OSTIRALE SAINDU

Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 52,13 – 53,12

13 Ene zerbitzaria ongi aterako da, dio Jaunak,
handi, ospetsu eta guziz goratua izanen da.
14 Asko harriturik gelditu ziren, hura ikusi eta,
hain zagon itxuragabetua, gizona zenik ere ez baitzuen iduri.
15 Halaber, herri asko harrituko dira,
haren aitzinean erregeak mutu geldituko,
behinere erran ez zitzaiotena ikusiko baitute,
behinere entzun ez zutena adituko.
53,1 Nork sinetsiko zuen entzun duguna?
Nori agertu zaio Jaunaren besoa?
2 Jainkoaren aitzinean, zerbitzaria handitu da,
erroak lur idorrean dituen zuhamuxka bezala.
Ez zuen itxurarik, ez edertasunik,
ez gure begientzat deus atsegingarririk.
3 Mespretxatua, jendeak baztertua, oinaze-gizona,
gaitzaren berri dakiena, bazterrerat emaiten den lepraduna iduri,
gutietsi dugu,ezdeusendako utzi.
4 Bizkitartean, gure gaitzak zituen ekartzen,
gure oinazeak bere gain hartzen.
Eta guk, gaztigatua bezala ginaukan, Jainkoak joa, apaldua.
5 Hura aldiz, gure hutsengatik izan da aldean beste zilatua,
gure bekatuengatik porroskatua.
Bakea ekartzen daukun gaztigua haren gainerat erori da:
haren zauriek sendatzen gaituzte.
6 Guziak ardi errebelatuen pare ginabiltzan, bakotxa gure bidetik.
Bainan Jaunak haren gain ezarri ditu gu guzien hobenak.
7 Gaizki erabilia delarik, apaltzen da, ahorik ideki gabe:
hiltzera deramaten bildotsa bezala,
ile moztaileen aitzinean ixilik dagon ardia bezala,
ez du ahorik idekitzen.
8 Hartu eta jujatu dute eta suntsitu.
Nork zuen axola haren geroaz?
Bizidunen lurretik kendua izan da,
bere herriaren bekatuen gatik joa.
9 Fedegabeen artean ehortzi dute,
haren hilobia aberatsen hilobien artean,
nahiz eta berak ez zuen behinere zuzengabekeriarik egin,
ez eta ezpainetan gezurrik erabili.
10 Oinazeetan lehertua, Jaunaren gogoko izan da.
Bekatuen ordainetan bizia ematen baitu,
izanen ditu ondokoak eta bizitze luzea:
Jaunaren nahia beteko da haren bitartez.
11 Bere oinazeen sari, argia ikusiko du, eta asea izanen.
Oinazeak ezagutu baiditu,
nere zerbitzari zuzenak ainitz eginen ditu zuzen,
heien bekatuak bere gain hartuko.
12 Horrengatik, jendetzak emanen diozkat ordainetan,
boteredunak izanen dira haren irabazi,
bere burua heriotzerat eman duelakotz,
eta bekatoreekin ekarria izan delakotz,
guzien bekatuak bere gain hartuak zituelarik,
bekatorosen alde otoitzean ari zelarik.

Salmoa 30

Leloa: Zure eskutan nago dena,
Salbatzen nauzu, Jainko Jauna!

Neretzat izan beso zabal! Jauna, betikotz ez nadin gal.
Zure eskutan nago dena; Salbatzen nauzu, Jainko Jauna!
Etsai ditudan guzieri Bilakatu naiz trufagarri.
Auzoko jendek nitaz irri, Adiskideek ni lazgarri.
Ahantzia naiz hil iduri: Puxka tzarretan naiz erori.
Bilduak zaizkit elgarrekin, Ni nolaz garbi nahiz jakin.
Jaunari dena nagokio: Jaunari diot: Nik zu Jainko!
Banaukazu-ta zuk eskuko: Etsaietarik ken betiko.
Begitarte on egin, Jauna, Zure zurea bainaiz dena.
Altxa burua, pitz kantari, Bazaudeztenak Jainkoari.

Bigarren irakurgaia

(Jesus, gure Apez nagusi eta Salbatzailea )

Hebrearreri epixtolatik 4,14-16;5,7-9

Haurrideak,
14 gure apez nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea,
zeruan sartua dugunaz geroz,
atxik dezagun sendo aitortzen dugun fedea.
15 Alabainan, gure apez nagusia ez da
gure ahuleziez urrikal ez daitekeen norbait;
gu bezala gauza guzietan frogatua izan baita,
bainan bekaturik egin gabe.
16 Hurbil gaitezen, beraz, konfiantziaz
Jainkoaren graziaren tronurat,
urrikalmendua ardiets, eta behar-orduan laguntza aurki dezagun.
5,7 Kristok, mundu huntan bizi zelarik,
oihu-min eta nigarretan egin zion otoitz eta galde
heriotzetik libra zezakeen Jainkoari,
eta bere obedientziarengatik entzuna izan zen.
8 Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi zuen obeditzen;
eta, hola bere beterat heldurik,
betiko salbamenduaren iturri bilakatu da
obeditzen dioten guzientzat.

Ebanjelioa

Kristo Gurutzeraino zaiku apaldu
Horra zertako den emana denak baino gorago

Jesu Kristo gure Jaunaren Pasionea
jondoni Joaniren liburutik 18,1 – 19,42

Ohart huni: 3 seinale hauek diote nor den mintzo:+: Kristo; K: kondalaria; S: besteak

K Afal ondoan,
1 Jesus atera zen bere dizipuluekin.
Zedron erreka iragan eta bestaldeko baratze batean sartu zen.
2 Judas, haren saltzaileak ere lekua ezagutzen zuen,
ainitzetan Jesus harat bildu izan baitzen bere dizipuluekin.
3 Judas, beraz, harat joan zen , soldadu andana bat,
bai eta apezburu eta farisauen goardia batzu harturik,
4 argi, tortxa eta armekin.
Jesusek, baitzakien gertatuko zitzaion guzia,
biderat atera eta erran zioten:
+ “ Nor bilatzen duzue? ”
5 K Heiek ihardetsi:
S “ Jesus Nazaretarra.”
K Harek orduan:
+ “ Ni naiz.”
K Judas saltzailea ere heien artean zen.
6 Jesusek: “ Ni naiz ” erran ziotenean,
gibelka joan eta lurrerat erori ziren.
7 Jesusek berriz galdegin zioten:
+ “ Nor bilatzen duzue? ”
K Heiek ihardetsi
S “ Jesus Nazaretarra.”
8 S Eta Jesusek:
+ “ Errana dautzuet ni naizela.
Ni bilatzen banauzue, utz hauek joaitera.”
9 K Hola bete zen Jesusek berak errana:
“ Zuk neri emanetarik bat ere ez dut galdu.”
10 Orduan, Zimun Petrik, aldean zuen ezpata atera,
apez nagusiaren mutila jo eta eskuineko beharria moztu zion.
Mutilak Malko zuen izena.
11 Jesusek Petriri erran zion:
+ “ Emazu ezpata bere untzian.
Ez ote dut edan behar Aitak eman dautan kalitza? ”
12 K Orduan, soldaduek beren buruzagiekin eta juduen goardiek
Jesus hartu eta estekatu zuten.
13 Anasen etxerat ereman zuten lehenik.
Anas, urte hartako apez nagusi Kaifasen aitaginarreba zen.
14 (Kaifas zen judueri kontseilu hau eman ziotena:
“ Hobe da gizon bakar bat herriarentzat hil dadin.”)
15 Zimun Petri eta beste dizipulu bat Jesusen ondotik zoatzin.
Dizipulu hura apez nagusiaren ezaguna baitzen,
Jesusekin batean apez nagusiaren jauregian sartu zen.
16 Petri kanpoan gelditu zen, ate ondoan.
Beste dizipulua, apez nagusiaren ezagun hura,
atera zen orduan, eta, neskato atezainari hitz bat erranik,
Petri sarrarazi zuen.
17 Neskato atezainak Petriri erran zion:
S “ Zu ere, ez ote zira gizon horren dizipuluetarik?”
K Petrik ihardetsi zuen:
S “ Ez, ez naiz hala.”
18 K Mutilak eta soldaduak han zauden;
sua eginik, berotzen ari ziren, hotz baitzen.
Petri ere heiekin zagon berotzen.
19 Apez nagusiak Jesus galdekatu zuen
bere dizipuluez eta bere irakaspenaz.
20 Jesusek ihardetsi zion:
+ “ Agerian mintzatu nitzaio munduari.
Zinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dut beti,
judu guziak biltzen diren lekuan,
eta deusik ez dut gordean erran.
21 Zergatik ari zakizkit galdeka ?
Galda nere entzuleeri zer erran diotedan;
heiek badakite zer erran dutan.”
22 K Hori erran zueneko, han zagon goardia batek
mazelako bat eman zion, erranez:
S “ Hola ihardesten diok apez nagusiari?”
23 K Jesusek ihardetsi zion:
+ “ Gaizki mintzatu banaiz, errazu zertan;
bainan ongi mintzatu banaiz, zergatik jotzen nauzu? ”
24 K Anasek, orduan, Kaifas apez nagusiarenganat igorri zuen
Jesus estekaturik.
25 Anartean, Zimun Petri han zagon berotzen; eta erran zioten:
S “ Ez ote zira zu ere horren dizipuluetarik?”
K Petrik ukatu zuen, erranez :
S “ Ez, ez naiz hala.”
26 K Apez nagusiaren mutiletarik batek,
Petrik beharria moztu zionaren ahaide batek, erran zion:
S “ Ez ote zaitut nik baratzean ikusi horrekin?”
27 K Berriz ere, Petrik ukatu zuen, eta berehala oilarrak kantu egin zuen.
28 Orduan Kaifasen etxetik gobernadorearen jauregirat
ereman zuten Jesus. Goizaldea zen.
Juduak ez ziren jauregian sartu, beren burua ez kutsatzeko,
bestenaz Bazko apairua ez baitzezaketen jan.
29 Pilato kanporat atera zen, eta erran zioten:
S “ Zertaz salatzen duzue gizon hau ? ”
K Heiek ihardetsi zioten:
30 S “ Gaizkilea ez balitz, ez ginautzun ekarriko.”
31 K Pilatok erran zioten:
S “ Har zazue zihaurek, eta juja zuen legearen arabera.”
K Juduek ihardetsi:
S “ Guk ez dugu nehoren hiltzera kondenatzeko eskurik.”
32 K Hola beteko zen Jesusek errana
zer heriotzez hil beharra zen adiarazteko.

33 Pilato jauregirat sartu zen berriz,
eta Jesus deiturik, erran zion:
+ “ Zu zira juduen erregea?”
34 K Jesusek galdegin zion:
+ “ Zure baitarik erraiten duzu hori,
ala besteek dautzute nitaz erran ? ”
35 K Pilatok ihardetsi zion:
S “ Judua ote naiz ni?
Zure herritarrek eta apezburuek ezarri zaituzte nere eskuetan.
Zer egin duzu?”
36 K Jesusek erran zuen:
+ “ Nere erregetza ez da mundu huntakoa.
Nere erregetza mundu huntakoa balitz,
nere aldekoek borroka eginen zuten,
ni juduen eskuetarat ez erortzeko;
bainan nere erregetza ez da hemengoa.”
37 K Orduan, Pilatok erran zion:
S “ Beraz, errege zira?”
K Jesusek ihardetsi:
+ “ Zuk diozu errege naizela.
Ni sortu eta mundurat etorri naiz, egiaren lekuko izaiteko.
Egiarena denak nere mintzoa entzuten du.”
38 K Pilatok erran zion:
S “ Zer da egia?”
K Hori erranik, berriz atera zen juduenganat, eta erran zioten:
S “ Nik ez diot hobenik aurkitzen gizon huni.
39 Bainan zuen ohidura da Bazkokari norbait libra diezazuetan:
Nahi duzue juduen erregea libratzea?”
40 K Bainan oihuka hasi ziren:
S “ Ez hori ! Bainan Barrabas ! ”
K Barrabas gaixtagin bat zen.
19,1 Orduan Pilatok hartu zuen Jesus eta azotarazi.
2 Soldaduek elorrizko korona bat bihurdikaturik,
buruan ezarri zioten, eta purpurazko kapa gorri bat soinean eman.
3 Eta hurbildurik, erraiten zioten:
S “ Agur juduen erregea! ”
K Eta mazelakoka zerabilaten.
4 Pilato atera zen berriz ere, eta erran zioten:
S “ Horra, kanporat ekartzen dautzuet
jakin dezazuen ez diotala hobenik aurkitzen.”
5 K Orduan, Jesus kanporat atera zen
elorrizko korona buruan, eta purpurazko kapa soinean.
Eta Pilatok erran zioten:
S “ Horra gizona!”
6 K Ikusi zutenean, apezburuak eta goardiak oihuka hasi ziren:
S “ Gurutzerat! Gurutzerat!”
K Pilatok erran zioten:
S “ Zihaurek har zazue eta gurutzefika;
nik ez diot hobenik aurkitzen.”
7 K Juduek ihardetsi zioten:
S “ Lege bat badugu, eta lege horren arabera hil behar du,
Jainkoaren seme egin baitu bere burua.”
8 K Solas hori entzutean are gehiago izitu zen Pilato.
9 Berriz jauregirat sarturik, Jesusi erran zion:
S “ Nongoa zira zu ? ”
K Jesusek, ordea, ez zion ihardetsi.
10 Orduan, Pilatok erran zion :
S “ Ez dautazu deusik erran nahi?
Ez dakizu eskua badutala zure libratzeko,
bai eta ere zure gurutzefikatzeko? ”
11 K Jesusek ihardetsi zion:
+ “ Ez zinuke nere gainean eskurik batere,
ez balitzaizu gain hartarik emana.
Horrengatik, zure eskuetarat eman nauenak
bekatu handiagoa du.”
12 K Ordutik, Jesus libratu nahiz zabilan Pilato,
bainan juduak oihuka hasi ziren:
S “ Hori libratzen baduzu, ez zira enperadorearen adiskide.
Bere burua errege egiten duena
enperadorearen kontra ari da.”
13 K Solas horiek entzutearekin, Pilatok kanporat ereman zuen Jesus,
eta auzitegian jar-arazi,
“Harri-lauzada” – hebrearrez Gabata – deitu tokian.
14 Bazkoko prestaketen egiteko eguna zen, eguerdialdea.
Pilatok erran zioten judueri:
S “ Horra zuen erregea! ”
15 K Orduan heiek oihuka :
S “ Ken, ken! Gurutzerat hori! ”
K Eta Pilatok :
S “ Zuen erregea gurutzefikatu behar dutala? ”
K Apezburuek ihardetsi zuten
S “ Ez dugu enperadoreaz beste erregerik.”
16 K Orduan, Pilatok heien esku utzi zuen Jesus, gurutzefika zezaten.
Hartu zuten beraz Jesus,
17 eta gurutzea berak zeramala, atera zen
“Buruhezur” – hebrearrez Golgota – deitu tokirat.
18 Han gurutzefikatu zuten, eta harekin beste biga,
bi aldeetarik,eta Jesus erdian.
19 Pilatok izkirio bat egin eta gurutze gainean ezarri zuen.
Hau zen izkiriatua: “Jesus Nazaretarra, juduen Erregea”
20 Izkirio hori judu ainitzek irakurri zuten,
hiritik hurbil baitzen Jesus gurutzefikatu zuten tokia,
eta hebrearrez, latinez eta grekoz izkiriatua .
21 Orduan, juduen apezburuek erran zioten Pilatori:
S “ Ez izkiria “juduen erregea”,
bainan “ Gizon hunek erran du: juduen erregea naiz.”
22 K Pilatok ihardetsi zuen:
S “ Izkiriatuak izkiriatu.”
23 K Jesus gurutzefikatu ondoan, soldaduek haren soinekoak hartu
eta lau zati egin zituzten, zati bana; eta gero tunika.
Bainan josturarik gabea baitzen, gainetik behererat batean ehoa,
elkarren artean egin zuten:
24 S “ Ez dezagun urra; xotxak atera ditzagun norena izanen den.”
K Hola bete zen Liburu Sainduak diona:
Nere soinekoak elkarren artean dituzte partekatu,
nere tunikaz xotxak ateratu.
Hori egin zuten soldaduek.
25 Jesusen gurutzearen ondoan zauden haren ama,
amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea, eta Maria Madalena.
26 Jesusek, bere ama ikusi zuenean,
eta hunen ondoan maite zuen dizipulua,
erran zion amari:
+ “ Emaztea, horra zure semea.”
27 K Gero, dizipuluari erran zion:
+ “ Horra zure ama.”
K Eta ordutik dizipuluak bere etxean hartu zuen.
28 Gero, Jesusek, baitzakien guzia egina zela,
Liburu Sainduak diona bete zadin, erran zuen:
+ “ Egarri naiz.”
29 K Bazen han untzi bat ozpinez betea.
Orduan, mustuka bat ozpinean busti,
eta kanabera baten muturrean ezarririk, ahorat hurbildu zioten.
30 Ozpina hartu zuenean, Jesusek erran zuen:
+ “ Dena egina da. ”
K Eta burua apaldurik, azken hatsa eman zuen.
( hemen apur bat belauniko egon )
31 K Bazkoko prestaketen egiteko eguna zen,
eta juduek ez zuten nahi gorputzak
larunbatez gurutzean gelditzea,
larunbat hura besta egun handia baitzen.
Horrengatik, gurutzefikatueri zangoak hautsi ,
eta handik kenarazteko eskatu zioten Pilatori.
32 Joan ziren, bada, soldaduak, eta zangoak hautsi ziozkaten
Jesusekin gurutzefikatu zituzten bieri.
33 Bainan , Jesusenganat heltzean, ordukotz hila zela ikusirik,
ez ziozkaten zangoak hautsi.
34 Baina, soldadu batek lantzaz sahetsa zilatu zion,
eta berehala odola eta ura atera ziren.
35 Ikusi duena lekuko da, zuek ere sinets dezazuen.
(Haren lekukotasuna egia da eta Jaunak badaki egia diola.)
36 Horiek gertatu dira, Liburu Sainduak diona bete zadin:
“ Ez diote hezurrik hautsiko.”
37 Eta beste pasarte batean ere hau dio:
“ Zilatu dutenari behatuko diote.”
38 Horiek hola, Josep Arimatearrak,
Jesusen gorputza eremaiteko baimena eskatu zion Pilatori.
Josep, Jesusen dizipulua zen, bainan ixilean, juduen beldurrez.
Pilatok baimena eman zion.
Josepek joan eta Jesusen gorputza ereman zuen.
39 Etorri zen Nikodemo ere
( behin gauaz Jesusen ikustera joan zen hura )
hogoita hamar bat kilo mirra eta aloe nahasirik ekartzen zuela.
40 Jesusen gorputza hartu eta oihalez inguratu zuten,
usain gozoekin, juduek ehortzi ohi duten bezala.
41 Jesus gurutzefikatu zuten lekutik hurbil, baratze bat bazen,
eta, baratzean, ordu arte nehor ezarri ez zen hilobi berri bat.
42 Juduen Bazko-eguna hastera baitzoan,
eta hilobia hurbil izanik,
han ezarri zuten Jesusen gorputza.