ABENDUALDIKO 3. IGANDEA B 2014-12-14

SARRERA

Anai-arrebok, Abendualdiko hirugarren igandera iritsi gara. Gaurko irakurgaien giroa poza eta alaitasuna da. Garai batean, GAUDETE deitzen genion igande honi; hain zuzen, Sarrerako kantua hitz horrekin hasten zen eta hasten da: «Poztu zaitezte Jaunagan beti! Berriro diotsuet, poztu zaitezte… Hurbil da Jauna» (Flp 4,4-5).
Hona, beraz, poz horren arrazoia: «Hurbil da Jauna». Geure artean dugu Jauna. Noiznahi datorkigu bisitan.
Hona zer dioten hiru irakurgaiek labur-labur. Lehenengo irakurgaian, Isaiasenean: jaietako jantzia jantziko dit Jainkoak, bai neuri bai zapalduei. Bigarrenean, Paulorenean: Jauna hurbil da eta gu salbatzera dator. Ebanjelioan: Jesus gure argi da. Salmoan, berriz, Mariarena aipatzen da: bere zerbitzari honi begira jarri da Jainkoa..
Har dezagun kontuan gauza bat: kasu horietan guztietan, egiazko pozaren oinarrian Jainkoa dator, Jainkoaren egintza da poza. Beste edozein poz erdizkakoa da.
Jesusek albiste handia dakarkigu, berritasun bat, albiste on-ona: Jainkoa Berri On da, jatorra da; ez da Jainko beldurgarria, ez da urrunekoa Jainkoaa, ez da santuena bakarrik; askoz gutxiago jakintsuena eta boteretsuen. Ama maitagarria da Jainkoa, seme-alabentzat gauzarik hoberena nahi du, bereziki txikientzat, beharrik handiena dutenentzat.
Jainkoak nahi izan dezala honek guztiak gure aurpegian irribarre baketsua sortzea.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (61,1-2ª.10-11)

Espirituak goitik beheraino bete du profeta, Jainkoaren hitzaren zerbitzari izatera gonbidatu du. Jendeari berri ona hots egitera bidali du.
Zapaltzaileen azkena da. Kontsolamendua itzuli da herrira. Aro berezia hasi da barkamenarekin.
Esanahi bizikoak dira Bibliako lagun batzuen hitzak: «Pozez gainezka dut bihotza Jaunarekin, eta alai nago ene Jainkoarekin» dio Isaiasek. «Pozik da nire bihotza Jainko neure Salbatzailearekin» dio Andre Mariak. «Bizi beti pozik» esaten digu Paulok.
Gai izango al gara eta ausartuko al gara antzeko zerbait esaten geure etxean Gabonetan?

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehen gutunetik (5,16-24)

Leial bizitzera gonbidatzen du Paulok Tesalonikako kristau-elkartea. Urrats handia egin dute: paganismotik ebanjeliora igaro dira. Alabaina, kostatu egiten zaie aspaldiko tradizioak uztea. Idoloak erabat alde batera utzi beharra dute: borroka-giroa dela, fede-eskasia dela, haragikeria dela… Ahalegin handia egin dute, baina gehiago ere egin dezakete.
Hasteko, beraz, pozik bizi behar dute hartu duten bide berrian; pozik gabe ezin da aurrera egin. Otoitz egin behar dute. Eskerrak eman behar dizkiote Jainkoari.
Egin ditzagun geure Pauloren gomendio hauek:
«Bizi beti pozik. Otoitz egin etengabe. Eman eskerrak une guztietan. Ez itzali espiritua. Ez mespretxatu profeziaren dohaina. Aztertu dena, eta gorde onena».

EBANJELIOA San Joanen liburutik 1,6-8.19-28)

Aurten nagusiki San Markosen ebanjelioa irakurriko dugu. Baina, lau ebanjelioetan laburrena delako, tarteka besteetatik ere hartuko dugu. Gaur, adibidez, Joanen liburutik.
Joanen ebanjelio guztia argiaren eta ilunaren arteko borrokaren inguruan egituratua dator. Eta hasieratik beretik nabari da hori. Esaterako: «Hitzarengan [Jainkoaren Semeagan] zegoen bizia, eta bizia gizon-emakumeen argia zen» (Joan 1,4). Eta gaurko ebanjelioan ere hona zer dioen Joan Bataiatzaileak: «Ni ez naiz argia, baizik argiaren lekukoa».
Ebanjelioaren hasieran Joan Bataiatzaileak baieztapen hau egiteak hau esan nahi du: bazutela lehen kristauek beren artean tirabira bat Joan Bataiatzailearen pertsonaren inguruan: Joan ala Jesus? Bietan zein da Mesias, zein da Argia? Izan ere, kristau haietako asko izan ziren Joanen ikasle, eta duda zuten: Jesus ala Joan?
Bestetik, galdaketa handia egin diote judu-agintariek Joani. Ezarritako ordenuaren erantzule ziren agintari horiek . Berez, ez da harrikoa Joanen jokabidea ikusirik, agintari horiek kezkaz bizitzea. Joanek koloka jartzen zuen gizarte-mota hura. Agintarientzat pertsona arraroa zen Joan. Berek dominatzen eta zapaltzen zuten gizarte hura aldatu nahi zuen Bataiatzaileak. Horiek horrela, haien galderei Joanek xume-xume erantzuten die: ni ez Mesias; baduzue zeuen artean zuek aintzat hartu nahi ez duzuen bat; ni haren ahotsa naiz.
Jainkoak nahi izan dezala, Joanek bezala erantzutea guk ere: Jesusen ahotsa naiz ni.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Abendualdi honetan geure esperantza indartzen saia gaitezen, eta gizon-emakume guztiekin partekatzen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztientzat: gaur munduan bizi den ezkortasun eta iluntasun giro honetan, kristauok poza hots egiten jakin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau guztientzat: Joan Bataiatzailearen antzera, geure seme-alaben, iloben eta beste guztien begiak Jesusengana gidatzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gabonak familian nola ospatu pentsatzen ari garen guztiontzat: pobre, gaixo, preso, baztertuentzat seinale txiki pozgarriren bat izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.