OSTEGUN SANTUA B IRUZKINA Xabier Leoz 2015-04-02

Ostegun Santu ilunabarra da. Jesusen bizitzako unerik zailenak dira. Ahalegin guztiaren ondoren, bere bizia Gurutzean emateko eskatu dio Aitak.

Ilunpean, Jesusek ezin ulertu du,bere izate guztia asaldatzen zaio,badaki ezen, bera aurrean ez dutela, apostoluak sakabanatu egingo direla, artzainik gabeko ardiak antzo, ikusten du bere lan guztiak lur joko duela.

Halaz guztiz, Aitaz fidatu da eta bere pertsegitzaileen esku jarri da, seguru jakinik Aitaren asmoa beteko dela.

Jesusen jarraitzaileen artean, baziren beren buruaz seguru zirenak. Baina Jesusek hiltzea erabaki duenean, gainbehera etorri zaie uste guztia. Sinesgabeak dira etsitzen dutenak.

Afari hartako hitz guztiei agur-usaina zerien. Beraz, azkena ote zen hori, sakabanatzea?

Jesusen ondoren zebiltzanetako batzuk beti izan ziren beldur; Jesus hots egiten ari zen mezu iraultzaileak guztiaz eta guztiez beldur izatea zekarkien. Jesus hiltzean, nabarmenago bihurtu da beldur hori, ihesi doaz, makalak direlako.

Haren hitz guztiek maitasunez ziharduten, nagusiki ilunabar hartakoek. Esan zien: «Maita ezazue elkar», eta haiek ez zekiten zer den maitatzea. Jesus maitatzea gauza erraza zuten. Baina nolatan maitatu Judas bat? Geroago iritsi ziren maitatzea zer den ulertzera. Ulertu zuten orobat Jesus, maitasunez hiltzean, askoz harago joan zela.

Sinestea abentura bat da. Askori kostatu zitzaion Jesus onartzea, baina ulertu zuten haren hitzen eta egintzen esanahia eta handitasuna. Leku bat prestatzera zihoala esan zien, egun batean hara joango zirela berak ere. Baina nolatan joaten ahal ziren leku prestatu hartara, Jesus bera nora eta nola zihoan ez bazekiten?

Baina, nagusiki, ogiarenak egin zien gainezka. Nola ulertu? Norbaitek ogi-puska bat hartu, bedeinkatu eta jaten ematen dizu, esanez: Jan ezazu, hau nire gorputza da. Jesus ez zen mintzo orduan parabola bidez. Bazekien zer ari zen eta ogi hura beraren gorputza zela esan zien.

Sakon begiratu zien eta konturatu ziren beren beldurraz jabetu zela Jesus. Bere bihotzeraino jotzera gonbidatu zituen. Eta, bat-batean, ezer mirakuluzkorik gertatu gabe, FEDEA aurkitu zuten.

Geure mundu honetan, non ez baitugu astirik izaten funtsezko gauzatan pentsatu, emateko, garrantzizkoa da gaur, Jesusen bizitzako unerik zailenak diren hauetan, haren ahaleginaren ondoren, geuk ere aurkitzea eta hartzea astirik gainerakoei emateko… zerbitzatzeko.

Zeren bizia emanez baita hartzen da hura. Adin handiko baten aurpegian islaturik ikusi dudan nekeari nahi diot hemen lur eman.

Lanik ez duen gizakiaren bakardadeari nahi diot hemen lur eman, mundu solidarioago bat sor dadin.

Gose den haurraren malkoei nahi diet hemen lur eman.

Tratu txarra jasaten duten hainbat eta hainbat emakumeren tristurari eta saminari nahi diet hemen lur eman.

MAITA EZAZUE ELKAR!

XAVIER LEOZ