BAZKOKO ZAZPIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jondoni Exteberen hiltzea )

Apostoluen Egintzetarik 7, 55-60

55 Izpiritu Sainduaz beterik, Extebek zerurat behatu
eta Jainkoaren aintza ikusi zuen,
eta Jesus xutik Jainkoaren eskuinaldean.
56 Erran zuen:
“ Horra, zerua zabalik ikusten dut,
eta Gizonaren Semea xutik Jainkoaren eskuinaldean.”
57 Orduan, heiek, garrasiaka, beharriak tapatu zituzten ,
eta denek batean jauzi egin zioten gainerat.
58 Hiritik atera zuten eta harrika hasi zitzaizkion.
Lekukoek Saulo deitu gazte baten oinetan
utzi zituzten beren soinekoak.
59 Harrika ari zitzaizkiolarik, Extebe hunela otoitzean ari zen:
“ Jesus Jauna, har zazu nere izpiritua.”
60 Gero belaunikaturik, gora gora erran zuen:
“ Jauna, ez horien gain ezar bekatu hau.”
Eta hori erranik, hil zen.

Extebek dio gizonaren Semea ikusten duela ( dudarik gabe, Jesus da) xutik Jainkoaren
eskuinaldean.
Judu batzuendako, “gizonaren Seme” , “xutik”, “Jainkoaren eskuinaldean” hitzek
anitz erran nahi dute; mota bereko hitzek Jesusen kondena erakarri dute. Arrazoin berengatik,
Extebe salatua izan da Jesus bezal
Extebek erran dauku beraz, Jesus , orduko apez nausiek gutietsi, baztertu, arbuiatu gizon hura,
Jainkoaren aintzan dela.
Kristoren aintza ikusteak emanen dio bere jaunaren zorte berari buru egiteko indarra.
Lukek, Exteberen eta Jesusen azken mementoko gertakariak biltzen ditu. Extebe hiritik
kanpora herrestatua da Galbarioa Jerusalemetik kanpo zen bezala. Harrikatzen dutenean,
otoitzean ari da eta bere baitarik Jesusen salmo bera errepikatzen du : “Zure eskuetan ezartzen
dut neure bizia” (Sal 31,6) ; azkenean bere burregoeri barkatuz hiltzen da. Jesusek erran zuen
: “Aita, barka iezaiezu ez dakite zer ari diren”, Extebek hiltzeko mementoan, dio : “Jauna, ez
horien gain ezar bekatu hau”. Eta Lukek barkamendu horren emankortasuna erakusten dauku
: Exteberen barkamendua ukan zuenetarik bat Tarsoko Saul da, sortzen ari den
girixtinogoaren kontrako gaixtoenetarik bat. Laster bihozberrituko da, lekuko eta martir
bilakatuko bere aldian.

Salmoa 96

Leloa : Zeru-lurreko Jaun eta Jainko
Zaude zu, Kristo, betiereko !

Jainkoa Jainko, jauz eta kanta, lur guzia,
Itsas leihorrak, bozkaria.
Hedoi-ilunbez inguratua da ibilki,
Zuzentasuna du jar-alki.
Gora diote zeru indarrek zoin den zuzen,
Eta gizonak ikaratzen.
Jaunaz bertzeri josi guziak ahalgez ur,
Handi guziek hari agur.
Zu zaitugu zu mundu guzian jaunen Jauna,
Zu denetarik handiena.

Orai, Kristoren piztearen argian erraiten dugularik “Jauna errege da”, Jesu Kristoz
mintzo gira. Salmo hau Izraeleko Jainkoaren ospatzeko moldatua izana da lehenik. Jainkoa,
errege bakarra, haren aintzinean lurreko erregetto guziek burua ukurtu behar baitute ! Jainkoa
Jainko bakarra da, Jaun bakarra, errege bakarra…Izraelen fedearen borroka handia idolatriaren
kontrako gatazka izan da. Hemen irakurtzen dugu “Zu denetarik handiena” , “Handi guziek
hari agur ! ” Munduan izaki batek bakarrik hartze du haren aintzinean belaunikatzea :
Jainkoa, Izraelen Jainkoa, Jainko bakarra.
“Jainkoa Jainko, jauz eta kanta, lur guzia” erran nahi du Jainkoaren erregetasuna lur
guzian zabaltzen dela eta hori lur osoaren bozkarioarendako eta alegrantziarendako ! Zergatik
errana da : “Gora diote zeru indarrek zoin den xuxen, eta gizonak ikaratzen” ? Populuek
jadanik ikusten ahal izan baitituzte Jainkoak heientzat egin mirariak. Lur guziak Jainkoaren
zuzentasuna zinez onartuko duen egunaren beha gaude. Orduan kantatzen ahalko dugu zinez
: “Itsas leihorrak bozkaria !”.

Bigarren irakurgaia

( “ Zato, Jesus Jauna!”)

Jondoni Joaniren Apokalipzatik 22, 12-14. 16-20

Nik, Joanik, mintzo bat entzun nuen erraiten zautana:
12 “ Hara, berehala heldu naiz, eta nerekin daukat saria,
bakotxari bere egintzen arabera ordaintzeko.
13 Ni naiz alfa eta omega, lehena eta azkena,
hastapena eta bururapena.
14 Zoriontsu beren soinekoak xuritzen dituztenak,
biziaren zuhaitzaren fruituetarik parte hartzeko,
eta hiriko ateetarik sartzeko.
16 Nik, Jesusek, nere aingerua igorri dautzuet,
Elizeri buruz aitormen hunen egitera.
Ni naiz Dabiden arrazako muskila eta ondokoa,
ni goizeko izar distiratsua.”
17 Izpirituak eta Emazteak diote: “Zato!”.
Entzuten duenak ere erran beza: “ Zato!”
Egarri dena etor bedi.
Nahi duenak har beza urririk biziaren ura.
18 Liburu huntako profeta mezua entzunen duenari,
nik jakinarazten diot: huni norbaitek zerbait eransten badio,
Jainkoak erantsiko diozka liburu huntan aipatu gaitzak.
19 Eta norbaitek profeta liburu huntako mezutik zerbait kentzen
badu,
Jainkoak kenduko diozka liburu huntan aipatuak diren
biziaren zuhaitzaren fruitu partea eta hiri sainduan sartzea.
20 Hau guzia aitortzen duenak dio:
“Bai, berehala heldu naiz.”
Amen! Zato, Jesus Jauna!

Irakurgai ospetsu hau Apokalipzaren bururatzea da, bainan liburuaren hastapenean
denak aipatuak ziren jadanik, hala nola : “Hara hodei artean dator ! Guziek ikusiko dute”(Ap
1, 7) oihartzunean errepikatua den : “berehala heldu naiz.”(22,20) eta ere liburuaren azken
hitzetarik bat: “Zato, Jesus Jauna”, hain ezagutua, meza bakoitzean erraiten duguna,
kontsekrazionearen ondotik.
Apokalipzaren lehenbiziko kapituluan irakurtzen dugu ere : “Ni naiz lehena eta
azkena”(1,17) … “Ni naiz alfa eta omega”(1,8) … Liburu hau garaipen kantu bat bezala da !
Apokalipzaren bururatzea, Jainkoaren asmo betea da : “Goizeko izar distiratsua” jeikitzen da.
Egarri diren guziak hurbil daitezke eta biziaren ura edan. Egarria desagertua da, egarri oro
gainditua, heriotzea bera desagertua, biziaren uraz ari denaz geroz …
Aro Mesianikoak hor dira beraz. Jondoni Joanik argiki dio Jesus Mesias dela : “Ni naiz Jesus,
Dabiden arrazako muskila eta ondokoa, ni goizeko izar distiratsua”. Goraki erraitea “heldu”
dela, Mesias dela baieztatzea da. Irakurgaiaren hastapenean eta ondarrean : “ Hara, berehala
heldu naiz” horrek erran nahi du hori dela zinez zati hunen mezua.
Mesias hori Jainko da. “Ni naiz” Testamendu Zaharrean, Jainkoaren beraren izena da.
Erranaldi hirukoitz hunek “Ni naiz alfa eta omega, lehena eta azkena, hastapena eta
bururapena” ongi erakusten du Jainko dela.
“Alfa eta omega” greko alfabetoaren lehenbiziko eta azken hizkiak dira. Horrek erran nahi du
Jainkoa oro dela guretzat, A-tik Z-raino.
“ Izpirituak eta Emazteak diote : Zato ! ” Emaztea, hemen, bixtan da, girixtino herria da,
Eliza. Girixtino populua, igurika dagoen populua da.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ez zaituztet nik umezurtz uzten, dio Jaunak;
Banoa eta berriz heldu naiz zuenganat:
Izanen du bai zuen bihotzak bozkario.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 17, 20-26

Aitarenganat pasatzeko ordua etorri zitzaionean,
Jesusek, begiak zerurat altxaturik, hunela otoitz egin zuen :
20 “ Ez zaitut otoizten hemen diren hauen alde bakarrik,
bai eta hauen hitzaren bidez nere baitan sinetsiko dutenen alde ere.
21 Denak, bat izan daitezela,
Aita, zu nerekin, eta ni zurekin biak bat giren bezala.
Hauek ere bat izan daitezela gurekin,
munduak sinets dezan zuk igorri nauzula.
22 Eta nik, zuk eman dautazun aintza bera eman diotet,
bat izan daitezen, gu biak bat giren bezala:
23 ni hauekin bat,
eta zu nerekin bat.
Hauen batasuna osoa izan bedi:
hola munduak jakinen du zuk igorri nauzula,
eta ni maitatu nauzun bezala,
maitatu ditutzula hauek ere.
24 Aita, zuk eman dauzkidatzunak
nahi dut ni naizen tokian nerekin izan daitezen,
eta nere aintza ikus dezaten,
mundua izan baino lehen maite izan nauzulakotz
eman dautazun aintza.
25 Aita zuzena, munduak ez zaitu ezagutu,
nik, aldiz, ezagutu zaitut,
eta hauek jakin dute zuk igorri nauzula.
26 Zure izena ezagutarazi diotet,
eta oraino ezagutaraziko ere,
zuk nere alderat duzun maitasuna hauen baitan izan dadin,
eta nihaur ere hauen baitan izan nadin.

Jesus eta bere apostoluen arteko ondar solasaldiaren azkenean gira, hil baino oren
batzu lehenago. Solasaldiak otoitz baten itxura hartzen du orai : haien aintzinean ari da
otoitzean ; horrek erran nahi du bere barnatasunean sarrarazten dituela. Bere nahikari
barnekorrenak erakusten dizkie. Bere otoitzean nortaz mintzo da gehienik ? Munduaz. Bere
indar guziez nahi du munduak sinets dezan : “Denak bat izan daitezela, Aita, zu nerekin, eta
ni zurekin biak bat giren bezala. Hauek ere bat izan daitezela gurekin, munduak sinets dezan
zuk igorri nauzula.” “Hauen batasuna osoa izan bedi : hola munduak jakinen du zuk igorri
nauzula”. Zergatik baitezpadakoa da munduak jakin dezan Jesus, bere Aitak igorria dela ?
Jainkoak munduari eman dezaken amodio froga ederrena baita : “ munduak jakinen du zuk
igorri nauzula, eta ni maitatu nauzun bezala, maitatu ditutzula hauek ere.”
Ohartzekoa da « amodio » eta « batasun » hitzen garrantzia. Jainkoaren eta gizonen
arteko historia, abentura handi bat da, amodio historia bat. Jainkoa Amodio da, gizonak maite
ditu, eta bere semea igortzen du hori goraki erran diezoten !
Joaiteko tenorean, mundu huntarik bere aitarengana iragaitean, Jesusek dizipulueri bere
lekukotasuna uzten die, eta heietarik urrunago, aldi guzietako dizipulueri “ Ez zaitut otoizten
hemen diren hauen alde bakarrik, bai eta hauen hitzaren bidez nere baitan sinetsiko dutenen
alde ere.” Oraidanik, lekukotasuna haieri utzia zaie. Mezu batendako hautatuak dira ; eta
mezu hori, mendez mende, beti bera da guziendako : Jainkoak gizonak maite dituela
jakinarazi.
Mezu hori zertan da hain makur-bide nun Jesusek bere biziaz pagatu behar izan baitu,
ainitz profetek bezala hura baino lehenago eta ondotik haren apostoluek. Jesusek : “Aita
zuzena, munduak ez zaitu ezagutu” erraitean, galde horri emaiten dio errepostua : ezjakinaren
izigarrikeria.
Jesusek bezala, dizipuluek ere bihotzmin hori biziko dute, izan ditaiken berririk
hoberena jakinaraziko dietenen ezetz lazgarria. Mundua Jainkoaren eta profeten amodioaren
helburua da, bainan ere ber denboran, amodio horri emaiten den ezetzaren lekua. Jesusek
izigarrikeria hori behin baino gehiagotan adierazi du. Bainan badakigu Jainkoaren amodiozko
kantua gizadiarentzat, entzuna izanen dela azkenean. Jesusek bere dizipuluen aintzinean otoitz
handi hori egiten duen memento berean, bere Aitari hola fidatzen denean, ongi badaki entzuna
dela jadanik, berak errana duena : “Aita, nik badakit beti entzuten nauzula” (Jn 11,42).
Egunaren lehiatzeko bakarrik du bere mezularieri emaiten duen batasun-lehia hainbertze
errepikatzen : “Hauek ere bat izan daitezela gurekin, munduak sinets dezan zuk igorri
nauzula.”