URTEKO 15. IGANDEA C ohar (2019-07-14)

SARRERA

Senideok! Gaurko ebanjelioak geure kristau-bizitzaz gogoeta serios bat egitera gonbidatzen gaitu. Samariar onaren parabolaren bidez. Esaten digu, Ebanjelioa ezagutzea faltsukeria gerta daitekeela, baldin eta gure sentimenduak kutsatzen ez baditu, baldin eta Jesusek agertu zituen sentimenduen antzekoak bizitzera eragiten ez badigu.
Jesusen garaiko juduek ondo ezagutzen dute Moisesen Legea; hala uste dute. Baina bihotza ez die ukitu. Legearen mezuak ez die ezer esaten bizitzarako.
Jarrera horren kontra mintzo zaigu Jesus gaurko parabolan: bide-ertzean elbarriturik dagoena ikustean, samariarrak izan duen erreakzioa eta jarrera proposatu dizkigu Jesusek. Eta zer egin du? Bihotzean gupida, errukia sentitu du; bere bidaiaz ahaztu, gelditu eta zaurituagana doa; sendaketa bat egin, zamari gainean hartu eta ostatura darama.
Hori guztia geure buruari aplikatzen ahal diogu. Agian, aski ondo ezagutzen dugu ebanjelioa. Mesedegarri izango genuke gaurko ebanjelioko samariarren etsenplu bizi hori aintzat hartzea. Kontuan izanik, samariar hori Jesusen beraren isla edo ispilu dela.

LEHEN IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (30,10-14)

Deuteronomio liburuaren zati inportante bat entzungo dugu. Aurreko hogeita bederatzi kapituluen konklusioa-edo da.
Lehenik, Jaunagana itzultzeko eskatzen digu; orduan izango dugu egiazko bizitza. Bigarren, esan digu, Jainkoaren legea ez dela gugandik urrun dagoen zerbait. Baizik eta gutako bakoitzaren bihotzean dagoela. Nork bere bihotzera begiratzea da kontua.
Horien arabera, Jesusek agertu digun bezala, Jainkoagana jo behar dugu benetan. Bigarren, gaurko munduaren eraginari uko egin behar diogu: azalean bizitzera eragiten baitigu gizarte honek. Alde honetatik, galdera egin genezake, adibidez: etxean zer aldizkari erabiltzen dugu? Arrosa deitzen diren horietakoren bat bakarrik? Zein liburu erabiltzen dugu?

BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei egindako Gutunetik (1,15-20)

Kolosasko kristauei egindako gutunaren zati bat entzungo dugu. Jainkoaren irudi edo imajina bezala agertzen digu Jesus. Jainkoaren argazki edo erretratu bezala. Guk ikusteko moduko egin da Jainkoa Jesusengan.
Bestetik, esaten digu, Jesusen antzeko egin behar dugula geure burua. Orduan izango garela egiaz gizon edo emakume. Gizadiaren eta gizatasunaren eredu da Jesus. Beraz, Jainkoaren irudi eta gizakiaren eredu dugu Jesus.
Gizadiaren erdigune da Jesus. Lehenengo, kreazioan sortzaile edo kreatzaile izan da Jainkoaren Semea, Jainkoa denez. Bigarren kreazioan, salbamenduzkoan, salbatzaile, askatzaile, kontsolamendu izan da, gizon eginik.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (10,25-37)

Ezagun-ezaguna den parabola bat entzungo dugu: samariar onaren parabola, alegia. Doktoreek, lege-maisuek, Tenpluan kultuari emanik bizi direnek, galdera asko egin diote Jesusi. Gaurko honetan, galdera hau egin dio batek: Zein da nire lagun hurkoa? Samariar onaren parabolarekin erantzun dio Jesusek.
Tenpluan kultutik bizi diren apaiz batek eta lebitar batek, ezikusiarena egin diote bide-ertzean erdi hilik dagoen gizon bati.
Samariar bat, ordea, «gupidatu eta errukitu egin da», errukia sentitu du, eta sendaketa bat egin eta zaindu egin du elbarria. Samariar honek oso ondo ulertu du zein duen bere lagun hurkoa. Oso ondo ulertu du zein den Jainkoaren agindua.
Samariar hau hunkitu egin da. Gauza bera gertatu zaio Jesusi, mundu honetan bizi izan den bitartean, kasu askotan: Lazaro bere adiskidea hilik ikustean, bere seme bakarrari lur ematera doan Naingo ama alarguna ikustean, gizatalde handi bat leku bakarti batean zer janik ez duela ikustean, etab.
Oker handia izango litzateke hau: munduan diren premien berri izan, baina premia handienak jasaten dituztenez errukitu gabe geldituko bagina.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gure mundu honetako gizon-emakume guztientzat: geure bihotzean dugun joerarik goxoena kanpora atera, eta gure jokabidea kutsatu dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Guk elizan ospatu ohi dugun otoitzak, aurretik eta ondoren, kalean eta etxean, maitasuna eta solidaritatea lagun izan ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaur egungo «samariar on» direnen alde; gizon-emakumeen ustean ezer onik egiten ez duten, baina Jainkoaren begi aurrean maitasunez solidario diren haien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaixo, preso, erbestetu, etorkinen alde: eskua luzatuko dien norbait aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.