Santu Guztiak (2019ko azaroaren 1a)
Zoriontasunak (Mateo 5,1-12)
Pagolaren «Camino abierto por Jesús» liburutik, 56. or.

ZORIONTASUNAK HURBILETIK ENTZUN

Jesus mendira igo eta zoriontasunak aldarrikatzeko eseri denean, jendetza dago ingurune hartan, baina «ikasleak bakarrik hurbildu zaizkio» beraren mezua hobeto entzuteko. Zer entzuten dugu gaur egun Jesusen ikasleok, harengana hurbiltzen bagara?

Zorionekoak «gogoz pobre direnak», ezer gutxirekin bizitzen dakitenak, konfiantza beti Jainkoagan jarririk. Zorionekoa pobrearen arima duen Eliza, problema gutxiago izango baitu, adiago egongo baita premian direnekiko eta askeago biziko baitu ebanjelioa. Harakoarena da Jainkoaren erreinua.

Zorionekoak «eraman handikoak», bihotz onberaz eta errukitsuz bizi direnak. Zorionekoa otzantasunak hartua den Eliza. Opari izango da indarkeriak joa den mundu honentzat. Halakoak du izango ondare hitzemandako lurra.

Zorionekoak «negar dagitenak», sufrimendua eta marjinazioa zuzengabeki jasaten dituztelako. Halakoekin eratzen ahal da mundu hobe eta duinago bat. Zorionekoa Jesusi leial izateagatik sufritzen duen Eliza. Egun batean kontsolatuko du Jainkoak halakoa.

Zorionekoak «zuzenaren gose-egarri direnak», galdu ez dutenak, ez zuzenago izateko gogoa, ez mundu duinago bat egiteko asmoa. Zorionekoa Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna lehiatsu antsiatzen dituen Eliza. Giza gogoaren gauzarik onena izango du hark arnasa. Egun batean aseko da halakoaren guraria.

Zorionekoak «errukitsuak»; gupidak eraginik jarduten, lan egiten eta bizi direnak. Lurrean zeruko Aitaren antzik handiena dutenak dira. Zorionekoa Eliza, Jainkoak harrizko bihotza kendu eta haragizko bihotza ezartzen diona. Errukia erdietsiko du halakoak.

Zorionekoak «bakearen alde lan egiten dutenak», pazientziaz eta fedez, guztien onaren bila. Zorionekoa Eliza, munduan bakea txertatzen duena eta ez liskarra, adiskidetasuna eta ez etsaigoa. «Jainkoaren alaba» izango da halakoa.

Zorionekoak «zuzenagatik pertsegituak», zuzengabekeriari eta irainari otzan erantzuten dietenak. Gaizkia ongiaz garaitzen irakasten digute halakoek. Zorionekoa Jesusi jarraitzeagatik pertsegitua den Eliza. Halakoarena da Jainkoaren erreinua.

Jose Antonio Pagola