Joben liburua eta munduko sufrikarioa
Testu: Lapurdi Irrati: Urteko 5. Igandea B (2015-02-08) (www.diocese64.org)
Testu egokitua: D. Amundarain

Mendeak etorri mendeak joan, oihu bat: bere gorputzean, bere ariman urratua den gizakiarena; erantzunik gabe eta zorigaitz pean dagoen gizadiaren oihua.

Joben liburua, oihu hori da. Ez du istorio bat kontatzen, zuhurtziazko liburua da. Job, asmatutako gizon bat da; baina horrelako jendea milioika da munduan.

Job, oinazetan den jendea da; beraz, goiz edo berandu, gutarik bakoitza. Dela ospitaletan, dela beldur edo bakardadean, dela miseria gorrian edo gerlaren bortizkerian: oinazetan denek hitz berak esan litzakete, eta oihu min hauek berak egin.

Job, edozein da, beraz, gutako edozein. Alabaina inork ez du bizi izan horrenbeste zorion eta horrenbeste zorigaitz. Ipuin bat bezala hasten da : Bazen Jordanian Job izeneko gizon bat. Dena ontasun eta zorion, laminek haren sehaska inguratu bazuten bezala.

Fededuna baitzen, bazekien Jainkoak eta Jainkoak bakarrik eman ziola dena: haren emaztea eta haurrak, eder, airos, argi eta elkarrekin ongi etorriak.

Bera jendetasunez betea, oso errespetatua eta aholkulari ezin hobea. Haren aberastasun harrigarria Ekialde guztian denek ezagutua. Eta oroz gainetik, osasun ona.

Baina egun batez, dena desegiten da. Joben fedeak zorigaitzari ez ziola gogor egingo esan zuen norbaitek: gizon zuzena zen Job, bai; baina merezimendurik gabea; bere bizitza osoa hain erraza izan baitzuen; orain ikusi behar, arantzekin zer egingo duen.

Zorigaitzak etorri dira, bat bestea baino handiagoa; makur guztiek lehertu dute Job. Azkenean deusik gabe gelditu da: ez familiarik, ez etxerik, ez haurrik, ez ontasunik, ez osasunik, ez indarrik; gorputz guztia zauri, jende guztiak bazter utzia.

Gauza bat bazuen: emaztearen iseka eta burla, jendearen laidoak eta irainak, haurren erasoak. Esan bezala gertatu da. Ikusiko da zer ikusiko dugun, esan zen norbaitek, eta ikusi da… baina ez norbait hark pentsatu zuena.

Job itxaropenez beteko gizona da, eta hura itxaropenari eutsi eta eutsi, atxiki eta atxiki. Itxaro eta espero du, eta zuzentasuna du itxaro eta espero. Gertatzen zaiona, ez baita zuzena. Eta mintzo da: bizi baita, eta hitza bere baitu. Eta mintzo da, ahalmen guziaz, oihu, negar, garrasi. Eta mintzatzeko agintzen dio Jainkoari: «Oihuka nago eta zu isilik».

Eta bere lagunei esaten die: «entzun ondo nik esana, emadazue kontsolamendu hori… isilik egoten bazarete, orduan bai zuek jende zuhurra» (Jb 21,2; 13,5).

Jainkoa agertu arte ez da isilduko; dohakabeen oihua entzuten du Jainkoak. Jobek badaki Jainkoak entzuten duela eta agertuko zaiola.

Azkenean, haren iraupenak izan du saria: Jainkoa agertu zaio, Jainkoa mintzo zaio. Eta orduan da Job isiltzen, orduan lasaitzen.

Istorio honen irakaspena? Jainkoak ez du gure kantiken musika goxoa bakarrik maite. Dohakabeen oihuak entzuten ditu eta onartzen. Baina hori ez dugu aski. Zertako sufrikarioa ? Nondik dator? Nork bidaltzen digu? Eta zergatik Jainkoaren isiltasuna ?

Hitz miragarriez denak salatzen ditu Jobek, eta gainean duen zuzengabekeria errepikatzen. Lagunek aldiz, beren argitasun eta gogoetak ateratzen dituzte, orain ere entzuten direnak: –sufrikarioa?, Jainkoaren zigorra. Zigorra?, bekatuaren ondorioa. Eta Jobek ezetz eta ezetz, ez duela bekatu egin.

Eta lagunek, berriz: Job bi aldiz zigortua: bekatua egin eta gero hura uka! Aski esana baita: onak sarituak eta gaiztoak zigortuak! –Sufrikarioa?, bertutea ikasteko bidea, edo bestela esateko: ongi maitatua, ongi zigortua.

Adibidez, lagun batek dio: «Dohatsua Jainkoak zentzatzen duena! Ez mespretxatu Ahaltsuaren heziketa. Hark du zauritzen, eta hark zauria lotzen; hark jotzen eta haren eskuek sendatzen» (Jb 5,17-18).

Liburu osoan zehar, Jobek arrazoi ahul horiek desegiten ditu. Bere bakardadean botatzen dioten hitz-jario hutsal hori behingoz isildu dadin nahi luke, eta Jainkoa zuzena dela errepikatzen du.

Berak bide ederra egingo du: liburuaren hasieran, beti eta beti errepikatzen du: «Ez dut bekatu egin! Jasaten dudana ez da zuzena», eta ez da ohartzen, bere lagunen logika berean erori dela. Eta, pixkana-pixkana, bere bizitzaren esperientzia heldu zaio gogora: ez ote ditu gaizkile asko airoso bizitzen ikusi ?, eta jende zuzen eta hobengabe asko infernuko bizitza jasaten?

Ez, ez da zuzentasunik. Azkenean Jainkoa mintzatzen zaio : ez dio Jobi haserre hitz egiten haren lagunen arrazoiak ditu desegiten. Dio Jainkoak: «Job bakarrik da nitaz ongi mintzatu». Esan nahi baita, oihu egitea, aurre egitea, jarrera zuzena dela. Gero, Kreazioa mirestera eta bere jakingabetasuna aitortzera gonbidatu du Job.

Aita batek bere haurrari irakasten dion bezala, goxoki, baina fermuki, Jainkoak dio: «nire gogoetak ez dira zuenak». Haren zuzentasuna ez baita gurea, ez dugu haren kontra egiterik. Job gizon zuzenak, ongi ulertu du erakaspena; aitortu du: «Jakin gabe mintzatu naiz konprenitzen ez ditudan misterioez… Ni ez naiz gai; zer erantzungo dizut?» (Jb 42,3; 40,4).

Bukatzean, Joben liburuak ez du sufrikarioari argitasunik ekarri. Baina bidea erakusten digu. Geure oihuak ez isildu, baina konfiantzari eutsi, atxiki, eta Jainkoaren eskua estutu, gurekin baitago munduak dirauno. Claudel-ek dion bezala: «Jesus ez da sufrikarioa esplikatzera etorri, baizik hartan bizitzera».