PAZKOALDIKO 6. IGANDEA C 2019-05-26

SARRERA

Pazkoaldi guztian pazko-zuzia pizturik ikusten dugu. Jesus berpiztuaren sinboloa da: argia da Jesus berpiztu hori mundu osoarentzat. Gure artean dago Jesus, gidari eta argi. Inportantzia handia du kristauarentzat ikusi eta irakurtzen jakiteak.
Gaurko ebanjelioaren arabera, bake-emaile da Jesus berpiztu hori. Jesusena ez da munduak ematen duen bakea. Juduen shalom hura ere munduak ematen duen bakea baino askoz sakonagoa zen. Jesusek ematen digun shalom hau, berriz, juduen hura baino askoz sakonagoa da: bere burua ematen digu Jesusek, bere borondatea, bere asmoak, bere poza…
Ez da kanpotik datorren zerbaitek edo norbaitek kanpotik emandako bakea. Gure barrua arnasten eta izerdiz blai egiten duen Jesusen Espirituak ematen duen bakea da..
Alabaina, barrutik dariona izanik ere, kanpoan agertu beharra du gure bake horrek. Jesusen hitza sakonkiago gordetzera eragiten digun Espirituaren bakea da. Fedez eta esperantzaz, Jesusen bidelagun izatera eragiten digu Espiritu horrek.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (15,1-2.22-29)

Espiritu Santuak eta guk hau erabaki dugu, diote apostoluek: ez ezartzea inori ezinbestekoak diren obligazioak baino gehiago.
Lehen kristauen artean ere tirabirak izan ziren. Batzuek lege zaharreko obligazioak ezarri nahi zizkieten kristau egiten ziren paganoei; adibidez, juduen artean indarrean zegoen erdainkuntzaren erritua.
Esan berri dugun hori erabaki zuten apostoluek. Ezin diogu ezarri inori geure kaskoak adierazten digun ezer, ebanjeliotik ateratakoa ez bada. Jakina, erdaindu ala ez arazoan, erdainkuntza bera baino gehiago, beste zerbait zegoen jokoan: zerk edo nork salbatzen gaituen aitortzea. Kristok gaitu salbatzen.
Guretzat ere balio du erdainkuntza horren arazoak. Bereiz ditzagun, beraz, ezinbestekoak diren gauzak eta gure iritzi hutsekoak direnak. Eta ez gaitezen gelditu hau eta hura egiten dut esanez. Aitortu dezagun: Kristo dut neure salbatzailea; hark maite nau; bera dut nik maite.

BIGARREN IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (21,10-14.22-23)

Joan den igandeko bigarren irakurgaiak bezala, gaurkoak ere hauxe du bere helburu nagusia: sufritzen ari den jendeari esperantza ematea.
Zerutik jaitsia zen hiri santua erakutsi zidan, dio ikusleak. Guretzat gauza bitxi gertatzen diren irudiz azaldu nahi digu nolakoa den hiri santua, hau da, zerua. Funtsean, hau agertu nahi digu hiri santuaz, zeruaz: Jainkoaren aintzak betetzen du hura; hamabi ate ditu, hamabi aingeru ageri dira, hamabi izen ageri dira, hamabi oinarri ditu hamabi gizakik sostengaturik; “hamabi” zenbaki horrek “gizon-emakume guztiak” esan nahi du Biblian; zeru horrek ez du eguzkiaren argi beharrik; Kristo du argi.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (14,23-29)

Ebanjelariak agertu nahi diguna, Jesusen hitzak baino gehiago, lehen kristau-elkarteak lehen hirurogei urteetan izan zuen esperientzia da. Jesus begi-bistatik joan zaienetik, ikasleek Jesusen esperientzia nola bizi duten agertzen digu ebanjelariak.
Jesusengan sinetsi eta hura maitatzeak haren hitza betetzea esan nahi duela, dio ebanjelariak. Hori egiten bada, Aita eta biok harengana etorriko gara. Beraz, harreman bero-beroak sortuko dira Jainkoaren eta gizakiaren artean. Hain beroa, ze Espiritu kontsolatzailea eta argi-egilea etorriko baita gizakiaren bihotzera. Bestalde, Jesusen bakea biziko du kristauak. Bake bizia.
Horra, beraz, gaurko ebanjelioan nabari ditugun hiru gai nagusiak: batetik, ez da aski Jainkoaren hitza entzutea; bete egin behar da; bigarren, Espirituaren bidez, Jesusek gure artean presente jarraituko du hil, piztu eta zerura igo ondoren; hirugarren, Jesusek bakea eman digu, ez munduak ematen duena bezalakoa, baizik bere-berea: Jesus bera da bake hori. Hori guztia aintzat hartu ahal izateko, Jesusekin harreman pertsonal bizi-biziak eduki behar dira.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Injustizia beltzean bizi den munduaren alde: Jesusek eskaintzen dion Espirituari ateak irekitzeko argia izan dezan. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Urtetan eta urtetan gutxieneko bake-zantzurik gabe bizi den hainbat jenderen alde: horretan erantzukizun handiena dutenek begiak ireki ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Beren bizitzan inoiz edo behin etsipena sentitu ohi dutenen alde: beren barruko bakea eskura dezaten, horretarako bideak bilatuz. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde: Eukaristian, Jesus berpiztua gurekin modu berezian dagoela senti dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.