PAZKOALDIKO 5. IGANDEA C 2019-05-19

SARRERA

Senideok, Pazkoaldiko bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Lehenengo irakurgaian bada, besteak beste, kontuan hartu beharreko gauza bat. Paulo eta Bernabe misiolari dira. Batetik bestera dabiltza. Baina toki bat uztean, bertan arduradun bat izendatzen dute. Eliza antolatzen edo erakundetzen hasi dela esan nahi du horrek. Arduradun bat. Baina, jakina, kristau-elkartea handitu ahala, arduradun bat gutxi izango da. Honek beste batzuk hartuko ditu bere inguruan: diakonoak, katekistak, gaixoen arduraduna eta beste.
Bigarren irakurgaian, Apokalipsi liburua zeru berriaz eta lur berriaz mintzo zaigu, Jerusalem berriaz. Jerusalem hitzak zuzentasuna eta bakea esan nahi du.
Ebanjelioan, azkenik, Jesusek agindu nagusia eman digu: maita ezazue elkar, nik maite zaituztedan bezala; ez da aski lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea; Jesusek bezala maitatzea da helburua..
Bizkortu dezala Espiritu Santuak, guztiongan, modu batean edo bestean Kristoren zerbitzari bizi izateko irrika.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (14,21b-27)

Paulo eta Bernabe Antiokiako kristau-elkartetik abiatu dira misiolari, eta hara itzuli dira lehen misio-bidaia bukatu dutenean. Antiokiako kristau-elkarteari pozik kontatu diote beren bidez Espiritu Santuak egin duen guztia: kristau-elkarte berri asko sortu dira. Eta elkarte bakoitzean arduradunak izendatu dituzte, elkartea animatu eta berotu dezaten, aholkuz erregutu diezaioten, irautera gonbidatu dezaten, indartu dezaten.
Lukasek, liburu honen egileak, behin eta berria aipatzen ditu otoitza eta baraua. Otoitza, gure egintza guztiak Jainkoaren esku-lan direla aitortzeko. Baraua, sorkari eta Jainkoaren mendeko garela oroitu eta aitortzeko.
Senideok, pentsa dezagun geure elkartean batak besteari zer zor diogun, eta munduko beste elkarteei zer zor diegun. Baina norberak besteei zor izateaz aparte, esperantza ere izan behar du besteen laguntzan.

BIGARREN IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (21,1-5)

Apokalipsia liburua esperantzaren liburua da. Gaurko pasarte hau liburuaren azken aldekoa da. Salbamen historiaren bukaeran «emagaldu ospetsu» hura, hau da, Babilonia gaizto hura, Jainkoaren kontrako boterearen sinbolo den hura, erabat galduko da, eta «Bildotsaren emaztea», hau da, Eliza irtengo da garaile. Beste hitz batzuekin esanda: «emagaldu» hitzak Jainkoaren kontrako boterea adierazten du; emagaldu horrek historian barna lortu izan ditu erdizkako garaipen batzuk, baina azkenean hondatu egingo da erabat. Eta Kristo bitarteko dela, emaztearen, hau da, Elizaren esku gelditu da garaipena. Gogoratu dezagun zein gure geroa: zeru berria eta lur berria, Jerusalem berria. Adamen eta Evaren paradisuko hasierako zorion hura mila bider eta gehiago biderkatua, ezin huts egiteko moduan.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (13,31-33a.34-35)

San Joanen liburuko kapitulu hauei, 13tik 17ra, «Jesusen agurra» esaten zaie. Gaurko zatian, bera badoala agertu die Jesusek ikasleei. Eta, jakina, agur egitean, beroagoak izaten dira aholkuak eta erreguak.
Ebanjelioaren lehen zatian, bi hitz hauek azpimarratu ditu Joanek Jesusi dagokionez: ni naiz argia, ni naiz bizia.
Bigarren zatian, berriz, maitasuna azpimarratu du: «Agindu berri bat demaizuet: maita dezazuela elkar, nik maite zaituztedan bezala». Gure maitasunaren oinarria Jesusen maitasuna da. Berak maite izan gaitu lehenik. Maitasun hori izango da kristauon ezaugarria. Izan dezagun zein mementotan gomendatzen digun Jesusek maitasunaren agindu hori: azken afarikoan, ikasleei agur esatean, badakielako zer datorkion gainera: nekaldia, heriotza eta piztuera. Beraz, gure maitasunak nolakoa izan behar duen aski argi agertzen digu testuinguru horrek.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliza osoaren alde: kristau-elkarte guztietan arduradun sutsu eta egokiak sor daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Mundu osoan kartzelan bizi diren guztien alde: gizakiari dagokion duintasunez tratatuak izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3. «Zeru berria eta lur berria» delakoak kristauen konpromisoaren utopia eta ametsa izaten jarrai dezan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure arteko gaixoen, pobreen eta langabetuen alde: gizarte zuzenagoa eratu nahi dutenen berotasuna senti dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.