ABENDUALDIKO 1 IGANDEA B
(2014-11-30)

Lehen kristau-belaunaldiek ezin kendu zuten burutik Jesus laster batean etorriko zela. Piztua zen hura ezin atzeratu zitekeen. Hartarainokoa zuten harekiko irrika, ahalik arinen egin nahi baitzuten harekin topo.

Denbora bazihoala eta Jauna ez zetorrela ikustean sortu ziren arazoak.

Laster konturatu ziren, ezen atzeratze hark herio-arriskua zuela berekin. Hasiera hartako sua itzaliko zen arriskua. Denbora joan ahala, elkarte txiki haiek pixkana axolagabe bihur zitezkeen, eta guztiaz ahaztu.

Gauza bat zuten buruan: «Kristok, iristean, ez gaitzala lo aurkitu».

Zain egotea zuten hitz giltzarri. Etengabe errepikatzen dute ebanjelioek: «zain egon», «erne egon», «adi egon», «esna egon ».

Markosen arabera, Jesusen agindua ez doakie entzuten dioten ikasleei bakarrik. «Zuei diotsuedana guztiei diotset: egon erne» (Zuei esana guztiei esana da: egon erne).

Ez da dei huts bat gehiago. Aldi guztietako Jesusen jarraitzaile guztiei doakien agindua da.

Joanak dira kristautasunaren hogei mende. Zertan da Jesusen agindu hori? Nola bizi gara gaur egungo kristauok? Esna jarraitzen ote? Bizirik jarraitzen ote gure fedeak ala itzaliz joan da, axola-gabeziara eta geldotasunera joz?

Ez ote da ageri bihotz berri baten beharrean dela Eliza? Ez ote dugu sumatzen geure geldotasunari eta auto-engainuari astindu bat eman beharrean garela?

Ez ote dugu hasi behar Elizan den gauzarik onen hori iratzartzen? Ez ote genuke biziberritu behar fededun xume guztien sinesmen umil eta garbi hori?

Ez ote genuke berreskuratu behar erakartzen, dei egiten, interpelatzen eta esnarazten duen Jesusen aurpegi bizi hura?

Nolatan segi genezake Kristoz hainbeste hitz egiten, idazten eta eztabaidatzen, hark liluratu eta pixka bat eralda gaitzan utzi gabe?
Ez al gara konturatzen Jesu Kristok liluratzen ez duen eta bihotza ukitzen ez dion eta «lo dagoen» Eliza batek ez duela etorkizunik, itzaliz eta zaharkituz joanen dela bizi-arnasaren faltaz?

Ez al dugu sentitzen esnatu eta Jesusekiko geure harremanak biziarazi beharra? Beste zeinek iratzar lezake gure kristautasuna mugimendu-falta horretatik, zurruntasunetik, iraganaren zamatik, sormen-faltatik?

Zeinek kutsa diezaguke bere alaitasuna? Zeinek eman diezaguke bere indar kreatzailea, bere bizitasuna?
Jose Antonio Pagola