URTEKO 11. IGANDEA B 2015-06-14

SARRERA

Senideok, Pazkoaldia, Hirutasun eta Corpus jaiak ospatu ondoren, URTEKOA deitzen dugun aldia jarraituko dugu; Garizuma hastearekin eten genuen aldia.
Urteko aldi honetan, Jesusek JAINKOAREN ERREGETZA edo ERREINUA deitzen duen hori sakontzen joango gara. Mateok, bere garaiko judu-entzuleen girora egokitzeko, ZERUETAKO ERREGETZA deitzen duen hori hausnartu eta bizitzen.
Jesusek, esapide horrekin zer adierazi nahi duen errazteko, parabolen bidez hitz egingo digu geuri ere. Ipuin horien bidez, askoz ere errazago ulertuko dugu zer den Jainkoaren Erregetza, baldin eta igandez igande esaten diguna, entzuteaz gain, hausnartzen eta betetzen saiatzen bagara.
Irakasle greziarren irakaspen korapilatsuen aurrean, Jesusen irakaspena argi, garbi eta xume ageri da. Jesus eguneroko bizitzako gauzez baliatu da; adibidez: bere uzta nola salbatuko ari den nekazaria; sukaldean ari denak gatza nola erabiltzen duen, etab. aipatuko ditu. Lehenengo irakurgaian, berriz, Ezekiel profeta zedro arbolaz ari zaigu: arbola berezia, bai iraupenez, bai kalitatez. Zedro arbola hori Israel herriaren sinbolotzat emanez. Bigarren irakurgaian, gorputzaz ari zaigu Paulo: behin-behineko bizilekua da; halere, behar beharrezkoa, gorputz berpiztuan betiko bizia lortzeko.
Senideok, saia gaitezen Jesusen hitza entzuten, sakontzen, geure-geure egiten, beste batzuei adierazten. Saia gaitezen hazia ereiten. Haziari geure bihotzean eta gizartean giro egokia prestatzen. Betiere, mundua kreatzean eta mundua askatzeko bere Semea bidaltzean, Jainkoak bere buruan eta bihotzean izan zuen gizadi-mota hura egiten: bata bestearekin bakean, bata bestearen bidelagun, bata bestearen zirikatzaile eta eragile, bata bestearen maitale fin-fin izanik. Jesusen Espirituak lagundu gaitzala.

LEHEN IRAKURGAIA Ezekiel Profetaren liburutik (17,22-24)

Ondo samar ezagutzen dugu Ezekiel; apaiza eta profeta; Jeremias profetaren garaikidea; Jerusalemen suntsipena (Kristo aurreko 586an) bizi izan zuena; ondoren, Babilonian erbestealdia jasan zuena beste herritar askorekin.
Bere lehen idazkietan mehatxuak dakartza, Egiptoko erregeekin hitzarmenak egiten zituzten Israelgo erregeen kontra; Jerusalemen suntsipena aurresaten du; izan ere, Jainkoagan ez dute konfiantzarik. Geroagoko idazkietan, ordea, eta batez ere, esperantza-kantuak dakartza. Adibidez, gaurko irakurgai honetakoa. Davidi agindutakoari eutsiko zaiola, Israel erreinua berregingo dela, etorkizunean arrakasta izango duela esanez mantendu nahi du esperantza.
Horretako, sinboloez baliatuko da: zedro zaharra dela, Jainkoak haren muskila landatuko duela, modu harrigarrian haziko dela… Zedro zahar eta handi hori Israel herriaren sinbolotzat eman du.
Profetak esperantza osoa du: herria salbatuko da erbestetik; herri horren jatorriak iraungo du, milaka urte bizi ohi den zedro arbolak bezala. Guri ere esperantza eman nahi digu Ezekielek. Esperantzari gabe, ez genuke izango, ez gogorik, ez kemenik geure bizitzan aurrera egiteko. Pertsona maite bat galdu duenari,« aurrera jarraitu behar dugu» esaten diogun bezala, memento oro errepikatu beharko genuke hori bera, bai nork bere buruari esanez, bai lagunei esanez. «Aupa eta eutsi goiari»: benetako kristau eta giza esapide ederra dugu.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (5,6-10)

Korinton ebanjelioa hots egin ondoren, beste herri batzuetara doa Paulo, haietan ere gauza bera egitera. Alabaina, Paulo urrundu orduko, Paulori izena kendu nahi dion pertsona bat iritsi da Korintora.
Paulok jakin du hori. Eta Korintora doa, baina ez du lortu arazoa garbitzea. Efesora joan eta gutun bat egin die handik Korintokoei. Handik gutxira, Tito ikasleak jakinarazi dio Paulori baretu direla Korintokoak. Pozaren pozez idatzi die Paulok berriro. Besteak beste, gaur entzungo dugun pasarte hau.
Kristau-esperantzarako deia da eta Jainkoagan konfiantza jartzeko deia. Esapide ederrak darabiltza; hau adibidez: «Jaunagandik urrun erbesteraturik bizi gara lurrean, Jainkoa ezin ikusirik gabiltza». Kristau-bizitza deskribatu nahi du: erbesteraturik bizi gara, hau da, Aberritik urrun oraino. Baina, erbestean izan nahiz aberrian izan, Paulo Kristoz maitemindurik ageri da. Horretara gonbidatzen gaitu: Jainkoarentzat pertsona atsegin izan saiatu behar dugu; horixe izango dugu geure zoriona.

EBANJELIOA San Markosen arabera (4,26-34)

Jesusen parabolak ez dira ari arbola handiez eta gotorrez, lehenengo irakurgaian bezala. Ezekiel zedroaz mintzo da; arbola lerden, eder eta handiaz. Jesusek, berriz, gure etxe inguruko baratzean aldatu eta hazi daitezkeen zuhaixkez hitz egiten digu; etxeari kalte egin gabe eta inguruko landareei itzal handirik egin gabe hazten direnez zuhaixkez.
Gaurko lehenengo parabolan, haziak bere barruan duen indarraz mintzo da; kasik, jabea konturatu gabe ari da hazten. Jabearen lana, lurra prestatzera mugatzen da, esateko. Haziak berekin du hazteko indarra. Indar hori ez dio ematen nekazariak.
Horrelako zerbait gertatzen da kristauaren bizitzan ere: bere baitan du, jaiotzetik, bizi-indarra, Jainkoak emana; batez ere, bataiotik. Baina ez dezagun jo jarrera fundamentalista batera. Kristau ez denak ere hor du bere barruan indar hori.
Jesusen begiek bazekiten gauzak ikusi eta irakurtzen. Jesusi, ikusten zuen guztiak hitz egiten zion Jainkoaz. Horregatik, edozein gauzaren aurrean gai zen Jainkoaz hitz egiteko. Mundua ikustetik eta kontenplatzetik jaio ziren Jesusen parabolak. Pista ederra eman digu horrela geuri ere. Batzuetan, arrazoi hutsez hartu nahi izaten ditugu gauzak; baina beharrezkoak dira bihotzaren begiak ere; indar handia dute begi hauek gauza guztietan Jainkoa ikusi ahal izateko. Eta Jainkoa ikusteak gizakia eta gizadia ikustea esan nahi du.
Ba al dugu konfiantzarik, guk egiten dugun bizierak, adierazten dugun jokabideak, baduela indar bat bere barruan munduaren legamia izateko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jesus Jauna, zureak garenok, beldurrik gabeko jende izan gaitezen; zugan konfiantza duen jende izan gaitezen; zailtasunetan nahiz pozaldietan bere bizitza partekatzeko gai den jende izan gaitezen. Eska diezaiogun zeruko Aitari.
2.-Jesus Jauna, izan dezagula zurekin sakon eta bizi-bizi topo egiteko zoria; barru-barrutik aldaraziko gaituena; zureak izanik, gainerakoentzat izan gaitezen. Eska diezaiogun zeruko Aitari.
3.-Jesus Jauna, gure mundu hau, gure Eliza hau, gure arduradunak erantzukizunez bizi daitezen; zu geurekin eta gure artean bizia zarela sinetsirik, esperantza eta patxada bizi ditzaten. Eska diezaiogun zeruko Aitari.
4.-Jauna, egizu, zureak garenok, askatzaile izan gaitezen, mundua aldatzen, jendearen okerrak begi onez ikusten eta gaitzak sendatzen saiatu gaitezen. Eska diezaiogun zeruko Aitari.