Urteko 14. igandea C 2019-07-07
HOMILIA

Anai-arrebok!

Ribadeneira biografoak San Ignazioren uste ikusgarri hau kontatzen digu. Dio Ribadeneirak: «Gure Jaunaren zerbitzurako egiten zituen lan guztietan, eskura zituen giza baliabide guztiez baliatzen zen Ignazio, eta haietaz halako arretaz baliatzen zen, non uste baitzuen bere lanaren arrakasta haien esku zegoela; aldi berean, ordea, halako konfiantza jartzen zuen Jainkoagan, non uste baitzuen, giza baliabideen indarra Jainkoaren esku bakarrik dagoela». Eta jarraitzen du Rivadeneirak: «Gauzak egin behar dira, dena gure esku balego bezala eta ez Jainkoaren esku. Baina, aldi berean, Jainkoagan konfiantza izan behar da, dena haren esku balego bezala, eta ezer ez gure esku».

Ondo eta sakon irakurria zuen San Ignaziok Jesusen ebanjelioa. Esan liteke gaurko ebanjelioaren laburpen direla.

Jesus gizon errealista izan da. Badaki bere egitekoa ezin bete duela berak bakarrik. Horregatik, jende talde bat ondo prestatzen saiatu da. Eta ez dira 12 apostoluak bakarrik. 12 zenbaki hori zenbaki sinbolikoa da. Israel herriko 12 tribu edo leinuak adierazten ditu. Azken batean, Israel berri osoa adierazten du. Gaurko ebanjelioan, Jesusek, 12 ikasle ez, baizik 72 ikasle bidali ditu misiolari. Eta binaka bidali ditu. Eta nola jokatu adieraziz bidali ditu: ez poltsarik, ez dirurik, baizik eta konfiantza Jainkoagan ipiniz; ebanjelioa onartzen duen elkarteak emango die jana eta ostatua.

Baina batez ere, ohar nagusi hau egin die: uzta ugaria da, langileak gutxi, otoitz egiozue uzta-jabeari uztara langileak bidal ditzan.

Horra, beraz, Ignaziok nondik hartu duen aipatu dugun pentsamendua: jendea, bai; langileak, bai; predikariak, bai; baina, batez ere, konfiantza Jainkoagan

Lehen irakurgaian, Isaias profeta oso utopiko agertu zaigu: preso eta erbestean dauden herritarrak itzuliko dira herrira; Jainkoak ekarriko ditu. Jainkoaren lana izango da. Jainkoarena bakarrik.

Ebanjelioan, Jesus errealista ez ezik, utopiko ere ageri zaigu. Baina Isaias profetak ez bezala, uste du, bien esku dagoela helmuga utopiko hori lortzea. Gizakiaren eta Jainkoaren esku.

Bestetik, Lukasek beste ekarpen handi bat egin digu. Misiolari bidali duen jende hori ez da jende jakintsu, aberats eta indar handikoa. Jende xumea da, oro har. Horrek ere zerbait adierazi nahi du: misioaren arrakasta ez da jendearen esku bakarrik; Jainkoaren esku dago batez ere.

Senideok! Loiolako San Ignazio aspaldikoa dugu. Nazareteko Jesus askoz ere lehenagokoa. San Lukas ere duela bi mila urte ingurukoa. Kontua ez da haien hitzak materialki hartzea, hitzez hitz hartzea. Kontua da, haien mezuak gaurko egunean zer adierazten digun interpretatzea.

Jesusen, Lukasen eta Ignazioren mezuak zerbait balio duela uste badugu, garbi aterako dugu:
─batetik, mundua hobeago, zuzenago, solidarioago izatera eragiteko, guztiok garela beharrezko; jende asko behar dela;
─bigarren, otoitza behar-beharrezkoa dugula; besteak beste, gaurko munduan Jainkoak gugandik zer nahi duen jakiteko, berari argitasuna eskatzeko.

Ebanjelioan ageri den Jesusen jarrera ez da modaz pasatua. Gogotsu jardutera gonbidatu gaitu. Ikasleak ez ditu engainatu nahi izan; zailtasun handiak izango dituztela agertu die. Baina uzta-jabeari otoitz egiteko esatean, pista bat eman die, jakiteko, ez direla sekula bakarrik jardungo.

Gaurko mundu honetan zer egin dezakegu. Nola zehaztu genezake bakoitzak egin beharreko «misiolaritza» (ez da beharrezkoa etxea uztea, lanbidea uztea, kalea uztea)? Nola zehaztu neure mundutxoan solidaritatea, zuzentasuna, errukia, maitasuna, elkarrekiko errespetua? Nola zehaztu nire otoitza? Ez dezagun ahaztu, Jesusek binaka bidali dituela ikasleak. Nola zehaztu komunitate bateko kide izatea?

Parolin kardinalak, aste honetan egindako deklarazio batzuetan, agertu dizkigun Frantzisko aita santuaren hitz hauek interesgarri izan genitzake nork bere lanean: «ezin kendu digu inork ere poz sakon hau: Jaunak maite gaituela sentitzeak ematen diguna; berak gidatzen du historia, gizon-emakumeon artegatasun, asaldura edo agitazioak baino harago». Lagundu gaitzala Jesus maite-maitearen Espirituak.

Dionisio Amundarain