Jesusek bere familia salbatu
Urteko 12. igandea B (2015-06-21)

Markosen ebanjelioa jauzika, estropezuka eta zatiak janez irakurtzen dugu Liturgian; horrela egin ordez, Markosek idatzi zuen bezala irakurriko bagenu, ohartuko ginateke, Jesus gero eta herrikoiago eginez joan zela eta horrek erreakzio desberdinak sortu zituela: mesfidantza bere familian, ukapena lege-maisuen artean, onarpena bere familia berrian («hauek dira nire anaiak, nire arrebak eta nire ama»). Familia berri horri irakatsi egin dio Jesusek parabolen kapituluaren bidez (horietatik bi bakarrik irakurri genituen joan den igandean); gero, berehala, salbatu egin du bere familia hori. Jesusek baretu duen ekaitzaren pasadizo honen bidez, galdera eginarazi nahi dio Markosek irakurleari: nor de Jesus?

Itsasoa indar kaotikoen sinbolo (Job 38,1.8-11)

Kreazioaren mito mesopotamiarrean (Enuma elish), itsasoak ordezkatzen duen Tiamat jainkosaren aurka borroka egin behar izan du Marduk jainkoak, unibertsoa kreatzeko. Arriskuaren eta biziaren kontrako mehatxuaren sinboloa da itsasoa. (Gaur egungo hizkeran esateko, lur sendoa irensten eta suntsitzen duen tsunamia da itsasoa).

Gai honetaz ari da Joben liburutik hartua den lehen irakurgaia, baina beraren konotazio politeistak kendurik. Itsasoa ez da jainkosa bat, baizik indar kaotiko bat, dena estaltzeko mehatxua agertzen du. Israelen Jaunak ez dio txikitu eta puskatu burua, Mardukek Tiamat-i egin dion bezala; bi atez hesitu du soilik, itxitura bat ezarri dio, haren «kontra desegingo da haren harrokeria».

Itsasoaren arriskua (Sal 107)

Itsasoa ez da arriskua lur lehorrarentzat bakarrik; arriskua da antzinako haiek bezala ontzi txiki batean zeharkatu nahi denean ere. Gutxiena uste denean, iluntzen da zerua, lehertzen da ekaitza, eta ontzia gora eta behera hasiko da olatuen erritmo amorratuaren harira. Nork bere burua Jainkoaren eskuetan jartzeko aukera bakarrik gelditzen da. Esperientzia hau aipatzen dut 107. salmoaren zatiak; jendeak ez dio zati honi arreta handirik eskaintzen; alabaina, funtsezkoa da gaurko ebanjelioa ulertzeko.

Jesus, ikasleak eta itsasoa (Markos 4,35-41)

Ebanjelioaren mezua bost zatitan bana dezakegu: a) sarrera: Jesus eta ikasleak beste itsasertzera joateko ontziratu dira; 2) ekaitza: lo dago Jesus eta izuturik esnatu dute ikasleek; 3) Jesusek ekaitza baretu; 4) Jesusek ikasleei hitz egin; 5) ikasleen azken erreakzioa.
Zati hauetako hiruk zerikusi berezia dute Joben eta Salmoaren testuekin.
Bigarrenak (ekaitza), Salmoan deskribatu den egoera larriki arriskutsua gogorazten digu. Alabaina, kasu honetan, ikasleek ez dut jo Jainkoagana, baizik Jesusengana; ez dute uste, arazoa konponduko duela; soilik, hondoratzeko arriskuan egonik, Jesus hain lasai lo egoteaz harritzen dira.
Hirugarrenak, aldiz, Joben irakurgaia dakarkigu gogora; ez testuak duen ukitu poetikoagatik, baizik Jesusek itsasoaren gain agertu duen ahalmen eta goi-aginteagatik, Jainkoak Itun Zaharrean agertu izan duenaren antzekoa.
Bosgarrenak ikasleen erreakzioa dakar; Salmoan nabigatzaileek duten erreakzioa gogorazten digu: Salmoko nabigatzaileak pozik ageri dira eta Jainkoari eskerrak ematen; ikasleek, berriz, beldur handia sentitu dute eta Jesus nor ote den galdetzen diote elkarri. Gauza bitxia: Markosek ez du esan ikasleek ekaitzekoan beldurra izan dutela, baina orain bai; misterioarekin harremanetan jartzen zarenean sentitzen duzun beldurra da.
Sarrera alde batera utzirik, paralelorik gabe gelditu dena, laugarren zatia da: Jesusek ikasleei egindako galdera agertu duten beldurraz eta fedeaz. Paralelorik ezak iradokitzen du, bi galdera hauek direla funtsezkoenak kontakizun honetan. Izatez, pasarteak bi gauza esaten dizkio irakurleari: 1) Jesusen ahalmena, Itun Zaharrean Jainkoari zaionaren antzekoa da; itsasoa dominatzeko ahalmena eta gizakia salbatzeko ahalmena; 2) irakurgaia entzutean, kristauak aitortu beharra du, beraren beldurrak asko direla eta beraren fedea koxkorra. Jesus ezagutzea ez da antzinako kontzilioetako formula batzuk buruz jakitea. Ebanjelioak egunero behar liguke sortu harridura, eta geure buruari galdera eginarazi: nor da Jesus.
Antzinatik eman zitzaion balio hau kontakizun honen alderdi sinbolikoari: elizaren ontzia, ekaitz-mota askok joa, Jesusek du salbatzen. Maila pertsonalean ere balioa aitortzen ahal diogun alderdia da.

José Luis Sicre