Santuen Elkartasuna

Eukaristiaren Maria ahizpak prozesiorako kandela piztu nahi zituen. Pospolo faltan, erlikien aurreko olio-argira jo zuen; baina, ai!, erdi itzalirik zegoen hura, ez zen printza huts baizik, metxa ikaztuan.

Alabaina, lortu zuen bere kandela piztea. Eta Mariaren kandelari esker, elkarteko guztiak piztu ziren. Olio-argi erdi itzali hark eragin zituen sugar eder haiek guztiak, zeinak, beren aldetik, gai izan zitezkeen beste mila kandela pizteko eta, are, unibertsoa sutan ipintzeko. Baina sutearen lehen kausa olio-argi txiki hura izango zen beti.

Harrotu al daitezke, hortaz, kandela-gar ederrak halako sutea eragin izanaz? Ez al ziren, bada, bizi hasierako pindar izpi hari esker?…

Gauza bera gertatzen da Santuen Elkartasunarekin. Askotan, geuk jakin gabe, hartzen ditugun graziak eta argiak, ezkutuko lagun bati zor izaten dizkiogu; Jainkoaren nahia baita santuek grazia elkarrekin banatzea otoitza dela medio, zeruan maitasun handiz elkar maita dezaten, familiako maitasuna bera baino maitasun askoz handiagoaz, lurreko familiarik behinena den hartakoarena baino askoz handiagoaz. Zenbat aldiz otu zaidan hartu ditudan grazia guztiak ez ote dizkiedan zor pertsona baten otoitzei, Jainkoari nigatik eskatu dizkionari esker, zeruan baizik ezagutuko ez dudanari!

Bai, pindar izpi guztiz ñimiño batek egundoko jenio argitsuak ernearaz ditzake Elizan, doktore nahiz martiri, pindarra bera baino gorago izango direnak zeruan; baina zeinek uka dezake beste haien aintza erraldoi hori pindar xumearen aintza bihurtuko dela?

Zeruan ez da izango begirada axolagaberik; hautatu guztiek aitortuko dute batak besteari zor dizkietela graziak, zeruko koroa merezitzeko bide izan dituztenak. (Jesus Haurraren Teresa Txikiaren [1873-1897] idazki batetik).