Lisieuxko Teresa santua (urriaren 1a)

Hortaz, maitasuna izango naiz ni

Martiri hiltzeko irrika handia nuela, San Pauloren gutunetara jo nuen, erantzun baten bila. Halabeharrez, Korintoarrei egindako lehen gutunaren hamabigarren eta hamahirugarren kapituluak jo nituen begiz; haietarik lehenengoan irakurri nuen, guztiak ezin izan gaitezkeela aldi berean apostolu, profeta eta doktore, askotariko atalek osatzen dugula Eliza eta begia ezin izan dela aldi berean esku. Erantzun argia, dudarik gabe, baina askia ez nire desira ase eta bakea emateko.

Irakurtzen jarraitu nuen etsi gabe, eta erregu kontsolagarri hau topatu nuen: Amestu itzazue karismarik hobenak. Eta, are gehiago, aparteko bide bat agertu dizuet. Apostoluak, hain justu, ohartarazten du ezen dohainik handienak, karitatea gabe, ez direla ezer, eta ezen karitate hau bera dela biderik hobena Jainkoagana era seguruan iristeko. Azkenean topatu nuen lasaitasuna.

Elizaren gorputz mistikoa kontenplatzean, ez nuen ikusi neure burua San Paulok izendatzen dituen atal haietan; aitzitik, gogo nuena, neure burua haietan guztietan ikustea zen. Karitatean aurkitu nuen neure bokazioaren erroa. Jabetu nintzen ezen Eliza gorputz bat dela askotariko atalek osatua, eta gorputz honetan ez dela falta atal haietan guztietan beharrezkoena eta jatorrena: jabetu nintzen ezen Elizak bihotz bat duela eta bihotz hau maitasunez sutan dagoela. Jabetu nintzen ezen maitasuna bakarrik dela lan egitera eragiten diena Elizako atalei eta, maitasuna falta balitzaie, apostoluek ez luketela jada ebanjelioa hots egingo, ezta martiriek ere odola isuriko. Argiro konturatu nintzen eta konbentzitu ezen maitasunak bokazio guztiak dituela bere baitan, maitasuna dela den-dena, aldi eta leku guztiak hartzen dituena, hitz batean beti-betikoa dela maitasuna.

Hala, pozak gaina harturik, aho betean atera zitzaidan: «Oi Jesus, ene maitea, aurkitu dut azkenean neure bokazioa: maitasuna dut neure bokazioa. Bai, aurkitu dut neure lekua Elizan, eta leku hau zuk seinalatu didazuna da, ene Jainko. Elizaren bihotzean, neure ama baitut, maitasuna izango naiz ni; horrela den-dena izango naiz, eta neure desira aserik izango dut». (Lisieuxko Teresaren bizitzaren kontaeratik, berak kontatutik. Manuscrits autobiographiques, Lisieux 1957, 227-229. Nik neuk beste honetatik hartu dut: Liturgia de las Horas, urriaren 1, 1232. or.).