Jesus eta Jainkoa, gu geu eta besteak

Pazkoaldiko 5. igandea C 2019-05-19

Joan den igandean irakurri genuen, ardiek artzainari jarraitzen diotela. Gaur, artzainak bertan behera uzten du artaldea aldi batez, azken orduko mandatu bat utziz. Lehen bi irakurgaiak orainaldiko pertsekuzioez mintzo dira eta, ondoren, aintzaz.

Ebanjelioa San Joanen liburutik (13,31-33a. 34-35)

Gaurko ebanjelioa, Azken Afarikoan Jesusek egindako hitzalditik hartua, bi gai hauez ari da labur: batetik, Jesus eta Jainkoa; bestetik, Jesus, gu geu eta besteak. Egiaz, ordea, laugarren ebanjelioko testuak hirugarren bat ere badakar aipatu bi horien artean: Jesus eta ikasleak. Baina hautapena egiteko erantzukizuna izan dutenek ez dute galdu azken zati hau bazter uzteko aukera, bere garrantzia baduen arren.

Jesus eta Jainkoa. (Harrigarri gerta daiteke zergatik ez dudan idatzi «Jesus eta Aita», baina lehen zati honetan Jesusek hiru bider aipatu du «Jainkoa» eta behin ere ez «Aita».) Ostegun Santuko iluntzean gaude. Judas irten berria da afaltokitik Jesusi saldukeria egiteko. Honek hitz nahasgarri hauek jaulki ditu: «Orain da aintzatua gizonaren Semea, eta aintzatua da Jainkoa harekin batean».

Zer esan nahi du Jesusek? Lehen zailtasuna da, bost aldiz erabili duela «aintzatu» aditza, guk sekula erabiltzen ez duguna, zer esan nahi duen dakigun arren. Gure artean inork ez dio esaten besteari: «aintzatzen zaitut nik» edota «Pedrok bere emaztea aintzatu zuen». Mezakoan bakarrik otoizten dugu Aintza, eta hor aditz hori, erabiliagoak diren beste batzuekin batean etorri ohi da: «goresten zaitugu, bedeinkatzen, gurtzen, aintzatzen zaitugu». Baina, azken batean, esaldia hamar edo hamabi aldiz irakurri ondoren, gutxi-asko argi gelditzen da Jesusek esan nahi duena: beraren aintzarako izan den zerbait gertatu da eta, ondorioz, Jainkoaren aintzarako izan dena, eta Jainkoak ere, saritzaile, Jesus aintzatuko du.

Zer da orain gertatu den hori, Jesusen aintzarako izan dena? Judas afaltokitik irten izana Jesusi saldukeria egiteko. Zorakeria dirudi horrelakorik esatea. Baina gogora gaitezen lehen irakurgaiak esan duen honetaz: «asko jasan behar da Jainkoaren Erreinuan sartzeko». Nekaldiaren eta heriotzaren bidez emango dio aintza Jesusek Jainkoari, eta Jainkoak bere aldetik aintzatuko du Jesus.

Loiolako San Ignaziok, bere Gogo Jardunak liburuan, gogo-jardunak egiten ari dena, honelako unetan, grazia hau eskatzera animatzen du: «Poztu eta gozatu ahal izateko grazia Kristo gure Jaunaren halako pozagatik eta gozamenagatik». Oinarrizko gauza da, baina alde batera uzten ahal duguna aintzat hartu gabe.

Jesus, gu geu eta besteak. Oso ezaguna da zati hau, ulerterraza eta betetzeko oso zaila. Lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea agindua dago jada Lebitarrak liburuan. Honetan datza Jesusen berritasuna: maitatu «nik maite izan zaituztedan bezala». Jesusek ikasleetako bat bakarrik maite zuelako ideia («ikasle maitea») ez da zehatza. Guztiak maite zituen, eta beraiei une hartan norbaitek galdetu izan balie Jesusek nola maite izan zituen, «guztiak aukeratuz eta guztiak jasanez» erantzungo zuten. Ez da gutxi, asko da hori, baina bada maitasuna agertzeko era handiago bat: maite duen pertsonaren alde bizia ematea, bere ardiengatik artzain onak egin ohi duenez.

Daitekeena da gu konklusio hau ateratzera iristea: «Jesusek horrenbeste maite izan bagaitu, geuk ere maitatu egin behar dugu bera». Alabaina, agindu berria ez da ari Jesus maitatzeaz, baizik eta guk bata bestea maitatzeaz. Honek aldaketa handia esan nahi du Deuteronomio liburuak esaten duenarekiko; liburu horrek hau dio agindu nagusiaz: «maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, zeure izate guztiaz». Jesusek, era kasik polemikoan, alde batera utzi du Jainkoarekiko erreferentzia eta lagun hurkoa maitatzeaz ari da. Eta ingurumen politeista batean israeldarren ezagugarria Jainko bakar bat sinestea zen bezala, kristauon ezagugarria guztiok bata bestea maitatzeak izan behar du.

Halaz guztiz, Elizaren historia ezagutzen denean, garbi ageri da ezen kristauon ezagugarria, elkarrekiko maitasuna baino gehiago, elkarren kontra borroka egitea izan dela, ez erlijio desberdinen artean bakarrik, baita kristautasunaren baitan ere. Kurioski, egoera asko hobetu da erlijioso edo kristau-eliza desberdinen artean, baina gatazkak ugaldu egin dira Eliza katolikoaren beraren baitan. Gauza ulergarria, bestalde. Errazagoa duzu zeurekin bizi diren anai-arrebekin sestrak izatea beren familia moldatu eta urrun bizi direnekin baino.

Lehen irakurgaia: Apostoluen Eginak (14,21b-27)

Pauloren eta Bernaberen lehen bidaia apostolikoaren azkenaz ari da, apostoluek bizi izan euten jokabidea adieraziz. Kristau-elkarte guztietan gauza bera egin dute beren itzulikoan:

1.-Bihotz eman eta fedean iraun dezaten erregutu. «Bihotz eman» aditza Eginak liburuan bakarrik datorren aditza da (14,22; 15,41; 18,23), eta beti ikasleak ditu helburu eta kristau-elkarteak (behin ere ez gizabanakoak). Nola bihotz ematen eta erregutzen dute? Errealitateari errepara diezaioten esanez: «asko jasan behar da Jainkoaren Erreinuan sartzeko». Ebanjelioa hots egiteko asko sufritu behar izan duten Paulok eta Bernabek bezala; hiltzeraino harrikatua izan zen Estebanek bezala (11,19). Pertsekuzioa eta estutasuna funtsezko gauza dira kristau-bizitzan.

2.-Arduradunak izendatu. Presbitero terminoak etimologikoki «zaharra» adierazten du; praktikan, elkarteko arduradunei ematen zaien izena da, eta, azkenean, ñabardura zehatz bat erantsiko zaio: apaiza. Apostoluek, ordea, ez dute apaiz-konturik aipatzen, baizik eta elkartea, liturgia-batzarrak, etab. gidatzen dituzten arduradun soilak dituzte aipagai.

3.-Otoitzaren liturgia eta baraua ospatu, beraietan elkartea Jaunari gomendatuz.

Azkenean, Siriako Antiokiara iritsi direnean, eman ahal izan dute albiste handia: Jainkoak fedearen atea ireki die paganoei. Aro berri baten hasiera da Elizaren eta gizadiaren historian.

Bigarren irakurgaia: Apokalipsia liburutik (21,1-5a)

Lehen irakurgaiak Jainkoaren Erreinuan sartzeko jasan behar diren atsekabeei erreparatu die nagusiki. Bigarren hau Jainkoaren Erreinu horretaz mintzo da, geroko mundu miresgarriaz. Ez da fikziozko literatura, hala ematen duen arren. Lehen mendeko kristauak pertsekuzio asko ari ziren jasaten, eta beste mundu bat badelako ziurtasuna zen hartzen ahal zuten kontsolamendurik handiena.

Hizkuntza oso bestelakoa den arren, hondo-hondoko ideia bat bera da Apokalipsian eta Eginak liburuan: orain larrialdi handiak jasaten ditu elkarteak (Eginak); malko, heriotza, lutu, lantu, oinaze jasaten dituzte kristauek (Apokalipsia); baina honek guztiak Jainkoaren Erreinura eramango gaitu (Eginak) eta mundu miresgarri batera (Apokalipsia).

José Luis Sicre