Sinesgabetasunaren misterioa
Urteko 14. igandea B (2015-07-05)

Joan den igandean, bi fede-eredu aurkeztu zizkigun Markosen ebanjelioak: odol-jarioa zuen emakumearena eta Jairorena. Gaur kontrako jarrera bat dakarkigu: Nazareteko jendearena; beren fede-faltaz Jesus txunditu egin dute.

Arrakasta Kafarnaumen

Interesgarria da konparatzea, Nazareten gertatua ebanjelioaren hasieran gertatuarekin: larunbatean oraingoa ere, Kafarnaumen, Jesus sinagogan ari da eta jendeak galdegiten du, zur eta lur: «Zer da hau? Irakaspen berria da, aginpidez emana. Espiritu likitsei ere agintzen die eta obeditu egiten diote». Irakaspenak eta mirariek harridura eragiten dute eta konfiantza Jesusengan; hain zuzen, arratsalde horretan berean mirari asko egin du (Mk 1,21-34).

Porrota Nazareten

Beste batean larunbatean orduan ere, Nazareteko sinagogan, jendea harritu egin da. Alabaina, Jesusen irakaspenak eta mirariek ez dute sortu federik, baizik ezin sinetsia. Kristau-apologetikak askotan agertu izan ditu mirariak Jesusen jainkotasunaren frogatzat. Pasadizo honek adierazten du, mirariak ez direla ezertako, jendeak sinesteari uko egiten dionean. Aitzitik, sinesgabetasunera eragiten dute.
Jesusen mirariak enigma izan dira garaiko teologo nagusientzat, lege-maisuentzat, eta konklusio honetara iritsi dira: «Bere barruan Beelzebul du eta deabruen buruzagiaren ahalmenez botatzen ditu deabruak» (Mk 3,22).
Nazaretarrak ez dira iritsi horretaraino. Jarrera arraro bat hartu dute; gaur egun ez genuke asmatuko nola kalifikatu: ez dituzte ukatzen Jesusen jakinduria eta mirariak; baina, umetatik ezagutzen dutelako eta familia ere ezaguna, ezin antzeman diote eta eskandalizatu egin dira Jesusez.

Jesus, eskandalu-bide

Grekoz, «eskandalu» terminoak tranpa esan nahi du, sarea edo zepoa, animaliak harrapatzeko jarria. Metaforaz, Jesusi jarraitzeko oztopo den guztiari aplikatzen zaio; errotik desegin beharreko zerbait da («zeure eskuak, oinak, eskandalizatzen bazaitu… moztu ezazu, atera ezazu»).
Zera da gaurko pasartearen bitxitasuna: Jesusi jarraitzeko oztopo bihurtu dena Jesus bera dela, ez egiten duenagatik, baizik bere jatorriagatik. Jesus ezagutu nahi duzunean, «nondik datorren», zein duen bere familia, eta soilik gizabidez interpretatzen duzunean, Jesus oztopo gertatzen zaizu sinesteko. Markosen ikuspuntutik, nazaretarrak logikoagoak dira Jesusengan sinesten dutenak baino, beste edozein profeta bezala hartzen baitute hauek.

Jesusen harridura eta ezina

Markosi Jesus Jainkoaren Seme bezala aurkeztea gustatzen zaio, baina haren gizatasuna oso agerian utziz. Horregatik, ez ditu ezkutatu, ez Jesusen harridura, ez haren ezina Nazareten mirariak egiteko, bertakoen fede-faltagatik. Kontuan har dezagun aldea, Markosen formulazioaren: «ezin egin izan zuen han miraririk» eta Mateoren formulazioaren: «Haien sinesgabetasunagatik, ez zuen egin han mirari askorik» artekoa.

Nazaret sinbolo bezala

Hiru ebanjelio sinoptikoek garrantzi handia eskaini diote Nazareteko pasadizoari, eta Jesusen porrota azpimarratu dute (bertsiorik gogorrena Lukasena da; honetan, Jesus mendian behera amiltzen saiatu dira nazaretarrak). Israeldar gehienekin Jesusi gertatuko zaionaren sinbolotzat hartu dute Nazaretekoa: «Bere herrian bakarrik, bere ahaideen artean eta bere etxean bakarrik mespretxatzen dute profeta».

Ondoren, inguruneko herrixketan ibili zen irakasten

Jesusek porrota izan du Nazareten. Honek, ordea, ez dio galarazi adorea eta bihotza, ezta etenarazi ere bere jarduera. Ezekielek bezala (1. irakurgaia), jendeak kasurik egin ala ez, testigantza argia utziko du, Israel herrian profeta bat ari dela.

José Luis Sicre