaren entzuten zagon.
40 Marta, berriz, etxeko lan ainitzek tirabiratua zabilan.
Jesusen aitzinean eman eta erran zion:
“ Jauna, berdin zaitzu nere ahizpak lan guzia nere gain uzten baitu?
Errozu, bada, lagun nezan.”
41 Jesusek ihardetsi zion:
“ Marta, Marta, gauza ainitzengatik griñatzen zira eta kexatzen!
42 Bat bakarra da beharrezkoa.
Mariak du hautatu parterik hoberena, eta ez zaio kenduko!”

“…Bila zazue lehenik Jainkoaren erresuma eta (Aitaren) nahiaren egitea, eta beste guzia
gainerat emanen dauzue.” (Mt 6,33) Marta eta Mariaren etxeko gertakaritik atera ditaiken
erakaspena hori da : Bila lehenik…
“…Edozein etxetan sarturik, zaudezte han…(Lk 9, 4; 10, 5-9). Hamabiak, eta gero 72-ak
igortzen dituelarik, galdatzen diote eskainia zaioten aterbea onartzea, eta berak ere hori du egiten
Marta eta Mariaren etxean egonez eta ez dezake beraz Maria kondena Jesus errezebitzeko egiten
dituen beharrezko urratsentzat .
Mariari bezenbat hor diren bertze guzieri mintzo da Jesus :” Bat bakarra da beharrezkoa…”
Bertze egun batez Jesusek erran solasak (Luk 22, 34) heldu dira gogorat :…”Ez griña bizitzeko zer
jan, edo gorputza zertaz jantzi…Beha beleeri : ez dute ereiten ez uztarik egiten…Beha lilieri : ez
dute iruten, ez ehuten…alta Salomon bera, bere aintza guzian , ez zen horietarik bat bezala
jantzia…Ez ibil kezkaturik jan-edanen bila…Zuen Aitak badaki horien beharra baduzuela…”
Beharrezkoa den bakar hura, hau da : “…Bila zazue Jainkoaren erresuma !”
Hitz horiek ezpata xorrotxaren indar berarekin igortzen dauzkigu Jesusek. Badugu
gogoetatzekoa : alabainan” zuen aberastasunak non, zuen bihotza ere han ! ” ( Lk 12,34) Hor
ikusiko dugu zeren ondotik gabiltzan