Iragana, oraina eta geroa (Joan 10,11-18)
Pazkoaldiko 4. igandea B (2018-04-22)

Gaurko igande honen aurrekoetan Jesus berpiztuaren hainbat agerpen gogoratu ditugu. Gaurko honetan eta Igokundea arte, ebanjelioak San Joanen liburutik hartuko ditugu, eta Jesusen eta kristauaren arteko hainbat alderdi izango dituzte ardatz: artzain ona, mahatsondoa eta aihenak, agindu berria, apaiz-otoitza.

Ez da gauza erreza gaurko hiru irakurgaien artean erlaziorik ikustea, irudi oso desberdinak baitakartzate: oinarria, Jesusez hitz egiteko (1. irakurgaia); Aita eta seme-alabak, Jainkoaz eta gutaz hitz egiteko (2. irakurgaia); artzaina eta artaldea, Jesusez eta gutaz hitz egiteko (ebanjelioa). Irakurgaien artean erlazioren bat hautematekotan, Jesusen eta gure aldiaren erritmoa aipatuko nuke.

Jesusen iragana eta oraina (Apostoluen eginak 4,8-12)

Aurreko kontakizun hori ezaguntzat ematen dut. Pedro eta Joan tenplurantz gora doaz arratsalde erdiko otoitzerako; Ate Ederra delakoan elbarri bat aurkitu dute etzanik, limosna eske. Pedrok eskuin eskutik heldu, zutitu eta sendatu egin du. Herri biziki harrituaren aurrean jaulki du Pedrok bere hitzaldia, zeinetan sendatze hori Jesusi leporatu baitio (hitzaldi honen zati bat joan den igandean, Pazkoaldiko 3.ean, irakurri zen). Apaizak, tenpluko komisarioa eta saduzearrak haserretu egin dira Pedroren hitzak entzutean, eta biharamunean Kontseiluaren aurrera deitu dute eta galdeketa egin.

Pedroren erantzuna ulertzeko, gogoan izan behar dugu, ezen, judu batentzat, izenak pertsona bera esan nahi duela. Beraz, Jesusen izena esatean Jesus bera esaten dugu. Pedrok jaulki dituen hitz apurrek Jesusen iragana eta oraina bildu dute. Iraganak Jesusez irudi guztiz pasiboa adierazi du; ez da gogoratzen, ez haren predikurik, ez haren miraririk. Soilik, judu agintariek eta Jainkoak berarekin egin zutena kontatu da. Agintariek uko egin zioten eta gurutziltzatu; Jainkoak piztu egin du eta oinarri bihurtu. Horretatik ateratzen al dugu Jesusen oraina: bera da elbarria sendatu duena, bera da gu guztiok salbatzen ahal gaituen bakarra.

Kristauen oraina eta geroa (Joanen 1. gutuna 3,1-2)

Lehen irakurgaia Jesusen iraganaz eta orainaz mintzo da. Bigarren irakurgaia, berriz, gure orainaz eta geroaz. Oraina: Jainkoaren seme-alaba gara. Geroa: Jainkoaren antzeko izango gara. Haur bat jaiotzean, beti bilatzen da antzekotasunik aitarekin, amarekin edo familiako beste norbaitekin. Gaurko gutun honen egilearentzat, Jainkoarekiko gure antza ez da nabari orain berean, baizik eta geroan azalduko da. Baina horrek ez du eragozten jada eta dagoeneko gu benetan Jainkoaren seme-alaba izatea. Zer pena, hau aintzat ez hartzea gure artean. Kirolari famatu baten edota modako kantari baten seme edo alaba izango bagina, denek egin nahi izango lukete argazki bat gurekin.

Jesusen oraina eta geroa (Joan 10,11-18)

Artzainaren irudia ohikoa zen Antzinako Ekialdean, erregeaz hitz egiteko: menpekoekin zituen zuzeneko harremanen sinbolo zen; ez zuela izan behar despota, baizik eta arduratsua haien ongizateaz. Jesusek bere buruari aplikatu dio artzain terminoa; baina hain muturrera eraman du horren izaera, non ezin baitzaio inongo beste artzaini esleitu: bere bizia eman du bere ardiengatik. Egia da, artzain bat, soldatapekoa ez bezala, prest dagoela otsoarekin borroka egiteko artaldea defenditze aldera. Baina ez da ohikoa ardien alde hiltzeko prest egotea. Ez dira iristen hartaraino. Jesusek, berriz, honela dakusa bere eginkizuna: bere bizia eman nahi du haien alde. Ez du egiten obligazioz, beharturik, baizik guztiz aske. Jakinik, emango duen bizi hori berreskuratu egingo duela. Eta hau ere ezin egin du artzain arrunt batek. Ebanjelioak Jesusez «artzain on» terminoa erabiltzen badu ere, beste hau esan beharko zukeen: ona eta guztiz aparta. Ebanjelioaren pasarte honek garrantzi berezia eskaintzen dio Jesusen geroari ere: Jesusen lanari beste ardi batzuekiko, zeinen bila ibili beharko baitu artalde bat eta artzain bat izan daitezen. Lurralde paganoetan sortzen ari bide ziren elkarteei eta gu guztioi egindako erreferentzia da.

Hiru irakurgaiak batera hartuz, Jesusek, artzain onak, salbatu egin gaitu, eta Jainkoaren seme-alaba izatea lortu digu. Guri, beraren ahotsa entzutea dagokigu eta eskertzea egin digun dohaina.

José Luis Sicre