MENDEKOSTE IGANDEA B (2018-05-20)

SARRERA

Senideok, Espiritu Santuaren etorrera ospatzen dugu gaur. Pazkoaldiko jai handi bat da Mendekoste. Are gehiago, pazkoaldi guztiaren gailurra da. Espirituaren presentzia geure baitan dugula esan nahi du Mendekoste jaiak. Jesusengan eta lehen kristauengan egin zuen gauza hura bera egiten ari da orain gutako bakoitzarengan, eta mundu osoan.
Juduen aspaldiko jaia da, jatorriz, Mendekoste. Egiptotik ihes egin ondoren, Sinai mendian Jainkoak herriari emandako Legea gogoratzen zuten juduek: Legearen elkargoa, alegia. Pazko ondorengo berrogeita hamargarren egunean ospatzen zuten. Guk, Pazko egunetik berrogeita hamargarren egunean ospatzen dugu Mendekoste, hau da, Espiritu Santuaren etorrera.
Juduek harrian idatzitako legea ospatzen zuten. Kristauok bihotzean idatzitako legea ospatzen dugu.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (2,1-11)

Entzutera goazen Lukasen testuak «Eliza lehertzea» dakarkigu burura. Lehertze-memento hura arte, fededunen elkartea bere baitan bildurik bizi zen, Jaunaren oroipena eginez. Baina, lehertze hartatik aurrera, elkarte misiolari bihurtu zen, Jesusen Espiritua zela medio.
Entzungo ditugun sinboloek ez dute inportantzia handirik: haizea, suzko mihiak edo mingainak; ageriko seinale huts dira; espirituaren presentzia eta mezua unibertsala dela adierazten dute. Gertatu zen hura da gauza ziurra, eta inporta duena; alegia, Jesusen jarraitzaile gutxi eta beldurti haiek, Espirituaren eraginez, apostolu eta profeta bihurtu ziren, eta Jesus berpiztuaren berria ematera jo zuten mundu osora.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (12,3b-7.12-13)

Korintoarrei egindako gutuneko pasarte hau ulertzeko, kontuan hartu behar da testuingurua, hau da, zergatik idatzi zien Paulok gutun hau.
Zehazki, korintoarrek beren liturgi ospakizunetan bizi zuten jendearen zatiketaz ari da Paulo. Horren aurrean, Paulok azpimarratzen die: Jauna bat bakarra dela, Espiritua bat bakarra dela, Jainkoa bat bakarra dela. Ondorioz, bakoitzak eta guztiek egiten dutena guztien onerako behar du izan. Eta horretarako, guztiz garrantzizkoa da Jesusen Espiritua gogoan izatea. Besteak beste, Espirituak ematen digu Jainkoari «Abba, Aita» fedez esan ahal izatea. Espirituak Kristogan txertatzen gaitu. Kristoren baitan bakoitzak bere egitekoa du, baina guztien batasunerako izatekotan.

EBANJELIOA San Joanen arabera (20,19-23)

Hona entzungo dugun ebanjelioaren laburpena: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek. Hartzazue Espiritu Santua».
Senideok, gaur ez dugu ospatzen Espiritu Santuaren jaia. Espiritu Santuaren etorrera ospatzen dugu. Bi gauza desberdin dira.
Espiritu Santuaren jaia ospatuko bagenu, Espiritu Santua zer den argitzen saiatu beharko genuke. Baina ez da hori. Gaur, etorreraz ari gara. Guk geure egitekoa bete ahal dezagun etorri da Espiritua, hau da, mundu guztiari Jesus berpiztuaren berri eman ahal izateko. Horretako, bizia ematen digu Espirituak, bizi-arnasa ematen digu; ahalmena ematen digu, alferkeria, lotsa, beldurra alde batera uzteko. Zatoz, Espiritu Santua, eta emaiozu astindu eder bat gure bihotz lokartuari.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Mendekosteko Espirituak etengabe jarrai dezan Elizako kide guztiok eta bakoitza animatzen: Jesusen espiritua bizi ahal dezagun eta zabaldu. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure mundu honentzat, hainbat tokitan gerran bizi den honentzat: herri guztietan ari den Jainkoaren Espirituak pixkana eraman gaitzan Babelgo dorreko nahasmendua gainditzera, eta Bakearen bidean lehiatzera. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobreen alde, premian bizi direnen alde: Jainkoaren Espirituak, «pobreen aitak», gauzak ondo ikusteko argia eta munduan askatasuna eragiteko adorea eman diezaien. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Duela bi mila urteko Mendekoste hartan bezala, gaur egun ere, herri guztiek uler dezaten maitasunaren eta elkartasunaren hizkuntza, herri batek beste bat mendean hartu gabe. Eska diezaiogun Jaunari.