BAZKO EGUNA

Lehen irakurgaia

( Apostoluak Jesusen Piztearen lekuko)

Apostoluen Egintzetarik 10,34.37-43

Petri Zezarerat etorri zen, ehuntari erromano baten etxerat.
34 Hunela mintzatu zen:
37 “ Badakizue zer gertatu den Galileatik hasi eta Judea osoan,
Joanesek predikatu bataioaren ondotik:
38 Nazareteko Jesus,
Jainkoak kontsekratu zuen Izpiritu Sainduaz,
eta indarrez bete.
Bazabilan ongia eginez,
eta debruak bere meneko zauzkan guziak sendatuz,
Jainkoa berekin baitzuen.
39 Eta gu, Apostoluak,
harek Juduen lurraldean eta Jerusalemen
egin dituen guzien lekuko gira.
Hil dute zur batetik dilindan.
40 Bainan Jainkoak piztu du hirugarren egunean.
41 Eta eman dio agertzeko ahala, ez herri guziari,
bainan Jainkoak aitzinetik hautatu lekukoeri, guri,
hura hiletarik piztu ondoan,
harekin jan eta edan duguneri.
42 Manatu dauku herriari predika diezogun,
eta lekuko izan gaitezen
hura dela Jainkoak bizien eta hilen juje ezarri duena.
43 Profeta guziek aitormen hau egiten dute hartaz:
Haren baitan sinesten duten guziek
haren bitartez bekatuen barkamendua ukaiten dutela.

Hemen kondatua gertatu zelarik, hastapenetako Elizak jadanik lehen pertsekuzionea jasana
zuen : Exteberen martirioa. Gero Paulo, Elizaren pertsegitzailea, Jesusen dizipulu kartsu bilakatu
zen. Apostoluek egun guziz frogatzen zuten Jesusen errana : haren izenean eta harek bezala debruak
haizatzen zituzten, eriak sendatzen, hilak pizten. Petrik berak gizon bat piztua zuen Loden, eta
emazte bat Jaffan.
Beharbada bi mirakulu horiek eman zioten Petriri beste urrats baten egiteko ausartzia, beste
mirakulu bat beharbada aitzinekoak baino handiagoa : Petri, girixtino bilakatu judua, pagano baten
etxean sartu da, erromano aitzindari baten etxean, holakorik ez baitzuen egiten egiazko judu kartsu
batek, bere burua lohitu gabe. Gertakari horrek erran dezake Ebanjelioa Izraelen muga hertsietarik
ateratzen ari dela. Errana da Paulo dela paganoen apostolua, bainan Petri izan da lehena Zezareako
kapitain horren etxean sartu dena eta girixtino izaitera bultzatu duena, bera eta familia guzia
bataiaraziz. Irakurgaiaren azkenean errana da : “Profeta guziak lekuko ditu (Jesusek) : bekatuen
barkamendua hari esker ukaiten dutela haren baitan sinesten duten guziek. ” “Guziek”, ez bakarrik
juduek. Paganoak ere bataiatuak izan daitezke, Jesu Kristo baitan sinesten badute.
Fedearen transmititzea, Paulok lasterkaldi betekin parekatzen du : gure korrika bezala.
Lehen abiatu direnak lekukoa eskuan, apostoluak dira :”Gu apostoluak lekuko gira.” Jesusekin bizi
izanik, badakite zertaz ari diren. Apostoluak gure fedearen zutabeak dira : 2000 urte geroago gure
fedea heien gainean finkatua da.
Pasarte hunek erakusten daukun beste ikuspegi bat, jakingarria : Petri erran eta erran ari da
Jainkoak duela egiten. Jainkoak kontsekratu du Jesus, Jainkoa harekin zen, Jainkoak piztu du,
Jainkoak hautatu bizien eta hilen juje. Ikusi dutenentzat, Jesus gizon bat zen, iduriz besteak
bezalakoa, hilkorra eta hil dena, molderik itsusienean. Haren bizian ezohikoa izan dena
Jainkoaganik zen. Jesus Jainko zela, apostoluentzat ere, ez zen errex izan sinestea. Hortakotz
fermuki aitortzen du Petrik Jesus “Bizien eta hilen juje” dela. Eta nor izan daiteke juje, Jainkoa ez
bada ?

Salmoa 117

Leloa : Hau da eguna, Jaunarena,
Gaur piztu baita Jesus Jauna.

Jaunari kanta, ona baita,
Amodioa betiko baitu betikoa.
Jainkozaleek, gora kanta:
Amodioa betikoa du betikoa.
Jainko eskua, esku gaitza:
Jainko eskuak, esku azkarrak, zer laguntza.
Joan zait hiltzeko oren beltza:
Biziko naiz bai, Jaunak eginez nadin mintza.
Egilek utzi harri hori
Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina,
Gure begien, gure bihotzen miragarri.

Salmo hau ez da lehenik Jesusentzat idatzia izan. Salmo guziak Jesu Kristo baino zenbait
mende lehenagokoak dira. Bereziki tenpluan kantatzen ziren. Salmo guziek bezala Izraelen historia
kondatzen du, Elkargoaren historia. Esperientziak erranarazten dio Izraeli : Bai, Jainkoaren amodioa
betikoa da. Izraelek, bere ibilaldian, Jainkoa beti bere ondoan zuen, bere nekeetan laguntzeko.
Egiptotik libraturik Izraeldarrek Itsaso Gorria pasatu zutelarik, esker onezko kantu bat egin
zuten : « Ene indarra eta kantua, Jauna da ; ene salbamendua da. » Gaurko salmo hau kantu haren
oihartzuna da. « Jaunak egina » edo « miragarriak », Biblian, beti, Egiptotik ateratzearen
ezaugarriak dira, edo oroigarriak. Halaber “Jainko eskua esku gaitza, Jainko eskuak esku azkarrak.”
Ez zen behin betiko librantza izan, Jainkoa beti libratzen ari da. Horra zergatik kanta daiteken
:”Jainkozaleek, gora kanta : amodioa betikoa du, betikoa.” Badakigu orai Jainkoaren “beldurra”,
Biblian, Jainkoaren alderako “amodioa” dela.
Eta hori da esperantzaren oinarria : Jainkoak Mesias igorriko du eta ikusiko dugu, azkenean,
hitzeman zoriona. Izraelek, eta harekin gizadi guziak, bakea eta justizia jastatuko dute. Urrun ziren
bat ala bestea, salmo hau egin zelarik…eta gaur egun oraino. Bainan Jainkoak heriotzetik bizia
ateratzen du.
“Egileek utzi harri hori, bilakatu da denak datxizkion izkin-harri”. Salmo hau idatzi zelarik
Jerusalemen gezurra, ustelkeria, injustizia, Jainkoaren mespretxua ziren nausi. Profetak oihu egin
zuen holako gizartea errekara zoala. Zimenduen finkatzeko harririk tzarrenak hautatzen zituzten
harginak zirela zioten jende heiek. Hargin horiek baztertu harria hautatu du Jainkoak izkinharritzat. Basa-hargin horiek gaizki eraikia, Jainkoak berak berriz eraikiko du; zuzentasuna eta
justizia oinarri. Gizarte berria izanen da, Jainkoak ttipiekin, umilekin, mespretxatuekin, altxatuko
duena.
Salmo huntako pasarte hau : “Egileek utzi harri hori, bilakatu da denak datxizkion izkinharri…” Jesusek beretzat hartu du : “Harri utzia” Jesus bera da. Fededunen gizarte berria izkinharri horren gainean eraikia da. Ez da indarrik eraikin hori lurrerat aurtikiko duenik.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Koloziarreri 3,1-4

( Kristo piztuarekin bizi )

Haurrideak,
Kristorekin piztu zireztenaz geroz,
bila-zkitzue gain hartako gauzak,
han baitago Kristo, Jainkoaren eskuinaldean jarria.
Itzul zuen gogoa gain hartako gauzetarat, eta ez lurrekoetarat.
Hilak zirezte, alabainan,
eta zuen bizia Kristorekin gordea dago Jainkoaren baitan.
Kristo, zuen bizia, agertuko denean,
zuek ere, orduan, harekin agertuko zirezte, ospe betean.

Hemen Jondoni Paulok gauza bera erraiten du bi gisetarat : “Kristorekin piztu zirezte… » eta
« Hilak baitzirezte eta zuen bizia gordea baitago Kristorekin, Jainkoa baitan. » Kristo piztuari
esker bekatuari hilak gira, bekatua garaitua da. Bekatua da Kristok hil duena gure baitan, bekatari
gelditzen balinbagira ere. Mixterioz, aldi berean salbatuak gira Jesus piztuari esker, eta halere
salbamendu hori ez da argitarat agertua oraino, bidean gira.
Beraz, piztuak zireztenaz geroz, “Goiko ontasunak bilazkitzue” ez lurrekoak. Alta, gutun
berean Paulok berak idatziko du : “Erraiten eta egiten duzuen guzia, Jesus Jaunaren izenean
egizue, Jainko Aitari eskerrak emanez”. Ez dira beraz lur huntako aferak mespretxatu behar.
Jainkoaren eskutik ditugu. Paulorentzat “goiko ontasunak” dira besteen alderateko gogo ona,
eztitasuna, barkamendua. Paulo ez da gaineko eta behereko gauzetaz ari : bizitzeko manera du
gogoan. Bizi gaiten salbatuak, piztuak diren batzu bezala.
Urruntxago Pauloren gutun huntan hau irakur daiteke : ‘Gizaki berria jantzi duzue” bai eta
ere “Oroz gainetik amodioa jantz ezazue, hori da lokarri on baino hobea.” Azken lerro hauek dira
gaurko irakurgaia hobekienik argitzen dutenak : “Jantzi duzue” : egina da. “Jantz ezazue” :
egitekoa da.

Edo

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 5,6-8

Haurrideak,
badakizue altxagarri pixka batek ore guzia harrotzen duela.
Kenazue altxagarri zaharra, eta izan ore berri,
altxagarri gabeko Bazko-ogia bezala zireztenak,
Kristo gure Bazko-bildotsa opari eskainia izan baita.
Ospa dezagun beraz Bazko-besta,
ez altxagarri zaharrarekin,
tzarkeriazko eta gaixtakeriazko altxagarriarekin,
bainan altxagarri gabeko ogiarekin,
bihotz-garbitasunaz eta egiaz.
Victimae Paschali laudes
Bazkotako Bildotsari
kantuz has, fededunak;
Ardientzat bildotsa,
bekatorentzat Kristo
hil da gu baketuz Aitarekin.
Hiltze ta biziaren
gudu miresgarria :
bizien Nausia hilik, bizi.
Errazu, Maria,
non zer duzun ikusi.
Piztu denaren hobia,
eta piztu Kristoren loria.
Aingeruak eta
hil-oihalak lekuko.
Piztu da Kristo, pitz gaiten :
Galilean zuen beha dago.
Zinez Kristo piztu zaiku,
hiletarik piztu :
nausitu Errege, guri barka !
Amen. Alleluia.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Bazko Bildotsa Bazkoz hila,
Kristo guretzat eskaini da.
Egin dezagun denek besta
Jaunaren baitan, alleluia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa Jondoni Joaniren liburutik 20, 1-9

( Hilobia hutsa. Apostoluen fedea)

1 Astearen lehen egunean,
Maria Madalena hilobirat joan zen
goizean goizik, iluna zelarik oraino,
eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
2 Orduan, lasterka joan zen Zimun Petriren
eta Jesusek maite zuen beste dizipuluarenganat.
Eta erran zioten:
“ Jauna hilobitik ereman dute,
eta ez dakigu non ezarri duten.”
3 Petri atera zen beraz, bai eta beste dizipulua,
eta joan ziren hilobirat.
4 Biak elkarrekin lasterka zoatzin,
bainan beste dizipulua Petri baino lasterrago zoan,
eta lehenago heldu zen hilobirat
5 Ukurturik oihalak zabal-zabala ikusi zituen,
bainan ez zen sartu.
6 Etorri zen ere Zimun Petri haren ondotik, eta hilobian sartu zen.
Zabal-zabala ziren oihaleri so egin zioten,
7 bai eta Jesusek buru gainean izan zuen hil-oihalari ere;
hau ez zen beste oihalekin batean zabal-zabala,
bainan berex, biribilkaturik leku batean.
8 Orduan, sartu zen beste dizipulua ere, hilobirat lehen heldu zena .
Ikusi eta sinetsi zuen.
9 Alabainan, ordu arte dizipuluek ez zuten konprenitu
Liburu Sainduak diona,
Jesusek hilen artetik piztu behar zuela.

Jesusen piztea hain da ezin-sinetsia izan, nun Joanik gertakari hori emeki-emeki agertzen
baitu. Lehenik, idatzia da : “Iluna zelarik oraino”. Maria Madalenak ez du deus ikusi hil-harria
kendua zela baizik : hori da lehen seinalea. Gero Petri eta Joani “lasterka” doatzi hil-hobirat. Zerbait
gertatu da. Hain segur hitz horrek beste zerbait estaltzen du. Zer? Joanik, lehen helduak, uzten du
Petri hil-hobian sartzera. Ebanjelio hau lehen mendearen azken urteetan idatzia da : Petri Elizaren
buru zen, bera edo ordaina. Idazleak Elizaren buruari uzten dio Jesusen piztearen lekuko izaitea.
Halere idatzia da, bietan, Joanik “ikusi” zuela, eta Petri “so egon” zela, “begiratu” zuela. Horrek
erran dezake Joanik berehala konprenitu zuela eta “sinetsi”. Petrik duda batean uzten gaitu, bera ere
dudan zela iduri baitu, ezin sinetsiz. Joanirentzat oihalak hala izaitea, Jesus piztu zelako froga zen.
Jesus hil ondoan eta luzaz, gaurdaino, erraiten zen eta erraiten da oraino dizipulu zenbaitek Jesusen
gorputza ereman zutela, sinetsarazteko piztu zela. Gaur egun ere badira Joanik bezala sinesten
dutenak, eta beste batzu -giristinoak hauek ere- Petrik bezala “begiratzen” dutenak, oihalak han
ikusten, bainan sinesten lehen dizipuluen lekukotasunari esker bakarrik.