JESUSEN BEGIRATUA (Markos 6,30-34)
Urteko 16. igandea –B−2018-07-22

Xeheki kontatu du Markosek pasadizoa. Leku patxadatsu eta bakarti baterantz doa Jesus ontziz ikasleekin. Lasai entzun nahi die, nekaturik itzuli baitira beren lehen ibilaldi ebanjelizatzailetik, eta bidali dituen Profetarekin partekatu nahi baitute beren esperientzia.

Jesusen asmok, ordea, huts egin du. Jendeak antzeman dio nora doan eta, ertzetik korrika, aurrea hartu dio. Jesusek eta ikasleek, iritsi direnean, inguruko herrixka guztietatik etorri den jendetzarekin egin dute topo. Zein izango ote Jesusen erreakzioa?

Markosek grafikoki deskribatu du haren jokabidea: ikasleek ikasi beharra dute jendea nola tratatu; kristau-elkarteetan gogoan izan beharko da, nola jokatzen zuen Jesusek anonimatuan galdua zen jendearekin, inork kontuan hartzen ez zuenarekin. «Ontzitik ateratzean, Jesus jendetza ikusi eta hunkitu zen, artzainik gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien, batere presarik gabe».

Ebanjelizatzaileak azpimarratu duen lehenengo gauza, Jesusen begiratua izan da. Ez da haserretu bere asmoa huts eginarazi diotelako. Pausatuki jarri zaie begira eta hunkitu da. Jendea Jesusek ez du sekula gogaikarri. Beraren bihotzak sumatu du herrixka haietako landa-jendea zein bide galdurik eta abandonaturik bizi den.

Jendeari Jesusek bezala begiratzen ikasi beharra dugu geure Elizan: askok jasaten duen sufrimena, bakartasuna, nahasmendua edo abandonua sumatuz. Errukia ez da sortzen arauez arduratzetik edo geure betebeharrak gogoan izatetik. Sufritzen dutenei adi-adi begiratzetik sortu ohi da gugan errukia.

Begiratu horrekin konturatu da Jesus jende haren premiarik sakonenaz: «artzainik gabeko ardiak bezala dabiltza». Maisuek eta legelariek eskaintzen dieten irakaspenak ez die ematen behar duten janaririk. Beraiez inor arduratzen ez dela bizi dira. Ez dute, ez gidatu, ez defenda ditzakeen artzainik.

Errukiak eraginda, «batere presarik gabe hasi zaie irakasten». Astiro, presarik gabe, Jainkoaren Berri Ona irakasteari emango dio. Ez da ari derrigorrez. Ez du gogoan bere burua. Jainkoaren Hitza eman nahi die, bizi duten artzain baten premiak hunkiturik ariko da Jesus.

Ezin gelditu gara axolagabe, geure kristau-elkarteetan, hartzen duena baino janari sendoago baten bila dabilen jendea ikusirik. Ezin eman dugu normaltzat Eliza baitan ageri den norabide erlijiosoaren falta. Buru argiz eta erantzukizunez erreakzionatu behar dugu. Ez dira gutxi janari hobe baten bila dabiltzan kristauak. Jesusen irakaspena agertuko dieten artzainak behar dituzte.

Jose Antonio Pagola