Urteko 11. igandea B 2015-06-14
Enigma, ziapea (mostaza) eta zedroa

Pazkoaldia eta ondorengo jaiak (Mendekoste, Hirutasuna, Corpus) bukaturik, Urteko aldira itzuli gara. Zinera berandu iristea bezala da, pelikularen erdialdera. Jesus jendeari hizketan ari zaio eta ez dakigu lehenago zer gertatu den. Jar gaitezen adi, zer esaten digun. Bi parabola dira, bi konparazio, oso laburrak biak.

Laboraria eta lurra

Lehenengo parabola datorrenak txorakeria dela ematen du: laborariak erein, eta gero ahaztu egiten da erein duenaz, uzta-garaia iritsi arte; lurra da lanean ari dena, lurrak hazarazten ditu landarea, burua eta alea. Jesusi entzuten dioten galilear guztiek dute horren berri. Zein da parabola honen berritasuna? Laborariaren jarduera Jainkoaren erreinuan gertatzen denarekin konparatzen duela Jesusek. Erreinuan ere, laborariak lanik egin gabe, lo dagoen bitartean, ematen du haziak fruitua.
Orduan sortzen dira galderak: zein da laboraria? Jesus bera? Ez du ematen horrek itxurazkoa den, parabolako laborariak ez baitaki zer ari den gertatzen. Ebanjelioa hots egiten ari diren apostoluak eta misiolariak ote dira, beroriek jakin gabe fruitua ebanjelioak berak ematen duela? Zein da lurra? Kristau bakoitza ote, harengan haziak fruitua ematen duelarik, ereilea lo dagoela?
Parabola misterio bat da, eta ulertzekoa da zergatik ez duten kopiatu Mateok eta Lukasek (arrazoi pastoralengatik, gaur egun esan ohi den bezala). Liturgia katolikoak, hamaika testu bere gustura baztertzen dituenak, ez du izan horrelako ardurarik.

Ziapea (mostaza) eta zedroa

Bigarren konparazioa argiagoa da eta gaurkotasun handikoa, batez ere mendebaleko lurralde askotan, kristautasuna gainbehera ari dela ematen duen horietan. Kristau-elkartea, Jainkoaren erreinua lurrean, mostaza haziarekin konparatu du Jesusek; gauza txikia da hazi hori, baina denborarekin arbola bihurtzen da, zeruko txorientzat egonleku izateraino. Horrenbestez, ez da zertan ustea galdu eliza arbola txiki bat baldin bada, barazkiak baino zerbait handixeago bat.
Itun Zaharra ezagutzen duena, jabetzen da, parabola honek Ezekiel profetaren konparazio bat jaso duela, errotik aldaturik. Bere garaiko juduei ari zaie Ezekiel profeta, bihotz eroriak baitira, hainbat zoritxar politiko, ekonomiko eta erlijioso jasaten ari direla eta. Esperantza eragiteko, arbola batekin konparatu du Israel herria Ezekielek. Baina ez mostazaren arbola txiki batekin, baizik zedro arranditsu batekin, eta esaten du, Jainkoak aldaxka bat kendu diola zedro arbola horri, «mendi-goi batean, Israelgo mendirik altuenean» aldatzeko.
Dena da handitsu Ezekielengan; ebanjelioan, berriz, dena da apal. Emaitza, ordea, bat bera da; bietan egin dezakete habia txoriek. Ezekielen konparazioak eliza unibertsal dominatzaile baten irudia gogoratzen du, eliza handiosa, guztiek errespetatua eta miretsia. Jesusenak, berriz, moduzko elkarte baten irudia dakarkigu, handinahirik gabea, baina premia duenari harrera egin ahal izateagatik alai bizi dena.

Erbestea eta aberria

Urteko aldiak, bigarren irakurgaiko errealitate edo problematikara dakarkigu burura; zerikusik gabe lehen irakurgaiarekin eta ebanjelioarekin. Lagundu baino gehiago, zailtzen duen tartekia da. Halere, badu mezu garrantzizkorik.
Korintoarrei egindako bigarren gutunaren zati labur honek bide ematen digu, Pauloren sentimendurik barnekoienak ezagutzeko. Konbertsioa Paulorentzat errotiko aldaketa izan zen, Jesusi berari zegokionez. Pertsegitzaile amorratu izatetik jarraitzaile gogotsu bihurtu zen; hain juxtu, eta bere gusturako, nahiago zuen hil, Jaunarekin egoteko. Bere egoerak bere garaikide askorena dakarkio gogora Paulori: arrazoi politikoengatik erbesteratuak zirenena, Erromatik edota beste hiri garrantziko batetik urrun erbesteratzen zituztenena. Bera ere erbesteratu sentitzen da, Jaunagandik urrun. Eta hiltzea gustatuko litzaioke, zeren hilez bakarrik itzultzen ahal baita aberrira eta Jaunaren hurbil bizi. (Mendeak geroago, antzeko zerbait esango du Avilako Teresa santuak: «Neugan bizi gabe naiz bizi, eta hain bizi garaia dut espero, hiltzen ari bainaiz hiltzen ez naizelako».) Alabaina Paulok badaki errealitatea onartzen. Erbestean nahiz aberrian, Jainkoari atsegin ematen behar dugu ahalegindu.

José Luis Sicre