Urteko 14. igandea B (2015-07-05)
HOMILIA

Anai-arrebok!

«Profeta ez dute onartzen, ez bere aberrian, ez bere ahaideek, ez bere etxean»: Jesusek bere jaioterrian, Nazareten, esan dituen hitzak dira. Pentsatzen jarrita, hitz gogorrak. Esanahi handikoak

Profeta ez onartzea, Jainkoa ez onartzea da. Azken batean, bizitzari zentzua eman diona ez onartzea. Izan ere, nire bizitzan Jainkoa modu batean edo bestean ageri ez bada, zer da nire bizitza?, zer zentzu du nire bizitzak?

Joan den astean, bi fededun handi agertu zizkigun Markos ebanjelariak: emakume odol-jarioduna eta alabatxoa hilzorian zuen Jairo. «Zeure fedeak salbatu zaitu», esan zien Jesusek.

Gaur, Nazareteko jendearen federik eza agertu digu Markosek. Jesus bere jaioterrira joan da. Beti bezala, larunbatean sinagogan hitz egin du. Eta txikitan lagun eta adiskide izan zutenek, uko egin diote Jesusi.

Zergatik? Ezagunegia dutelako: Jesusen aita eta ama ezagutzen dituzte; anaiak eta arrebak ere bai. Nondik nora du Jesusek bere jakinduria hau? Gauza berria da hau guztia. Jesusen irakaspena ez dator bat «berek ezagutzen dutenarekin».

Senideok, horra koska. Berek ezagutzen dutena eta Jesusek irakasten duena ez datoz bat. Zer esan nahi du horrek?

Gizon-emakumeok jarrera eta joera dugu: behin ikasitakoa, behin entzundakoa, behin ikusitakoa… behin betikotzat emateko joera eta jarrera. Gaztetan hau ikasi genuen, gure etxean hau egiten zen…

Baina Jainkoa ez da planto egin da gelditu. Mundua ez da planto eginda gelditu. Unean uneko gauzak nola ikusi eta nola hartu irakasten digu Jainkoak. Jesus dena berri egitera etorri da. Nazareteko jendeak ez du ulertu errealitate hori.

Eta jakina, berek ezagutzen dutena eta Jesusek irakasten duena ez datoz bat. Eta guk?

Gazte ginenean, ez genuen gaur bezalako informaziorik munduko arazoez. Zer tratu eta zer harrera eskaintzen diogu gaur informazioari? Ezer aldatzen al da nire bizitzan munduan hainbeste jende goseak hiltzen ari dela jakitean? Munduan hainbeste gerla sarraskia egiten ari dela entzutean? Esaten al dit ezer ere informazio horrek?

Gazte ginenean, ez genuen, oro har, hainbeste diru, esku artean. Zer tratu ematen diogu diruari? Etxe-atarian, herrian beharrean direnak kontuan hartzen al ditugu? Esaten al digute ezer ere pobre horiek?

Gazte ginenean, ez genuen izaten geure inguruan eta munduan gaur adina manifestazio. Zer jarrera izaten dugu manifestazio horien inguruan? Esaten al digute ezer ere?

Gerta dakiguke Jesusek nazaretekoei esana bera gertatzea: «Profeta ez dute onartzen, ez bere aberrian, ez bere ahaideek, ez bere etxean». Alabaina, Jainkoa, edozein pertsonaz, edozein gertaeraz… baliatzen da, guri irakaspen berria eskaintzeko: dela informazioaz, dela pobreez, dela manifestazioez… Profetaren irudia ez da hartu behar mirarizko gauzak esaten dituena bakarrik. Urruneko gertaerak handi gertatzen zaizkigu; etxe ondokoak baliorik gabeko.

Ireki ditzagun begiak. Ireki belarriak. Ireki bihotza. Gauzarik arruntenaz hitz egiten ahal digu Jesusek, irakaspen berria emanez. Jesusen Espirituak lagun diezagula. Joan den astean ospatu dugun apostoluak bezala, esan dezagula bihotzez eta egiaz, halako gertaeren aurrean: «Ene Jauna eta ene Jainkoa».

DIONISIO AMUNDARAIN