Urteko 18. igandea B (2015-08-02)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Behin batean bazen familia bat: hiru seme, ama alargunarekin. Seme gazteena beti kexu: jateko gutxiena beti berari ematen zion amak. Behin batean, afarirako hirurei, nori bere afaria utzi zien amak, berak kanpora joan behar zuelako. Lehenik beste bi anaiek afaldu zuten. Gazteenarentzat afari bikoitza utzi zuen amak. Hasi zen afaltzen gure mutila, eta esan zuen berekiko: niri horrelako afaria utzi badit, nolakoa ez ote die utzi beste biei?

Senideok, Jesusek guztiok asetzen gaituen ogia agindu digu. Ogia esatean, ez da ari janariaz bakarrik. Jesusen garaiko lege-maisuentzat, Moisesen legea zen mana. Garai batean juduek basamortuan izan zuten janari hura sinbolo bat zen: gizakiak behar duen guztia asetzen duena. Gaurko Mezako Aleluian hau abestu edo entzun dugu: «gizakia da ez ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoaren ahotik ateratzen den guztitik».

Horixe esan nahi digu Jesusek «Ni bizi-ogia naiz» esatean. Jesus jatea ez da haren haragia jatea. Harekin bat egitea da, pertsona den neurrian, gizon eta Jainkoa den neurrian. Haren pentsamenduarekin, haren asmoekin, haren gogoarekin bat egitea da. Eta badakigu, haren asmo nagusia Jainkoaren erreinua da: Jainkoak munduaz duen asmoa betetzea.

Gaurko ebanjelioak, Jesusek juduekin izan duen elkarrizketa luzea dakar. Berari jarraitzeak zer eskakizun duen adierazten die.

Beraren eta entzuten diotenen gogoak zein urrun dauden ageri da. Esaten die Jesusek: «Nire bila zabiltzate, ez seinale bat ikusi duzuelako, baizik atzo ogiz ase zinetelako». Eman zien seinalea beste bat izan zen: partekatzea. Bost ogi eta bi arrain zituen gazteak egin zuen bezala; Jesusen eskuetan jarri baitzituen, eta, Jesusen eskuetatik igaroz, 5000 gizonek jateko adina gertatu zen huskeria hura.

Ez, juduak ez dabiltza Jesusen bila. Ez dabiltza Jesusen asmoak nola beteko. Jesusek beste horizonte edo zeruertz gizakoiagoa jarri nahi die begi aurrean; baina, ez. Jesusen asmoa ez zuen ulertu garai hartako erlijioak, ezta gaurkoak ere. Erlijioak, normalean, Jainkoa bera manipulatu nahi izaten du. Eskakizun egoista izaten da.

Jesusek, berriz, galtzen ez den janari bila ibiltzeko eskatzen die. Biziaren alde lan egiteko: Jesusen mezuaren laburpena da: Biziaren alde lan egin. Horrek, ordea, ahalegin bat eskatzen du. Horixe da Jainkoak eskatzen dien eta digun lana: izan dezatela eta dezagula konfiantza berak bidalia den Jesusengan.

Juduek, beragan sinesteko, seinale edo mirari bat eskatzen diote Jesusi. Moisesek egin zituenak bezalakoak. Batez ere, mana ematean egin zuena bezalakoa.

Jesusek esango die, mana ez ziela Moisesek eman, Jainkoak eman ziela. Gainera, mana hura sinbolo bat zela; benetako ogia den Jesusena. «Ni neu naiz egiazko ogia». Jesus da egiazko janaria, Jesus da egiazko irakaspena, Jesus da egiazko legea. Jesus da egiazko bizia.

«Nigana datorrenak ez du goserik izango». Senide gutxi izan, asko izan, denon gosea, denon gogoa, denon ametsak betetzen ditu Jesusek. Denontzat da asegarri. Senideok, ez gaitezen konformatu «kristaua naiz» esatearekin. Ezagutu dezagun Jesus, ezagutu dezagun haren biziera, haren mezua. Bat egin dezagun berarekin. Lagundu gaitzala Jesusen beraren Espirituak.

Dionisio Amundarain