Urteko 24. igandea A (2014-09-14
Gurutzearen Gorapena
HOMILIA

Anai-arrebok!

Duela alditxo bat, ez oso luzea, egun gutxiren barruan, bi lagunek galdera bera egin zidaten: zertan jarraitzen dugu geure elizetan gurutze handi horiek mantentzen? Tragikoa eta izugarria iruditzen zitzaien hori.

Gerta daiteke tragikoagoa eta izugarriagoa izatea, gurutze horiek berak baino gehiago, gurutze horren inguruan kristauek egin beharrekoaz, kristauok ikasi eta irakatsi izan duguna izatea. Zer egitera eragiten digu Jesusen gurutzea aintzat hartzeak?

Gaurko ebanjelio-zatia Jesusek eta Nikodemok izan zuten solasaldikotik hartu dugu. Nikodemo gizon jakintsua da. Asko daki juduen ohiturez, arauz eta legeez. Baina Jesus agertzen ari zaionaren aurrean, beste mundu batekoa dela ematen du. Adibidez, «Ezin du inork Jainkoaren erreinua ikusi, berriro jaiotzen ez bada», esaten dio Jesusek. Eta Nikodemok: Nola jaio berriro zaharra izanik? Eta Jesusek Espirituaren berri ematen jarraitzen du. Beste ikuskera bat da Jesusena. Beste mundu bat. «Lurreko gauzez esaten dizudana sinesten ez baduzu, nolatan sinetsi zerukoak?»

Jende askok uste du, eta kristauok eman izan diogu horretarako bidea, Jesus bera eta Jesusen irakatsiak eta Jesusen misterioa munduan erabiltzen ditugun taulen, eskuliburuen, entziklopedien, irizpideen arabera hartuz ulertuko ditugula.

Esaterako, izugarria izan da gurutzearen, oinazearen, sakrifizioaren inguruan ikasi eta irakatsi eta egin izan ditugun aldrebeskeriak. Adibidez, Avilako Teresak, artean neska koxkorra zela, etxetik alde egin zuen, mairuen lurraldera joateko, han martiri hiltzeko. Horren kontra, joan den astean TVEn ikusi genuen pelikulan erantzun ederra entzun genuen Casaldaliga gotzaiaren lekua hartzen zuenaren ahotik. Jasaten ari ziren hainbat pertsekuzioren artean, martiri hil nahian ote zebilen galdetu zioten, eta erantzuna: «Martiri izatea Jainkoak ematen du».

Teresak egin zuenaren haritik, gauza asko aurkituko genuke kristauon bizitzan. Zer zen garai batean geure buruari ezartzen genion diziplina? Ez du zentzurik sufritzeagatik sufritzeak.

Ez da zuzena esatea, jatorrizko bekatua dela bide, kondenatua zegoen gizadia berrerostera etorri zela Jesus. Ez da egia, gure ordez, zeruko Aitari guk zor dioguna ordaintzera etorri dela. Ez da egia, munduan gertatzen diren hondamendiak eta gerlak, Jainkoak bidalitako zigorra direla.

Halaz guztiz, gure liturgian hor jarraitzen dugu horien antzekoak diren gauzak esaten. Adi egon beharko genuke zer esaten dugun zuzen eta zer oken. Beldurra ematea da «Jesusen gurutzea adoratzen dugu» esatea bera. Askoz ardura handiagoa izan beharko genuke geure debozio partikularretan esaten eta egiten ditugunak.

Baina nola hartu behar dugu Jesusen gurutzea?

Ez dugu goratzen gurutzea bera, ezta sufrimendua ere, ezta odola ere. Gurutzean Jesusek agertu digun maitasuna dugu goratzen, sinesten, esperantza-bidetzat hartzen. Jesusek ez zuen gogoko gurutzea; saihestu egin nahi izan zuen. Zeruko Aitak ere ez zuen gogo gurutzea, ez Jesusentzat, ez beste inorentzat. Ez da Jesusengan inolako ikuspegi masokistarik: sufritzeagatik sufritzera eragiten dionik. Jesus ez da hil zeruko Aitaren haserrea baretzeko. Ez da hil gu erosteko. Ez da hil gure zorrak ordaintzeko. Zeruko Aitak ez gaitu inoiz zorduntzat hartu. A, zer astakeria! Hartu dugun bidea ez dela zuzena agertzeko hil da Jesus. Ez gabiltzala bide zuzenetik adierazteko. Eta bide onera jotzean izango ditugun zailtasunetan, bera bidelagun izango dugula agertzeko. Zeruko Aitak oso pedagogikotzat hartu du Jesusen ikasbide hori. Beheratu goratzeko.

Beste zergatik hartu du Jesusek gurutzea? Gurutzea ez da egur-puska handi bat bakarrik. Gorrotoaren, indarkeriaren, krimenaren testigu mutua da gurutzea, baina esanahi handikoa, irakurtzen dakienarentzat. Bizia mugatu izanaren testigua da gurutzea. Jesus ez da ibili gurutzearen bila. Gurutzean jendeak ukatzen, suntsitzen eta desegin duen espirituaren, arnasaren bila ibili da Jesus. Biziaren bila ibili da. Jesusi ezarri dioten gurutzea, mundu osoarentzat biziaren bila ibili izanaren ondorioa da.

Lehentxeago aipatu dudan pelikulan, besteren lurren jabe egin nahi zutenek, ondo asko zekiten lider nagusia Pedro Cadaldaliga gotzaina zela; baina ez ziren ausartu hura hiltzera, une batean ahalegin bat egin bazuten. Baina ez; jakinaren gainean ziren Paulo VI. aita santuan idatzi zienaren jakinaren gainean: «Padro Casaldaliga ukitzea ni neu ukitzea izango da». Hargatik, Gotzainaren ondoan, ekintzailerik handienak zirenen kontra jo zuten lur-jabe handiek. Biziaren alde ari zirenen kontra. Espirituaren, arnasaren, bizikidetasunaren bila zebiltzanen kontra. Ez zuten gurutze handi batek beharrik. Aski zuten pistola. Aski zuten bertakoen lastozko txabolei su ematea.

Senideok, gurutzea goratu esaten dugunean, jakin dezagun zer goratzen dugun: ez gurutzea bera, ez sufrimendua, ez odola, ez heriotza.

Gurutzeak adierazten duen biziaren bila ibiltzea goratzen dugu. Heriotzaren kontra ibili nahi izatea. Sufrimenduaren kontra ibiltzea. Jakinik, norberaren eta besteen zerbitzurako beheratzen dena, goratu egingo duela zeruko Aitak.