JAUNAREN IGOKUNDEA (B) 2018-05-13

SARRERA

Anai-arrebok, Jesus zerura joan izana ospatzen dugu gaur. Jesus behin betiko aintzatua izana. Gure esperantzaren sustraia eta oinarria da gure fede hau: Jesus hila izan dela, baina piztu eta erabat aintzatua izan dela.
Horrek ematen dio gure bizitzari zentzua, sentidua. Jesus aintzatua izan den bezala, gu ere aintzatuak izango gara.
Izan ere, Jesus, Andre Mariagandik jaiotako gizon hura Aitaren altzora joan da. Baina, halere, gurekin jarraitzen du. Modu berezi batean. Baina benetan. Ez gaitu utzi.
Guri dagokiguna, geure bizitzari zentzu osoa emateko, Jesus hori aintzat hartzea da. Baina Jesus osoa: on eginez bizi izan hura, hil zuten hura, piztu zen hura, zerura joan den hura. Geure bizitzan, hurrenkera hori bera jarraitu beharko dugu: on eginez bizi, hil, piztu eta zerura joan.
Handitu dezala Jainkoak guztion konfiantza, bai Jesusekiko, bai elkarrekiko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (1,1-11)

Eginak liburuan, Jesusen Igokundea modu bizian ageri zaigu: Eliza jaioberriaren indar eta motor bezala. Jesus 40 egunez agertu izan zaie ikasleei. Berrogei zenbaki horrek sinbolismo handia du Biblian. Aldi jakin bat adierazten du, Jainkoaren misterio handian murgiltzeko denboraldia. Pentsa: Moises 40 egunez egon da Sinai mendian; israeldarrak 40 urtez ibili dira basamortuan; David 40 urtez izan da errege; batez ere, Jesusena: bataioaren ondoren basamortuan 40 egun egin ditu. 40 aldi horrek hausnarketa egiteko aldia adierazten du. Gaur aipatzen dugun berrogei aldi hau ere, Jesusen piztuera zer den adierazteko izan da: aurrerantzean hots egin beharko duten Jainkoaren Erreinu horren misterioa sakontzeko aldia izan dute ikasleek.
Guri ere, aurtengo pazkoaldi luze honetan, modu askotara agertu zaigu Jesus. Gaur, bera zerura joan aurretik, guk zer egin behar dugun zehaztu digu. Erantzun diezaiogun gugan jarri duen konfiantza horri, berak gure bihotzean txertatu duen konfiantza biziaz

BIGARREN IRAKURGAIA Paulok efesoarrei egindako gutunetik (1,17-23)

Igokundearen beste esanahi bat agertzen digu bigarren irakurgai honen autoreak. Hemen ez da aipatzen Igokundea berariaz eta zuzenean. Jesus aintzatua izan dela esaten digu. Beraz, Jesus bere behin betiko izaeran kontenplatzera deitzen digu.
Efesoarrei esatean, geuri egindako gutuna dela ulertu behar dugu. Bai. Geuri ari zaigu orain Paulo edo dena delakoa. Jesusekiko leial izatera dei egiten digu. Bakoitzak hartu dugun bokazioari leial izateko eskatzen digu. Guztiok bat izaten saiatu behar dugu. Izan ere, fede bera, bataio bera, Jaun bera ditugu. Guztiok Kristoren Gorputza osatzen saiatu behar dugu. Eliza konkretu hori egin behar dugu: Eliza konkretu hori maitatu behar dugu; haragizko Eliza hori garatu behar dugu; ez du balio ametsezko Eliza batean pentsatzen jartzeak; ezin galdu gara ezer ez den irudimenezko eta balizko Eliza batean pentsatzen. Gizaki ahulez eta bekatariz osatutako Eliza da: gu geu gara Eliza; baina Jesus dugu buru.

EBANJELIOA San Markosen arabera (16,15-20)

Gaurko ebanjelioko pasarte honetan bi gai nagusi ditugu: Jesus zerura igo izana; guri misio-agindua eman izana.
Jesus zerura igo izanak, Jesus errege izatera iritsi dela esan nahi du; izan ere, Aitaren maitasuna bete-betean agertu digu Jesusek, maitasunean oinarritutako beste bizimodu bat erakutsi digu. Jesus zerura igo da. Orain gure bitartez jarraituko du munduan, gure bidez izango da Jesus ikusgarri..
Lagundu gaitzala Eukaristiak geure fedea zinez bizitzen. Bizi dezagula Eukaristian geure fedea bizi-bizi: zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak. Zergatik ez diogu geure buruari esan behar: «Bai zorionekoa haizela! Ikusi gabe sinestera iritsi haiz, Jainkoaren graziari esker». Oso inportantea da nork bere burua zoriontze hori. Pilota-partida bat ikusten dugunean hona zer ikusten dugun, besteak beste: Pilotariak tanto on bat ateratzen duen bakoitzean, keinu zoragarriak egiten ditu, bere burua animatzeko. Zergatik ez antzeko zerbait gure fedea dela-eta? Horrekin, gainera, geure burua baino gehiago, Jainkoa goratzen dugu; haren grazia da fedea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: eliztar guztiak bat eginik bizi gaitezen, guztiok bat eginik lan egin dezagun, guztiok Jainkoaren maitasunaren lekuko izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari,
2.-Mundu osoaren alde: mundu hori pertsona guztien etxe gozo eta atsegin izan dadin; elkarrekiko errespetuaren, guztien arteko parekotasunaren eta bidezko diren desberdintasunak onartzearen gainean eraikia izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari,
3.-Mundu eta kultura berri batzuen alde lanean ari diren erakunde guztien alde: mundu hori eta kultura hori solidaritatean eta errespetuan oinarrituak izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari,
4.-Gaur eguneko era askotako krisialdiak –kulturalak, erlijiosoak, sozialak, ekonomikoak…− era gogorrenean jo duen jendearen alde: gure jokabidea ikusirik, gure laguntza ikusirik, arimarik gabeko politika ekonomizista horren kontrako gure ahaleginak ikusirik, esperantzarako zirriztu bat ikus dezaen. Eska diezaiogun Jaunari.