San Joan Letrango Basilikaren Sagaratzea (2014-11-09)
HOMILIA

Senideok!
Mezako oharpenetan agertu denez, Erromako San Joan Letrango Basilikaren Sagaratzea ospatzen dugu gaur. Ospatu esatean, errealitate bizi bat gogoratu eta bizi nahi dugula esan nahi da. Gogoratu eta bizi.
Alabaina, zein errealitate gogoratzen eta bizi dugu. Jakina, kontua ez da, duela mende asko Erroman Basilika bat sagaratu izana. Hori baino gauza askoz aberatsagoa gogoratzen eta bizi dugu.
Lehenik eta behin, hiru irakurgaietara jo beharko genuke, Eliza (letra handiz) edo eliza (letra txikiz) esatean, zer ulertzen dugun jakiteko. Ondoren, Eliza (letra handiz) edo kristau-elkarte unibertsala esatean, zer ulertzen dugun ikusi beharko genuke.
Lehenik eta behin, Eliza (letra handiz). Jesusek berak esana da: bota eta suntsi ezazue Tenplu hau –Jerusalemeko Tenpluaz ari da– eta hiru egunen buruan berreraikiko dut. Bere buruaz ari da Jesus. Bera da benetako Tenplua. Paulok ere gauza bera esango digu: «Jainkoaren izaera Kristo gizon eginagan dago bete-betean» (Kol 2,9). Jesus bera da egiazko Tenplua. Jesusek berak eskaintzen du bere burua opari bizi eta salbatzaile. Eta Tenplu hori ezin lardaska dezake inork. Ez suntsitu ere. Beti ari da Jesus apaiz-lana egiten: Jainkoa goratzen, Jainkoari eskerrak ematen, Jainkoari erregutzen gizadiarentzat.
Bigarrenik, kristau-tenplu edo elizak kristau-elkartea esan nahi du: Lazkaomendin elkartzen den kristau-elkartea dela, Gipuzkoan fede berean elkartzen den kristau-elkartea dela, mundu osoan fede berean elkartzen den kristau-elkartea dela. Elkartasun hori ez da bizitzen, nahitaez, harrizko eliza eraikin baten barruan. Ez. Txinako fededun harekin, Afrikako fededun harekin… Elizako kide naiz, nahiz elkarrengandik oso urrun bizi. Fedeak, esperantzak, maitasunak, solidaritate-bizitzak elkartzen gaitu Eliza berean.
Hirugarrenik, harrizko eliza (letra txikiz). Auzo bateko ermita koxkor bat edo hiri bateko eliza eraikin ikusgarri bat izan. Lehen hiru mendeetan, kristauek ez zuten eliza izeneko eraikinik elkarrekin biltzeko. Dena den, bere fedea bizi eta agertzeko elkartu beharra sentitu zuten hasieratik beretik, eta ahal zuten lekuan elkartzen ziren. Fedea ezin bizi da bakarka. Elkartean bizitzekoa da. Laugarren mendeaz gero, han eta hemen elizak eraikitzen hasi ziren. Baina nolako elizak? Gogoan izan dezagun: Kristo ez zen gustura gertatu Jerusalemeko Tenpluan. Zergatik? Ez ezazu bihur merkatu-leku nire Aitaren etxea. Zertako da eliza eraikina? Soil-soilik, kristau elkartea biltzeko. Elkarte horrek bere ospakizunak egiteko egokia izan behar du. Beste mila gauza kaltegarri gerta daitezke. Apaindurak, norbaiten eskuzabala agertzeko baldin badira, kaltegarri dira. Funtzionaltasun gutxieneko bat falta badu, zerbaiten faltaren seinalea izan daiteke. Etab.
Azkenik, Letrango Basilikaren Sagaratzea ospatu. Zergatik? Letrango Basilika Erromako gotzainaren katedrala da; Aita Santuaren katedrala. «Munduko eta Erroma hiriko eliza guztien ama eta buru» deitu ohi zaio. Aita Santua munduko kristau-elkarte osoaren batasun-irudi da. Horrenbestez, Basilika hori ere munduko eliza guztien batasun-irudi da. Basilika horrek eta ingurumen osoak gauza askoren oroitzapena dakarkigute: lehen mendeetako martiriak, pertsekuzioari ihes egiteko zulatu zituzten katakunbak, bestelako hainbat kanposantu, beste hainbat basilika, Vatikanoa etab.
Esanguratsua da San Agustinek (Aitorpenak VIII,2) kontatzen duena. Nola konbertitu zen Viktorino filosofoa. Sinpliziano apaizak ez zion sinesten «Kristaua naiz» esaten zionean. «Zergatik?» erantzun zion filosofoak. Eta apaizak: «Ez dizut sinetsiko Kristoren elizan ikusiko zaitudan arte». Esan nahi zion, ez dela aski nork bere burua horrela edo hala ikustea. Pertsona izaki soziala dela, eta agirien beharra duela. Baina behin batean, Viktorino filosofoak irakurri zuen Ebanjelioan: «nitaz eta nire hitzez lotsatzen denaz Gizonaren Semea ere lotsatuko da». Berehala ulertu zuen berarentzat zirela hitz haiek. Korrika joan zen Sinplizio apaizarengana eta esan zion: «Goazen eliza, kristau egin nahi dut».
Eliza nagusia eta egiazkoa, Kristo dela esan dugu. Segidan, kristau-elkartea dela Eliza (letra handiz). Hirugarren, eliza eraikina beharrezkoa dela esan dugu. Fedea agertu egin behar da. Seinaleak behar ditu. Sakramentuak behar ditu. Gizakia bihotz eta haragi da. Ez gara espiritu huts.
Eukaristian, guk ikusteko eta ukitzeko moduko diren ogi-ardotan eskaintzen zaio Jesus Kristo zeruko Aitari. Eta eskaintzen zaigu geuri janari-edaritzat.