PAZKOALDIKO 4. IGANDEA B 2015-04-26

SARRERA

Senideok, Pazkoaldiko laugarren igandera iritsi gara. Ebanjelioa artzain onaz mintzo zaigu: Jesus hartzen du artzain on-ontzat.
Israeldarren ingurumen erlijiosotik kanpo ere aipatzen zuten artzain onaren irudia; adibidez, Mesopotamiako artean bildots bat lepoan duela ageri da artzain ona; Greziakoan, berriz, Hermes greziar jainkoa ahari bat lepoan duela ageri da.
Kristauak hasieratik beretik baliatu ziren irudi honetaz, Jesus, artzain on-on bezala irudikatzeko.
Itun Zaharrean, Israel herriaren artzain izateko eskatzen dio Jainkoak David erregeari (Samuelen bigarren liburuan 5,2), eta sarritan konparatzen dira agintariak artzainekin. Ezekiel profetak, berriz, Jauna bera kontrajartzen die, artzain-eredu bezala, Israelgo agintariei. Esaten du Ezekielek, Israelgo agintariek beren probetxurako baliatzen direla ardiez. Eta Jaunak dio: «Artzainak, ardiak sakabanatzen direnean, haien arrastoari jarraitzen dion bezala, hala jarraituko diot nik neure ardien arrastoari, eta egun ilun eta euritsu batean barreiatu ziren lekutik libratuko ditut» (Ezekiel 34,1-10.12).
Joan ebanjelariak «artzain on-on» bezala agertuko digu Jesus; honek bere bizia eman du gizon-emakumeen alde. Senideok, benetan miresteko eta harritzeko gauza da Jesusek egin duena. Hausnartu dezagun.

LEHEN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (4,8-12)

Gaurko testu honen aurretik, gizon herren bat sendatu dute apostoluek, Jesusen izenean. Pedrok herriari azaldu dio nola izan den sendatze hori; ondoren, gauza bera esan die agintariei, ideia nagusienak adieraziz. Hona ideia horiek:
─Nazareteko Jesusen izenean gertatu da sendatzea;
─zuek gurutzean josi zenuten haren izenean gertatu da;
─Jainkoak berpiztu zuen haren izenean;
─hari zuek uko egin zenioten, baina hura da Oinarria, hura da Liburu Santuek iragarri zuten Mesias.
Kristauen lehen predikua da hau, juduei zuzendua, Liburu Santuetako promesa noiz beteko zain direnei. Hauxe da Pedroren mezua: «Jesusengan bete da promes hori». Jesus da espero zenuten Mesias hura.

BIGARREN IRAKURGAIA Joan santuaren lehen gutunetik (3,1-2)

Joanek gustukoenak dituen gaiak aipatzen ditu gaurko pasarte honek:
─Jainkoak maite izan gintuen lehenengo, eta maitasun hari erantzuteko eskatzen digu, seme-alaba bezala biziz;
─mundualdi honetan ez dugu garbi ikusten zer garen, baina egun batean ikusiko dugu;
─munduak uko egiten digu, Jainkoari ere uko egin baitio.
Gorde ditzagun bihotzean segidako hitz hauek: «oraindik ez da agertu zer izango garen; baina agertuko denean, haren, Jainkoaren, antzeko izango gara, den bezala ikusiko baitugu».
Horra, senideok, zer espero dugun, horra zerk pozten eta alaitzen gaituen. Den bezala ikusiko dugu Jainkoa, eta hasieratik beretik Jainkoak imajinatu gintuen bezala ikusiko dugu geure burua.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (10,11-18)

Artzain ona, artzain-eredua, askotan aipatzen da Biblian. Baina Joanek, bere ebanjelioan, ezaugarri berezi bat gehitu dio, hauxe: Artzain onak bere bizia eman du ardien alde. Jesusek gizon-emakumeen alde egin duen zerbitzua adierazi nahi du Joanek.
Ohiko gure itzulpenetan «ona» esaten dugu, artzain ona. Baina jatorrizko testuan beste zerbait dator: «ederra, bikaina, besterik ez bezalakoa, perfekzioz eredua»; beraz, perfekzioaren betea adierazten du hitz horrek. Pertsona asko izan daitezke artzain on; baina artzain ideala bat bakarrik da: Jesus.
Senideok, ez dezagun ahaztu errealitate hau. Fidagarri bakarra Jesus da. Ez da fidagarria, ez memento bateko aita santua, ez memento bateko gotzaina, ez memento bateko apaiza. Ez gaitezen erori idolatria-bekatuan, gizaki bat, onena izanik ere, jainko txiki bihurtuz. Jesusi, bai, Jesusi geure miresmen betea zor diogu, geure arreta guztia, geure konfiantza osoa.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Artzain Onaren jaia ospatzen dugun igande honetan, otoitz egin dezagun Elizan eta gizartean jendea gidatzeko erantzukizuna duten guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.

2.- Joan den aste honetan Mediterraneo itsasoak irentsi dituen zortzi ehun etorkinak gogoan ditugula, Jaunari haien alde erregutuz, eska diezaiogun era berean Europako agintarien alde ere: problema latz horri behingoz aurre egitera jo dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Hezitzaile guztien alde: beren lanbidean, gizarte berria sortzeko ahaleginean, zerbitzu-asmoa betez eta buru-eskaintza eginez joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Katoliko guztien alde: beti gogoan izan ditzagun beste erlijio bat bizi dutenak; pentsatu gabe, ordea, halakoak Jainko kreatzaile eta salbatzailearen artegitik kanpo daudela. Eska diezaiogun Jaunari.