Jesusen ikasleak misiolari
Urteko 15. igandea B (2015-07-12)

Nazareteko porrotak ez dio Jesusi adorea galarazi. Alderantziz. Joan den igandean ikusi genuenez, misiolari jarraitzeaz gain, bere ikasleak ere misiolari bidali ditu. Itun Zaharreko profetek, batzuetan, beren ikasleak izaten zituzten; baina, dakigula, ez zituzten bidali sekula misiolari; ikasle haien eginkizuna profetaren sostengu sozial eta espiritual izatea izan ohi zen, profetaren hitzak gerokoentzat jaso eta eskualdatzea. Beste bat da Jesusek bere ikasleez duen ikuspegia, dinamikoagoa: ez dira mugatzen ikastera; ikasitakoa praktikan jarri behar dute eta Jesusen jarduera zabaldu.

Markosen testuak bost puntu ditu jardungai:

1.- Aginpidea. Ordezkari edo misiolari orok behar du aginpide bat. Ikasleek hartu dutena espiritu lohien gainekoa da. Ideia hau, gure egun hauetan hain arrotza, Markosen ebanjelioaren testuinguruan hartu behar dugu. Jesusek lehen unetik azaldu du espiritu lohien gain duen aginpidea, Kafarnaumeko sinagogan. Ikasleek ere ahalmen bera hartu dute. Enbaxadore ahalguztidun dira.
2.- Hornidura eta eskuartekoak. Interesgarria da erreparatzea, zer duten hartzen eta zer zaien debekatzen: makila bat eta sandaliak bakarrik har ditzakete; debekatua dute janaria (ogi, bide-zorro) eta txandatzeko tunika bat hartzea. Makila eta sandaliak hartze hori ez dator bat Mateoren ebanjelioarekin; debekatu egiten ditu honek. Adibide jakingarria dugu hau, egiaztatzeko, nola egokitzen dieten ebanjelariek Jesusen mezua elkartearen zer-nolakoei: ikasleek geroagoko misiolariek egin beharko dituzten bide luzeak ditu kontuan Markosek: bide zakarretan, makila eta sandaliak beharrezko izango direnetan, ibili beharko dute. Alabaina, janaria eta txandakatzeko jantzia debekatu izanak (Mateok diruaren debekua gehitzen du) Jesusen kezka handi bat azaltzen du: ikasleek pobretasun-etsenplua eman behar dute; hain zuzen, garai hartan, predikari erlijiosoen kontrako salaketa baitzen, predikari haiek diru bila zebiltzan kalakari edo hitzontzi zirela.
3.- Ostatua. Bere etxean hartu nahi zituen jendearen artean tirabirak eta borrokak saihesteko, beti etxe berean bizitzeko esaten die Jesusek.
4.- Ukoa. Apostolutza ez da beti arrakasta izango. Jesusi Nazareten uko egin zioten bezala, ikasleei ere edozein lekutan egin ahalko diete uko.
5.- Jarduera. Kurioski, ikasleek egin beharrekoa ez da ageri azkena arte: «Bihotz-berrikuntza hots egitera irten ziren, deabruak botatzen zituzten, gaixo asko igurzten zuten olioz eta sendatzen». Jesusek egin zuen gauza bera, gaixoak sendatzeko olioa erabiltzea izan ezik. Azken jarduera hau, badirudi, geroago sartu zela elizan; Santiagoren gutunean dator honen testigantza: «Zuetako bat gaixo jarri dela? Deitu elkarteko adinekoei, harengatik otoitz egin dezaten eta olioz igurtzi dezaten, Jainkoaren izenari dei eginez» (Santiago 5,14).

Ukoa (1. irakurgaia)

Jesusen irakaspenetan, luzera laburrena du gai honek. Aipatu b egiten da: gerta litekeela. Aitzitik, lehen irakurgaiak esaten digu, aukera hau benetakoa zela eta dela.
K.a. VIII. mendearen erdi aldera, Amos profeta, jatorriz hegoaldekoa (Judakoa), Iparraldera (Israelera) bidali zuen Jainkoak, gortearen eta kleroaren laguntzarekin, han egiten ziren zuzengabekeria izugarriak salatzera. Liskarrik latzena Betelko (=Jainkoaren Etxea) santutegian izan zuen Amosek, erreinutik kanpora joateko agindu zion Amasias apaiz nagusiarekin. Azken batean, Amos ondo atera zen. Beste batzuei lepoa moztu zieten.

José Luis Sicre